Edukira zuzenean joan

Chillida 1948-1998

katalogoa

Erliebeak: Grabitazioak

Tomás Llorens

Izenburua:
Erliebeak: Grabitazioak
Izenburu originala:
Chillida 1948-1998
Egilea:
Tomás Llorens
Argitalpena:
Madril: Museo Nacional Reina Sofía/Aldeasa, 1999
Neurriak:
31 x 25 cm.
Orrialdeak:
416
ISBN:
84-8026-129-3
Lege gordailua:
M-14011-1999
Erakusketa:
Chillida 1948-1998
Gaiak:
Pertsonaia mitologikoak | Artea eta espazioa | Artea. Teoria | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Forma
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Chillida Juantegui, Eduardo

1. Pergamo

Atzealdeko borrokalaria izanik, eskultorea atzera begira ibiltzen da. Bere jomuga ez dago geroan, jatorrian baizik. Ez dago anamnesi saiatuagorik, buruz buruko borroka ankerragorik gorputzean barrena, errukiaren eremuaz gaindi, eusten dueneko horretan, izenik edo irudirik gabeko etsai azterezinean barrena egiten duen murgilaldia baino.

Oroimenaren irismena atzerantz luzatzea, harria markatu, behartu eta garaitzea, mitoan izena baino ez zuen huraxe gorpuzteko: horixe izan zen Pergamo-ren garaipena. Erliebea dugu eskultorearen paradigma eta eskala. Ganbara harretan saiatzen ditu bere sareko armak, hariak eta korapiloak (lerroak eta angeluak esango zuen gerora L. B. Alberti-k).

Harritzekoa da eskultura sortu zenetik gaur egunera bitartean zein gutxi aldatu den, pinturarekin erkatuz gero. Badirudi, omenaldiekin lotura estua izanagatik ere, historiarik ez duela, edo historiari aurre egiten diola. Eskulturak historiari aurre egite hori gorputz-fardel modukoa izateari zor dio, hau da, bitartekorik gabe eta hitzaldiaren irudipenari iragazkaitz zaiola agertzeko moduari. Filosofo erromantikoek finkatutako arte-sistema haietan eskultura poesiari kontrajarria agertzen zaigu, pintura delarik bien arteko erdibidea, materia hitzari, jatorria geroari eta egungoa gerta daitekeenari kontrajartzen zaizkien bezalaxe. XX. mendean, pinturak auzitan jarri du Errenazimenduko antzezpen-eremua, eta eskulturak, berriz, materiarekin lotzen zuten antzinako erroak arakatu ditu. Halere, inork ez du lan hori Eduardo Chillida-k bezainbesteko sakontasunez burutu. Hortik datorkio grabitatearekiko grina, horixe baita gure gorputzaren bidezko esperientziaren lehen baldintza fenomenologikoa.

Chillidaren Grabitazioak erliebeak dira, eta halakotzat ulertu behar dira. Erliebeetan saiatzen ditu eskulturagintzak berezkoak dituen tresnak, laborategi bat bailiran; materia bereganatzeko lerroa beste tresnarik ez baitu. Eskulturako lerroak ez du irudizko espaziorik irudikatzen (pinturakoak ez bezala). Mugatu egiten du, materia solidoa non bukatzen den eta airea non hasten den zehaztuz, hau da, gorputzaren eta bere mugimenduaren arteko muga zehaztuz (Pergamoko aldarean bezala).

2. Hermes eta Itsasoa: Eguna

Jauregiko atalasaren eta hiriko ateez gaindi luzatzen da Hermes-en jabegoa. Bideen gordetzaile eta gurutze-bideen nagusi, jainkoak hiri batetik bestera joatea ahalbidetzen die hiritarrei.

Baina itsasoa, hiri guztien ama, dugu bide guztiak eta bide-forma guztiak agintzen dizkiguna. Eskultorea zelatan egoten da, lerroon kopurua lapurtu nahian. Ez dago horretarako eguerdia bezain une egokirik, haizea leundu egiten den tartean. Airearen eta uraren arteko bereizketa edertasunez gainezka agertzen zaigu. Baina berekin dakarren distirak agerian uzten du ezin ukituzkoa dela. Airea eta ahotsa –izena–, perfektuaren iraunkortasunetik haraindi dauden formarik ederrena.

Lerroa, formaren sorlekua, oroimenean sortua da aldi berean kinestetika: gorputza eta mugimendua.

Lehenbiziko lerroa, zeruertzeko forma guztien jatorria, zutik urrutira begira gaudela, gure gorputzak osatzen duen bertikaleko lehen lerroa da [Chillida: Zeruertzaren Gorazarrea (Elogio del Horizonte)]. Bi lerroak kontrajarriak daude finkoa eta higikorra, ahal dena eta badena bezala. Zeruertz hutsa, eguerdiko argiak argitutako itsaso barearena, mugarik gabe daitekeenaren irudia da eta betierekotasunarena ere bai (Rimbaud, Elle est retrouvée / Quoi? L’Eternité / C’est la mer allée / Avec le soleil).

3. Enpedokles eta Etna: Gaua

Nor dugu beti birritan agertzen zaigun hau, batean bere burua aurkeztuz, eta bestean bere buruaren aurkakoa?

Gaua etortzean beltzez jantziak Enpedokles-engana abiatu dira bi ahizpa bikiak eta ateratzera gonbidatu dute. Hiriko ateetatik urruti, gorputz zaharrena zutik dago; iturrien jarioaz gaindi garaile jarraitzen duen hori, noraezean dabiltzan zenbakiena.

Bideskako lerroa behin eta berriro agertzen zaigu. Jakitunak aurkitzen duena, –eskultoreari murgiltzean gertatzen zaion bezalaxe– bikia da beti.

Eta honela, elkarren berdin-berdinak eta tolesturen jokoaren pean ukiezinezkoak diren ahizpa biek, gorantz daramate eta bidean artzainek, lapurren beldur, ardiak ezkutatzen dituzten leize-zuloak erakusten dizkiote; untzigileengandik urruti zedrorik antzinakoenak hazten direneko leize-zuloak; zilar, urre eta burdina goriak itxitako lakuak, Endimion-i soilik jakitera eman zitzaion mendi hutseko argi-arrokak ikustera eraman zuten. (Keats. He saw the giant Sea above his head).

Nor dugu beti birritan agertzen zaigun hau, batean bere burua aurkeztuz, eta bestean bere buruaren aurkakoa?

Birritan agertzen da artistaren lanean: aukera bezala behin eta gauzatuta bigarrenean. Logikoa eta ontikoa kontrajartzen dituen bitasun hau giza espezie guztian agertzen zaigu baina areagotu egiten da eskultoreen artean, bere eginahala baldintzatzen duen gorputzarekiko lotura estuaren ondorioz. Enpedoklesek Etnara igotzeko egin zuenaren antzeko eginahala egin behar du. Gauez eta bakardadean, azkenarekin buruz buru. Eta eskultorearen lerroaren badaezpadako hauskortasuna jakintsuak mendien arteko zaharrenetan zehar egiten dituen pausoak bezalakoa da.

[Itzulpena: Guggenheim Bilbao Museoa]