Edukira zuzenean joan

Chillida 1948-1998

katalogoa

Eduardo Chillida-ren biografia

Kosme de Barañano

Izenburua:
Eduardo Chillida-ren biografia
Izenburu originala:
Chillida 1948-1998
Egilea:
Kosme de Barañano
Argitalpena:
Madril: Museo Nacional Reina Sofía/Aldeasa, 1999
Neurriak:
31 x 25 cm.
Orrialdeak:
416
ISBN:
84-8026-129-3
Lege gordailua:
M-14011-1999
Erakusketa:
Chillida 1948-1998
Gaiak:
Giza gorputza | Artea eta espazioa | Artea eta gizartea | Artea eta literatura | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Forma | Materiala | Pisua | Tamaina | Erakusketak | Paris | Pilar Belzunce
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua
Teknikak:
Collage | Marrazkia
Artelan motak:
Arkitektura | Eskultura | Grabatua | Litografia | Obra grafikoa | Xilografia
Aipatutako artistak:
Chillida Juantegui, Eduardo

1924

Eduardo Chillida Juantegui Donostian jaio zen urtarrilaren 10ean.

Gurasoak Pedro Chillida Aramburu, karrerako militarra, eta Carmen Juantegui Eguren zituen eta Zaragoza plazan bizi ziren. Amak soprano ahots eder bezain leuna du eta musikan jarduten du eta artistaren iritziz “maitagarria zen denetan”. Hiru seme izan zituzten: Eduardo, Gonzalo (26-01-12) eta Ignacio (27-07-31). Amona, Juana Eguren Jauregui, gurasoen etxearen ondoan zegoen Biarritz hotelaren jabea eta zuzendaria zen.

Marianistetan ikasi zuen aurrena, eta ondoren Malaxechevarríatarrenean. Azterketak Valladoliden egiten zituen bere kasa.

1936

Udan Camus doktorearen etxera bidali zuten Parisera, handik Melunera bidali zuten eta han zela frantsesez ikasi zuen gerra-garaian gurasoen lagun honen bederatzi seme-alabekin.

1943

Arkitektura-ikasketak egiteko prestatzen hasi zen Donostian eta azterketak Santiago Compostelakoan egiten zituen. Handik Madrilgo Unibertsitatera joan zen ikasketak egitera eta Jiménez de Cisneros ikasle-egoitzan izan zen.

Izen handia hartu zuen Errealeko atezain gisa. Belauneko lesio baten ondorioz futbolean jokatzeari utzi behar izan zion.

1947

Arkitektura-ikasketak utzi eta Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan hasi zen marrazten. José Martínez Repullés-ek, aitaren laguna, semeek arterako zuten grina bultzatzearren bere eskultura-lantegian sartu zuen. Bertan konturatu zen “ez zituela eskuak buztinean sartu nahi”, buztina ez dela beretzako material egokia.

Bere lehenbiziko eskultura-piezak egin zituen.

1948

Parisera aldatu zen urrian, eta han logela bat eskuratu zuen unibertsitate-hiriko Espainiako Kolegioan. José Guerrero eta Eusebio Sempere ezagutuko zituen bertan.

Igeltsuzko lehenbiziko piezak egin zituen, Louvren zegoen Greziako eskulturarenganako miresmenak bultzata. Orduan hasi zen Pablo Palazuelo-rekiko adiskidetasuna, asko lagundu baitzion Chillidari bere hasierako trebakuntzan.

1949

Bernard Dorival, Musée d’ Art Moderneko kontserbatzaileak Forma eskultura aukeratu zuen Parisko Maiatzeko Saloian aurkezteko. Garai hartan Jean Cassou zen museo horretako zuzendaria eta lotura estua zuen Ucelay eta beste zenbait euskal margolarirekin.

1950

Pilar Belzunce-rekin ezkondu zen uztailaren 28an Donostiako Aiete auzoko elizan. Urrian Genarelli eskultore italiarraren etxera aldatu ziren, Seine-et-Oise eskualdeko Villainnes-sous-Bois herrira. Bilboko Paco Durrio eskultoreak ere han zuen bere estudioa.

Maeght galerian egingo zen “Les Mains Eblouies” erakusketarako Chillidaren bi pieza aukeratu zituen Louis G. Clayeux-ek: Gorputz-enborra (Torso) eta Itxuraldaketa (Metamorfosis). Lehen pieza harrizkoa da eta St. Paul de Vence-ko Maeght fundazioan dago gaur egun. Itxuraldaketa deuseztu egin zen.

1951

Apirilean Guiomar jaio zen, bere zortzi seme-alabetako lehena.

Urrian Euskal Herrira itzuli ziren behingoz eta Eduardoren izeba batena zen Vista Alegre etxean jarri ziren bizitzen, Hernaniko Florida auzoan. Manuel Illarmendiren sutegian hasi zen Paco Celarain eta Agustín Arrieta laguntzaile zituela. Eskultorearen arabera: “eskulangileak beti daki emaitza zein izango den, baina artistari ez zaio balio badakiena, jakin nahi duena behar du”. Parisen egindako zenbait lan itzulerako bidean puskatu ziren. Parisen poliki-poliki landutako piezak (gorputz-enborrak, gorputzak, zaldun bat eta Itxuraldaketa) hauste horrek badirudi etapa berri bati hasiera eman edo beste zeregin bati ekiteko aukera dakarrela.

Azaroan burdinazko lehen pieza egin zuen, Ilarik. Berokuntzaren bidez landu zuen, eta behi-adarraren hautsa erabili zuen erdoilketa eragozteko.

1952

José Cruz Iturbe hartu zuen laguntzaile, Vista Alegreko garajean egokitutako sutegirako. Laguntza ile horrekin burdina pudelatu bila ibiltzen zen Gipuzkoako txatartegietatik.

Lehenbiziko collage-ak landu zituen paperen bat etortze moduan, bolumena ezezik espazioa ere osatzen duten gainazalak osatuz: forma-mugimenduaz mintzo zaizkigu. Aldi berean, zenbait marrazki mozten hasi zen, eta guraizearen lerroaren bidez paperean espazioaren dinamizazio berri bat sortzen. Honen eredu gorena 1960an egindako Correlation litografia dugu.

Hernanin bizi bada ere, Parisera bidaia ugari egiten jarraitzen du.

1953

Abenduan Pedro jaio zen. Kontrapuntua (Contrapunto) egin zuen: aitzurrez osatutako collage baten moduko erliebea. Urte honetako piezek espazioa berrantolatu egiten dute industria eta nekazaritzako tresnen bidez (laiak, aizkorak, eta abar).

Ordura arteko collage-etan espazioa paperaren mugetan eta muga horiekin batera, bere testuarekin eta ehundurarekin osatzen zen, oraingoan, berriz, espazioa burdinaren bidez jorratzeari ekingo dio, ingurunea auzitan jarriz edo dinamizatuz. Honen eredu ditugu Esferetako musika (Música de las esferas) I, espazioa zauritzen duen astrolabio baten antzera, edota Barrutik (Desde dentro) –New Yorkeko Guggenheim Museoak erosia–, zintzilikatu beharreko piezen erakusgarri.

Txorien izpiritua II (Espíritu de los pájaros II) lanak bi kokapen izango ditu, egonkorra bata –3 puntutan bermatua– eta zintzilik bestea.

1954

Haren anaia Ignacio moto-istripuan hil zen, Zornotzako El Gallo bihurgunean.

Espainiako banan-banako lehenbiziko erakusketa egin zuen apirilaren 19 eta 30 bitartean, J A. Llardent-ek zuzendutako Madrilgo Clan galerian. 13 eskultura, 8 marrazki eta Vivaldiren omenezko 4 pieza (arbelean grabatutako marrazki bat, arkatzez egindako marrazki bat eta bi collage) egon ziren ikusgai, eskultura baterako egitasmo batez gain.

Maiatzean Ignacio jaio zen. Abenduan bere ama Carmen hil zen.

Arantzazuko santutegirako lau ateak egin zituen, Zumaiako portuko material-hondarrak eta Patricio Echevarríako xafla batzuk erabiliz, “Don Patriciok” berak kendu zien soberakina, eskultoreari non jo behar zuen esanez. Lan honetan Josetxo García izan zuen laguntzaile.

Bernako Museoko zuzendaria, Arnold Rüdlinger, Hernaniko lantegia ikustera etorri zen.

Milango X. Trienaleko ohorezko diploma jaso zuen, Ramón Vázquez Molezún arkitektoak gonbidatuta. Parisko Denise René galeriaren Premier Salon de la Sculpture Abstraite-ean Barrutik (Desde Dentro) lana egon zen erakusgai.

1955

Fleming-en aldeko Monumentua (Monumento a Fleming) harrizko lana egin zuen Donostiako Ategorrietako lorategirako. Hainbat urtetan utzia egon ondoren, Kontxako pasealekuan kokatu zuten 1991ean, ingurunea Joaquín Montero arkitektoak eraberritu ondoren.

Arnold Rüdlinger-ek aurreko urtean aukeratutako hainbat lanen erakusketa Bernako Kunsthallen.

Urrian Carmen jaio zen.

Ikara-burdinak I (Hierros de temblor I) egin zuen. Lan honetan lehenbiziko aldiz moztu zuen burdinazko xafla , 60ko hamarkadako lanean hainbesteko garrantzia izango zuen espaziozko marrazkia irudiztatzen zuen ebakia osatuz.

1956

Haren aita Pedro hil zen.

Lehenbiziko erakusketa egin zuen Parisko Maeght galerian, 27 eskultura erakusgai jarrita. Brontzezko 3 erreplika egin zituen lehenbiziko eta azken aldiz.

Gaston Bachelard-ek (1884-1962) saiakera bat idatzi zuen Derrière le Miroir-en: Le cosmos du Fer, burdina forjatuzko lehen pieza hauei buruz. Eskultoreak zutarri bat egin zuen filosofo frantsesaren omenez.

Garai honetan eginak dira egurrezko oinarrietan bermatutako harrizko Ametsen Ingudeak (Yunques de Sueños) piezak. Oinarria ez du erabiltzen pieza ingurunetik isolatzeko eta ingurune horretatik urruntzeko osagai gisa; aitzitik , bere baitan, neurria eta egitura ematen duen zutabe izaeraren batasunean, osagai aktiboaren eta ez oinarri soilaren eta pasiboaren esanahia hartzen du.

1957

Hernanitik Donostiako Mirakruz gaineko Villa Pazera aldatu ziren. Etxezainen etxean estudioa egokitu zuen sutegiarekin batera.

Ikaraundi lana burutu zuen espazioan lerroak planoetan osatzen duen dardara marraztuz: ez armazoirik ez egitura espazialik, bere ibilbidearen joan-etorrian finkatutako indar bat besterik ez da forma. Burdinaren eta forjaren mundua dugu, errementarien mundu aktiboa, ez brontzearena edo galdategiarena.

1958

Veneziako 29. Bienaleko Nazioarteko Saria jaso zuen, eta pinturari zegokiona Marc Tobey margolari estatubatuarrak.

Pittsburg-eko Carnegie Institute-ek Aizean lana erosi zuen.

“Sculpture and Drawings from Seven Sculptors” erakusketa New Yorkeko Guggenheim Museoan. Museo horretako zuzendari J. J. Sweeney-ren eta Edgar Varese musikariaren adiskide egin zen.

Maiatzean Susana jaio zen.

J. J. Sweeneyk, Mies van der Rohe-k, Grace Morley-k, William Hartmann-ek eta Jean Burchard-ek osatutako epaimahaiak “Graham Foundation Award for Advanced Studies in the Fine Arts” saria eman zien José Guerrero-ri, Wilfredo Lam-i, Norbert Kricke-ri eta Chillidari.

Lau artista hauek erakusketa egin zuten Chicagoko Graham Foundation-en. Frank Lloyd Wright ezagutu zuen.

1959

Egurrezko lehen eskulturak egin zituen. Abesti Gogora I gaur egun Houstongo museoan dago ikusgai.

Kasselgo II Dokumentan hartu zuen parte, Alemanian arrakastarako bidea irekiko zion lehenbiziko urratsa.

Altzairuzko lehen lana egin zuen: Mugen Marmarrak IV (Rumor de Límites IV), eta lehen akuaforteak, burdinaren dardara paperera aldatuz: Glissement des Limites.

1960

Kandinsky saria jaso zuen.

Egur bloke handiak lantzen jarraitu zuen.

Carola Giedion-Welcker-ek interesa erakutsi zuen euskal artistaren lanarekiko, eta haren berri emango zuen bere argitalpen guztietan.

Martxoan María jaio zen.

Alberto Giacometti-ren adiskide egin zen.

1961

23 eskultura eta berunez grabatutako 7 harri biltzen zituen erakusketa Parisko Maeght galerian. Katalogoa J J. Sweeneyk idatzi zuen. Georges Braque-k olio-pintura bat eman zion Ametsen Ingudea II (Yunque de Sueños II)-ren truke .

Franz Meyer, Chagallen alabaren senarra eta Ilarik eta Ikaraundi erosi zizkiona, Basileako museoko zuzendari izendatu zuten.

1962

Rüdlirger-ek bi erakusketa antolatu zituen Bernan, bata Chillidaren 32 eskulturarekin eta bestea Marc Rothko-ren margolanekin. Katalogoa Franz Meyerrek idatzi zuen.

Marmolez egindako lehenbiziko erliebea.

Bere lehenbiziko goreslea izandako Gaston Bachelard filosofoa hil zen.

Irailean Luis jaio zen.

1963

Greziarako bidaia Louis G. Clayeux-ekin, Christine eta Jacques Dupin-ekin eta Pilirekin batera.

Italiarako bidaia, Erroman Medardo Rosso ikusteko eta Piero della Francescaren bila aritzeko Umbrian eta Toscanan zehar. Bidaia Frantziako Provencen amaitu zen.

Argia eta arkitekturarekiko interesa sortu zitzaion, eta mugatze kontzeptuaren ingurukoa. Kartografiaren moduan, lurreko espazio kurbatua mapa lau bihurtzeko irtenbiderik gabeko arazoari, beste konponbide bat emango zitzaion Mercatorren proiekzioaren asmakuntzari esker. Chillidak bere lanean darabilen espazioari buruzko filosofiak mugarri berria ekarri zuen: muga-kontzeptua.

1964

Carnegie Eskultura-Saria Pittsburgen.

Parisko Maeght galerian burdinazko lanez eta egurrezko 3 lanez osatutako erakusketa egin zuen, Carola Giedion-Welckerren La poesie de l’espace chez E. Chillida katalogoaz lagunduta.

Abesti Gogora IV egin zuen. Eskultura Cuencako museoan dago gaur egun.

Martxoan Eduardo jaio zen.

Uztailaren 28an Maeght fundazioa inauguratu zen St. Paul de Vence-n. Fundazioko eraikina Estatu Batuetan erbesteratutako José Luis Sert espainiar arkitektoak egina da.

1965

Kandinsky-ren omenez (Homenaje a Kandinsky) alabastrozko lana egin zuen. Material horrek argiarekin eta arkitekturarekin bat egiteko aukera ematen dio.

Akuafortez egindako irudiak André Frenaud-en Le Chemin des Devins libururako. Lan honen ondoren grabatuak egiteari utziko zion zenbait urtez, eta tintaren iluntasuna albo batera utzita, alabastrozko lanak egiteari ekingo zion. Azken lan hauen artean hiru motako piezak bereizten dira: baxuerliebeak, Argiaren gorazarreak (Elogios de la Luz) eta Arkitekturaren gorazarreak (Elogios de la Arquitectura).

Erakusketa Londresko Tunnard Gallery-n; Roland Penrose-ren katalogoaz lagunduta.

Erakusketa Carl Haenlein-ren zuzendaritzapeko Kestner Gesellschaft-en.

1966

Duisburg hiriak emandako Wilhelm Lehmbruck saria eskuratu zuen saria ematen zen lehenbiziko aldian.

Providenceko (EEBB) Art Institute-ren saria.

Ipar Renania-Westfalia erkidegoaren Arte Ederretako Sari Nagusia jaso zuen.

38 eskulturez eta lan grafikoaz osatutako erakusketa Duisburgeko Lehmbruck museoan. Katalogoa Gerhard Handler-ek egin zuen.

Urte hasieratik Galiziako Budino harrobietan aritu zen lanean Nicanor Carballo harginarekin batera.

Abesti Gogora V egin zuen granitoz Houstongo museorako. J. J. Sweeneyek euskal artistaren atzera begirako lehen erakusketa antolatu zuen bertan, 50 lan, 31 marrazki eta hainbat collage bilduta. Lanok ondoren Uticako eta Saint Louisko museotan egon ziren erakusgai.

1967

Bochum, Nüremberg, Berlin eta Baden Badengo “Egungo Espainiako Artea”-ri buruzko erakusketan parte hartu zuen.

St. Paul de Vence-ko Maeght Fundazioaren eskutik Francois Wehrlin-ek antolatutako “Dix Ans d’Art Vivant” erakusketa.

Bilboko Juan Daniel Fullaondo arkitektoak eta Santiago Amón kritikariak Madrilen antolatutako “Nueva Forma” erakusketetan parte hartu zuen Millares, Palazuelo, Oteiza, Ruiz Balerdi eta Fullaondo, Molezún, Collares, Fernández Alba eta Saenz de Oiza arkitektoekin balera. Erakusketa Jensenek Humlebaecken (Danimarka) antolatutako Louisiana Museumera eraman zuten.

Pierre Volboudt-ek testu bikaina argitaratu zuen, J. E. Cirlot-en gaztelerazko itzulpenarekin. Chillidak idatzitako lehenbiziko aforismo-sortak argitaratu ziren, Aromas (Lurrinak) izenpean.

1968

Basileako museoko hallean Hutsaren Inguruan IV (Alrededor del vacío IV) lana kokatu zuten Calder-en eta Rodin-en lan banaren ondoan.

14 artelan aurkeztu zituen Kasselgo IV. Dokumentan.

Max Holzer-en Meditation in Kastilien liburua irudiz hornitzeko litografiak.

Martin Heidegger-ekin lehen bilkura (1889-1976) Schlss Hagenwill jauregian, Franz Larese-ri eta Heinrich W. Petzet-i esker. Azken honek bilkura horren berri ematen digu Munichen 1983an argitaratutako Auf einen Stern zugehen liburuan.

Abenduan erakusketa egin zuen Parisko Maeght galerian eta erakusketa honek entzute handia eman zion eskultore abstraktuen artean.

1969

Lan grafikoaren eta marrazkien erakusketa Basilean, Zurichen, Amsterdamen eta Munichen, Dieter Koepplin-en eta Carola Giedion-Wekkerren testuez hornitutako katalogoarekin.

Washingtongo Mundu Bankuak altzairu herdoilgaitzez egindako Hutsaren Inguruan V (Alrededor del vacio V) lana erosi zuen eraikinaren barne-patioan jartzeko.

Parisko rue Miollis-ko UNESCOren eraikin berrian 1964-1968 bitartean egindako Haize Orrazia IV kokatu zuten.

Saint Gallengo (Suitza) Erker Pressek argitaratutako Martin Heidegger-en Die Kunst und der Raum lanerako zazpi litocollage egin zituen.

1970

Erakusketa Frankfurteko Kunstkabinett galerian, E. Wuthenow-ek eta Hanna Becker von Rath-ek antolatuta. Erakusketa Parisko Maeght galerian, Franz Meyer-en Notes sur les dessins katalogoaz lagunduta.

Hoffman Laroche Fundazioak Basilean kokatu zuen Oyarak, 1965etik landutako altzairuzko lana.

Hondarribiako Jaizkibelgo golfean Rafael Elósegui-ren omenez (Homenaje a Rafael Elósegui) altzairuzko lana jarri zuten.

Erakusketak Varsovian, Pittsburgen, Zurichen eta Stuttgarten.

Erakusketa urrian Zuricheko Maeght galeria berrian.

Wellington Eskultura-Saria, Madrilen.

Leku izeneko akuafortezko grabatu-sorta egin zuen; eskultoreak egingo zituen neurri handiko lehenbizikoak.

1971

Visiting Professor jardun zuen Massachusettsko Harvard Universityko Carpenter Center for the Visual Arts-en.

Hiri horretan erbesteratuak zeuden Jorge Guillén olerkariaren eta haren alaba Teresaren lagun egin zen.

Eskulturagintzaren soiltasuna nagusituko da, berriro, Traba alabastroan, Euskal Herriko egurrezko giltza zaharren barne-munduari berriro helduko bailion: zabalunearen sekretua bere baitan sortzen duten elkarri giltzatutako bideskaz, bihurgunez eta sakonunez osatutako espazioa.

Hormigoiaren metodoa ikasten hasi zen, José Antonio Fernández Ordóñez ingeniariak lagunduta.

1972

Chillidaren lan grafiko guztiari buruzko erakusketa Ulm-en, Gisele Michelin-en katalogoaz lagunduta.

Ljubljanako (Jugoslavia) Bienaleko Grabatu-alorreko Saria.

Estudioa lekuz aldatu zuen Villa Pazen ondoko etxea, Villa Ingeborg, erostean. Marcial Vidal laguntzaile hasi zen egunerdiko lanaldian.

Suediako Lund hirian, granito beltzez egindako Bakearentzako Zelai-Espazioa (Campo Espacio para la Paz) lana inauguratu zen.

1973

Topagune (Lugar de Encuentros) III eskultura egin zuen 9 tona hormigoi erabiliz. Derrière le Miroir-en lan honi buruzko iruzkina egin zuten Gabriel Celaya olerkariak eta Santiago Amón kritikariak. Material hau erabiliz, bermerik gabe egindako lehenbiziko lana da. 1971ean egindako beste eskultura bat dakar gogora, Topagune II (Lugar de encuentros II). Azken hau altzairuz egina da, eta Madrilen dago ere bai, Plaza del Rey delakoan hain zuzen ere, Kultura-Ministerioaren edo Zazpi Tximinien Etxearen aurrean.

Beste 16 xilografia egin zituen Más allá de Guillén libururako, zenbaitzuetan ez zuen tintarik erabili, eta irudia sakatu hutsez sortzen da.

Joan Artigas semeak zeramika eta lur txamotari buruzko hastapenak irakatsi zizkion St. Paul de Venceko Maeght fundazioko labeetan.

1974

Zutarri bat egin zuen Giacomettirentzat. Eskultura eskultore suitzarraren anaia Bruno Giacometti arkitektoaren bilduman dago gaur egun.

Jorge Guillénen libururako egindako irudiei esker Diana Marina saria eman zioten. Epaimahaia Gianalberto dell’Aqua-k, Remi de Gnodder-ek, Alberto Sartoris-ek eta Franco Russoli-k osatzen zuten.

Pablo Nerudaren omenez egindako Zutarria Teheranen kokatu zuten.

Berlingo Propylaen argitaletxeak Picassori eskainitako omenaldian parte hartu zuen.

Lemoizko zentral nuklearraren aurkako mugimenduaren anagrama eta Munichko Joko Olinpikoetarako hormirudia egin zituen.

1975

Rembrandt Saria jaso zuen Goethe Fundazioaren eskutik.

Euskal Herriko Unibertsitatearen logotipoa diseinatu zuen “eman ta zabal zazu” lelopean.

Cristobal Halfter konpositoreak eskultorearen omenezko lan bat aurkeztu zuen Royango jaialdian.

Altzairuzko Zutarri bat egin zuen Picassorentzat.

Lau akuaforte egin zituen Charles Racine-ren Le sujet est la clairière son corps libururako.

Gurutz III alabastrozko lana Donostiako Santa Maria elizan kokatu zen.

1976

Japoniako Gobernuko Kanpo Arazoetarako Ministerioak emandako lehen Saria jaso zuen Tokioko Grabatuari buruzko X. Bienalean, Euskadi IV akuafortearengatik.

Lemoizko zentral nuklearraren aurkako eta Amnistiaren aldeko mugimenduetan parte hartu zuen, azken mugimendu honen anagrama eginez.

1977

Abuztuan Haize-Orraziak jartzen hasi ziren Donostiako izen bereko ibiltokiaren atzealdeko arroketan. Eskultura 11 tonako pisua zuten altzairuzko hiruna piezez osatzen da. Ondarretako pasealekuaren amaieran itsasoari kendutako zatiaren urbanizazioa Luis Peña Ganchegui arkitektoak egin zuen.

Terrakota lantzen hasi zen St. Paul de Vencen Hans Spinner-ekin batera, lur txamota batez ere. Lurrez, ogi-mamiz eta adreiluz egindako lanak, egur-labea edo elektrikoa erabili arabera, kolore bat ala beste hartzen zuten. Lanotan espazioaren arazotasuna eta zalantzazkotasuna, mugaketa kromatiko beltzez (kupre oxidoaren eraginez) edota ebakien bidez (hainbat tresnez eginak) adierazten da. Lanok Lurrak izenez ezagutzen dira.

José Miguel Ullán espainiar poetaren omenezko lau akuaforte egin zituen.

Portzelanazko erliebe txikiak lantzen hasi zen. Alabastrozko zirriborro bat egin zuen Gasteizko plaza baterako.

1978

Kataluniako Polemologia Insitutuak Bakearen Pau i Treva saria eman zion.

Donostian egoitza duen Eusko Ikaskuntza erakundearen hormirudia diseinatu zuen. Andrew Mellan saria jaso zuen, Wilhem de Kooning-ekin batera, eta sarian eskuratutako dirua Etniker taldeari eman zion.

Topagune III (Lugar de encuentros III) Madrilgo Castellana pasealekuan kokatu zen behin betiko, Martínez Calzón eta Fernández Ordóñez ingeniariek egindako zubiaren azpian.

Chillidaren lehen iloba jaio zen uztailean: Gonzalo Calderón Chillida.

1979

Erakusketa antologikoa Pittsburgeko Carnegie Institute-ean. Leon A. Arkus-ek antolatu zuen eta 60 eskultura eta 140 marrazki bildu zituen.

Grabatuen atzera begirako erakusketa Washingtongo National Gallery-an. I. M. Pei arkitektoa ezagutu zuen.

Zenbait alabastrozko eskultura erraldoi egin zituen, esaterako Itsasoaren gorazarrea izeneko sorta eta zintzilikatzeko lanen arteko garrantzitsuenetako bat: Calder-en omenez (Homenaje a Calder).

Era berean, euskal nazionalismoaren sortzaile izandako Sabino Aranaren omenezko Zutarri bat egin zuen.

1980

Erakusketa New Yorkeko Guggenheim museoan, Octavio Paz poeta mexikarrak idatzitako katalogoarekin.

Erakusketa hori New Yorketik Madrilgo Palacio de Cristal jauregira eraman zuten eta handik Bilboko Arte Ederretako Museora ekarri zuten hurrengo urtean.

Madrilgo Juan March Fundazioan Topagune V (Lugar de encuentros V) eskultura kokatu zuten.

Athletic futbol-taldeko eta Espainiako Futbol Selekzioko atezain izandako Iribarren omenaldirako hormirudia diseinatu zuen.

Gasteizko Foru Plazako maketa eta egitasmoa burutu zituen.

1981

Abenduaren 30ean Topagune IV (Lugar de encuentros IV) kokatu zuten Bilboko Arte Ederretako Museoan, eta Alvaro Líbano arkitektoak diseinatutako erakus-areto berri batzuk egokitu ziren horrekin batera. Lan honek Euskal Herriko garbitoki zaharrak dakarzkigu gogora, uraren isuria eta gizakiek lanean hartzen zuten jarrera egituratzen zituzten harri erraldoiez inguratutako espazioa irudikatzen baitu.

Lehenbiziko Etxeak (Casas) egin zituen: hormigoizko lan handien egitasmoen edo gaien abiapuntu gisa erabilitako lan txikiez osatutako sorta bat.

Arte Ederren Urrezko Domina jaso zuen Madrilen.

1982

Gasteizko Foru Plaza burutu zuen Luis Peña Ganchegui arkitektoarekin elkarlanean.

Valladoliden Guillén-en omenez (Homenaje a Guillén) lana kokatu zuten, Gaztelako Eskultura-museoko hormen kontra, eta izenburuan poetak airearen sakontasunari buruz egindako bertso batzuek erabili zituen.

Erakusketa Basileako Beyeler galerian.

Abuztuaren 10ean Donostiako Igeldo mendiko Intzenea etxera aldatu zen. Aldi berean Zabalaga baserria erosi zuen Hernanin eta Villa Ingeborgeko lantegiko forjan Fernando Miquelarena hasi zen laguntzaile.

1983

Arte Ederretako Europa Saria jaso zuen Estrasburgon.

E. M . Cioran-en Ce maudit moi liburuaren aurkezpena Suitzako Saint Gallen herriko Erker Press argitaletxean.

Erakusketa Bordeleko Gayaren Etxean.

Donostiako Haize-Orraziak Tokion egindako Contemporary Sculpture Symposiumek Henry Moore-ek idatzitako sarrera batez lagunduta japonieraz argitaratutako Sculpture in Public Places liburukiaren azalean agertu ziren.

Oxiebaketen bidez horizontalki kokatu beharreko zenbait lan burutu zituen. Mahaiak (Mesas) izeneko lan hauek eskultura-grabatu handiak bailiran lurretik 37 zentimetrora kokatutako altzairuzko xaflez osatzen dira.

Zuricheko Pendo Verlag Saria jaso zuen Günter Brettschneiderek alemanera itzulitako Leyendas vascas liburuko irudi xilografikoengatik.

Lizardiren Leihoak izeneko altzairuzko eskultura oparitu zion Tolosako herriari.

1984

Frantziako Arteen Sari Nagusia jaso zuen Jacques Lang Kultura-ministroaren eskutik.

Arkitekturaren mahaia (Mesa del arquitecto) lana egin zuen.

Artistari buruzko bi film ekoizten hasi ziren, J. J. Baquedano-rena bata eta Laurence Boulting-ena bestea. Chicagoko Arte Azokako hormirudia egin zuen.

Kosme de Barañanoren Más allá del arte (y) de la Teología liburua ixteko arteka egin zuen.

1985

Ricardo Wolf Saria jaso zuen Israelgo parlamentuaren eskutik. Sari hau Marc Chagall-ek eta Antoni Tápies-ek jaso zuten lehenago.

Kaiserring Saria eman zion Alemaniako Gosslar hiriak. Epaimahaiko zuzendaria Dieter Hönisch izan zen, Berlingo Nationale Galerieko zuzendaria, eta haren hitzetan “1951 urteaz geroztik, burdinezko lehen lan abstraktua egin zuenetik alegia, Europako eskultore garrantzitsuenetakoen artean nabarmentzen da, etengabe eta modu jarraian eta iraunkorrean burututako lan garrantzitsuari esker”.

Chillidaren lan ugari erakusgai egon ziren Diane Waldmannek New Yorken antolatutako “Transformation in Sculpture” erakusketan.

Antoni Tàpiesekin eta Antonio López-ekin batera, Espainiako ordezkari izan zen Europalia 85 zela eta Bruselako Arte Modernoko Museoan egindako erakusketan.

Azaroan eta abenduan burdinen erakusketa garrantzitsua antolatu zen Zurichko Lelong galerian eta, besteak beste, 7 Zutarri erraldoi, zazpi Hormirudi erraldoi eta zazpi Arkitekturaren Gorazarre (Elogios de la Arquitectura) erakutsi ziren, 33 Lur-ekin batera.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina jaso zuen.

1986

Erakusketa Bartzelonako Miró Fundazioan.

Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía inauguratu zen Chillidaren eta Baselitz-en, Twombly-ren, Saura-ren, Serra-ren eta Tápiesen lanekin. Era berean, museoaren logotipoa eta Sofía erreginarentzako domina bat egin zituen.

Frankfurten Goethe-ren etxea (Casa de Goethe) lana kokatu zen. Lan hau gaur egunera arte egindakoen arteko garrantzitsuena da. 35 tona hormigoiz egina dago, eta lehorrean agertzen da, kapera txiki baten antzera, Frankfurteko Opera zaharraren aurrean eta Deutsche Banken eraikin itzelaren itzaletan, bizitasun geometrikoz dardar eginez.

Chillidaren lanari buruzko sinposiuma La Jolla Museum of Contemporary Art museoan. Peter Selz aritu zen moderatzaile eta Leon A. Arkus (Pittsburgeko museoko zuzen daria), J. J. Sweeney (Houstongo museoko eta Guggenheim museoko zuzendari emeritoa), eta Olga Hirschorn (Washingtongo Sculpture Garden museoko zuzendaria) izan ziren hizlariak.

Portugaleteko “Tradiziozko Kulturari buruzko Nazioarteko Topaketetarako” anagramaren diseinua egin zuen.

1987

Príncipe de Asturias Arte-Saria.

Gure aitaren etxea lana, altzairuz egindako 6,5 tonako zirriborro berria, Gernikako Juntetxean kokatu zen, foru-hiria bonbaz txikitu zuteneko 50. urteurrena zela eta.

Gregario Marañón medikuaren omenezko monumentua, Toledoko Cigarral de Menoresen.

Erakusketa Pforzheimen eta Luganoko Pieter Caray galerian.

Ekainean Tolerantziaren omenez (Homenaje a la tolerancia) altzairuzko lana jarri zen Münsterren, Klaus Bussmann-ek eta Kaspar Kónig-ek antolatutako eskulturari buruzko erakusketaren baitan.

Abuztuan Verdienstkreuz gurutzea jaso zuen Bonnen, Henry Mooren ondoren.

Lorenzo il Magnifico saria jaso zuen Florentzian .

Uraren gorazarrea (Elogio del agua) eskultura kokatu zen Bartzelonako Creueta del Coll parkean.

1988

Veneziako Bienal-ak leku berezia eskaini zion Sakona Airea da (Lo Profundo es el Aire) lanari.

Grabitazio izeneko lanen lehen erakusketa Madrilgo Theo galerian otsaila-martxoa bitartean: collage-en norabide berria baino, erliebearen inguruko kontzeptu eskultorikoa ulertzeko modu berria dakarte.

Grabitazioetan paper-zatiak ez dira “kolaz itsasten”, aitzitik, elkarrekiko loturarik gabe gelditzen dira harietatik zintzilik, eta erliebean egituratzen dira. Chillidaren eskulturagintzako une gorena dugu hau.

Gernikan Gure aitaren etxea hormigoizko lana inauguratu zen. 7,8 metroko luzera, 18 metroko perimetro obala, 16,40 metroko zabalera eta 16,40 tonako pisua du lan honek. Elipsearen erdiguneetako batean altzairuzko lorratz bat ageri da, iparrorratz-kutxa bat bailitzan.

Bartzelonako Plaza del Rey-en altzairuzko Topos V lana kokatu zen eta Toledoko Puerta de la Bisagra zaharrean Topagune IV (Lugar de encuentros IV)-en bertsio bat.

Alemanian “Ordre pour le Merite für Wissenchaften und Künste” saria jaso zuen.

1989

Espainiako Arkitektoen Elkargoko Kontseilu Gorenak Ohorezko Arkitekto izendatu zuen.

Ekainaren 10ean Zuhaitz eskultura kokatu zuen Grenoble hiriko Albert Michallon parkean. Arrazakeriaren aurkako 18 tonako altzairu hau, Jacques Langek zuzendutako Kultura-Ministerioak Frantziako Iraultzaren bigarren mendeurrena ospatzeko, Arte Garaikideko Museoa eraikitzen ari zen orubearen aurreko lorategi batean kokatu zen.

“1948-1989 bitarteko Marrazki eta Eskulturen” atzera begirako erakusketa Bonneko Kunstmuseum-ean eta Münsterko Landesmuseum-ean.

Irailaren 7an Musikaz (De Música) altzairuzko lana inauguratu zen I. M. Pei arkitektoak Dallasen egindako Morton Meyerson Symphony Center-en aurrean. Altzairuzko bi zutabez osatzen da lan hau. Zutabeek metro bateko diametroa dute, eta 476 eta 420 zentimetroko altuera hurrenez hurren. 67 zentimetro inguruko eranskin batek elkarrekin lotzen ditu eta, multzo osoa 81 tona corten altzairuz egina dago.

Esekitzeko erliebe moduko Lur batzuk egin zituen, Kontrapuntua (Contrapunto) eta Barrutik (Desde Dentro ) lanetan lehendik ere agertutako erliebe eta esekidurez osatutako munduari berriro helduz.

1990

Veneziako Bienaleak omendu egin zuen, Ca’Pesaro jauregian berari buruzko banan-banako erakusketa bat antolatuz.

Ekainean Zeruertzaren gorazarrea (Elogio del Horizonte) lana inauguratu zen Gijonen. Hormigoizko eskultura honek 10 metroko altuera, 15 metroko luzera eta 12 metroko zabalera du. Egurrezko enkofratuak 40 tonako pisua zuen, eta José A. Bereciartúa-k eta bere taldeak egina da, Jesús Aledo-k egindako 1:1 eskalako poliuretano hedatuzko eredu bati jarraiki. Zeruertzaren gorazarrea, ozeanoa eta hiriko portua ikusmenean uzten dituen atalaia natural batean kokatua dago, Gijongo itsasertza azpian duela.

Euskal Herriko Udako Unibertsitateak sinposium bat antolatu zuen Chillidari buruz. K. de Barañano izan zen zuzendaria eta J. M. Ullán-ek, Cl. Esteban-ek, V. Gómez Pin-ek, T. Llorens-ek, J. Gachnang-ek, K. Bussmannek, J. Dupinek, M. Fath-ek eta Th. Messer-ek parte hartu zuten atzerriko ikerlari ugarirekin batera.

New Yorkeko Metropolitan museoak erakusgai jarri zuen museoko terrazan 1983an altzairuz egindako Bach-entzako Musika-Tresna (Instrumento para Bach) lana.

Erakusketa Londresko Hayward Gallery-n.

Juan Benet idazlearekin batera, Ildefons Cerdá domina jaso zuen Kataluniako Ingeniarien Elkargoaren eskutik.

1991

Alberto Giacomettiren oroimenezko testu bat idatzi zuen, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían artista honi buruz inoiz egindako atzera begirako erakusketa handienerako.

Berlinen artistari buruzko erakusketa bat antolatu zen, Martin-Gropius-Bau eraikin osoa hartuta.

Basileako Kunsthallen hiri osoan zehar sakabanatutako piezak bildu eta erakusketa bat antolatu zen Thomas Kellein-ren zuzendaritzapean.

“Zabalaga” beka eman zion Koldo Jauregi eskultore gazteari.

Japoniako Kritikarien Elkarteko Inperioko Saria jaso zuen Ingmar Bergmann zine-zuzendaria, Balthus margolaria eta Gae Aulenti arkitektoarekin batera.

Kosme de Barañano-k “Chillida Íntimo” erakusketa antolatu zuen Madrilgo Errege-Akademiako Kalkografian ehundik gora pieza bilduta, besteak beste familiari buruzkoak, dominak, gurutzeak eta abar. Erakusketaren inaugurazioan Espainiako errege-erregina izan ziren.

Ekainean Revillagigedo jauregian Nazioarteko Erakusketa-Gunea inauguratu zen Gijonen artistari buruzko atzera begirako erakusketa batekin: “Chillida: Escala Humana”. Kosme de Barañanok eta Joaquín Montero-k elkarlanean jardun zuten eta Azaroaren 18tik aurrera Bilboko Rekalde Aretoan egon zen erakusgarri.

1992

Martxoan: Andrea eta Patricia ahizpa bikiak jaio ziren. Beste bi jaiotza hauekin 18 iloba dituzte guztira Chillida Belzuncetarrek.

Apirilaren 1ean Tolerantziaren aldeko Monumentua (Monumento a la Tolerancia) lana inauguratu zen Sevillako Muelle de la Sal kaian. Sefarad Elkartearen diru-laguntzaz egindako 1980ko egitasmo honek 5 metroko altuera eta 12 metroko zabalera du. Abside itxurako iradokizun formaletik hedatzen den besarkada bat irudikatzen du; beso batek –erdi-puntuko keinua duena– lurrera erori eta, bertan oinarrituta, zerurantz altxatzen da, Inkisizioaren egoitza izandako gazteluari bizkar emanez.

Ekainaren 29an euskal artista honi buruzko lehen erakusketa egin zen bere jaioterrian. Kontxako Badiaren gaineko Miramar jauregia eta jauregiko lorategi osoa hartu zituen erakusketak, eta guztira 1946-1992 bitarteko lanak bildu ziren: marrazkiekin hasi eta altzairuak arte.

1993

Urtarrilean Cambridge-eko (Massachusets ) American Academy of Arts and Sciences-ko kide izendatu zuten, eta Abenduan New Yorkeko Academy of Arts and Letters-eko kide.

Martxoan Adrián Iglesias Chillida jaio zen, ekainean Eduardo Chillida Álvarez eta uztailean Rocío Chillida Bergareche.

Erakusketa Frankurteko Schirn Kunsthalle galerian, Thomas Messer-en zuzendaritzapean. Elkarrizketa-Tolerantzia (Diálogo-Tolerancia) eskultura kokatu zuen Münsterren.

Jesusen Lagundiko Meinekes aitak Chillidaren Im geistlichen Raum lanaren kokapena antolatu zuen Koloniako Sankt Peter elizan. Hiri horretako Elizbarrutiko Museoak feltroz egindako hiru Grabitazio handi erosi zituen.

1994

Madrilgo San Fernando Errege-Akademiako ohorezko kide izendatu zuten. Musika-Atea (La Puerta de Música) altzairua kokatu zuen Santiago Compostelakoan eta Balerdiren omenez (Homenaje a Balerdi) lana inauguratu zen Donostian.

Madrilgo Bide Ingeniarien Elkargoak Chillidari buruzko erakusketa bat antolatu zuen euskal artistarekin hormigoizko lanetan harekin elkarlanean jardun izandako José Antonio Fernández Ordóñezen zuzendaritzapean. Bayreuth hiriko Kunstverein-ek artistaren paperezko lanei buruzko erakusketa bat antolatu zuen.

1995

Madrilgo ARCO Arte-Azokan AECA saria jaso zuen.

Martxoaren amaiera aldean Askatasun-Saria jaso zuen Sarajevon Bosnia-Herzegovinako Errepublikaren eskutik, Humanismoaren alde egindako lanarengatik.

Martxoaren 26an “En el Límite” erakusketa antolatu zen naziek Alemanian suntsitu ez zuten sinagoga bakarrean: Pulheimeko Stommeln Synagoge-n.

“Lan Grafikoa” jasotzen zuen erakusketa José Miguel Ullánen zuzendaritzapean, Madrilgo Casa de la Monedan. Arte Kritikarien Elkartearen saria jaso zuen. Rodríguez Sahagún-en Omenez (Homenaje a Rodríguez Sahagún) eskultura inauguratu zuen Madrilen.

Martxoan Laura Chillida Alvarez jaio zen eta Abuztuan Cristian Iglesias Chillida.

Erakusketa Palmako Sa Nostran.

Urrian Portugalgo Merezimenduaren Ordenako Gurutze Handia eman zioten Lisboan.

1996

Otsailean Madrilgo Cultura Viva saria jaso zuen eta martxoan honoris causa doktore izendatu zuen Alacanteko Unibertsitateak.

Focus Fundazioak 1995eko “Arte alorreko espainiarrik onena” izendatu zuen.

Londresko Royal Academy-k Jack Goldhill Eskultura-Saria eman zion maiatzaren 31n.

Ekainean Kriminologiaren Euskal Insitutuko ohorezko kide izendatu zuten eta Erromako Academia Internazionale d’ Arte Modernak Miembro dell’ Albo d’ Oro del Senato Accademico izendatu zuen.

Era berean, Arabar Errioxako “Racimo de oro” saria jaso zuen Lapuebla de Labarkan eta El Punto de las Artes aldizkariak emandako saria ondoren.

Irailean eta urrian Chillidaren erakusketa egon zen Kunzelsau-ko Museum Würth museoan.

1984ean artistak Tolosako herriari oparitutako Lizardiren omenezko Lizardiren Leihoa eskultura kokatu zen.

Urrian Veveyko museoan Yves Bonnefoi poetaren omenaldi-erakusketan parte hartu zuen. Nieves Fernández galeriak “Chillida-Serra-Giacometti” erakusketa antolatu zuen. Valentziako Almudi-n “Chillida” erakusketa aurkeztu zuten, Teléfonicaren lanekin. Zuricheko Bellerive museoak Lurrez osatutako erakusketa bat antolatu zuen, erakusketa hori Lunden eta Düsseldorfen egon zen erakusgai ondoren.

Abenduaren 17an “Proyecto Tindaya” erakusketa aurkeztu zen Fuerteventura irlako Puerto Rosario Kultur etxean, eskultoreak Kanarietako mendi horretan burutu nahi duen ideia azaltzen saiatzeko. Ondoren Madrilgo ARCO Azokan aurkeztuko zen erakusketa hori.

1997

Burdinaren gorazarrea III (Elogio del Hierro III) eskultura kokatu zen Bilbon, Norman Foster-ek diseinatutako metrotik hurbil. Alemaniako Bad Homburg hirian, Holderlin poetaren Sinclairko etxeko lorategian, Besarkada X eskultura kokatu zen. Era berean, “Chillida und die Musik” erakusketa aurkeztu zen Mario Teres-en elkarrizketa luze batekin batera.

K. de Barañanok eta Lorenzo Fernández Ordóñez arkitektoak antolatutako “Proyecto Tindaya” izeneko erakusketa Bielefeld-eko Kunsthalle-an aurkeztu zen. Erakusketaren diseinua Philip Johnson-ek egin zuen. Ondoren Gernikako Euskal Herria Museoan egon zen ikusgai.

Bakerako bidea (Camino hacia la Paz) alabastrozko gurutzea jarri zen Donostiako Artzai Onaren katedraleko sarreran.

Eusko Jaurlaritzak emandako Euskaldun Unibertsala Saria jaso zuen Laboa monsinorearekin batera. Washingtongo International Sculpture Center-ek Lifetime Achievement Award saria eman zion. Era berean, Prestigio Rioja saria eta Gironako Jordi Xipra Europako Komunikazio-Saria jaso zituen.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolak honoris causa doktore izendatu zuen.

Caixa de Cataluña-k Daniel Giralt-Miracle-ek antolatutako “Leku” izeneko erakusketa aurkeztu zuen, A. Gaudíren Casa de la Pedreran. Beste erakusketa bat Arlésko Reattu museoan.

Abenduan, lehenago Münster-en ikusgai egondako Askatasunaren Kaiola (Jaula de la Libertad) altzairuzko kaiola kokatu zen Treberisko European Academy eta Central Banken artean.

1998

Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen. Erakusketa izan zuen Zaragozako Banco Zaragozanon eta Coruñako Unión Fenosa Arte Garaikideko Museoan.

Madrilgo Elvira González galerian Rothkoren eta Chillidaren hainbat lanez osatutako erakusketa antolatu zuten , 1962an bi artista horiek Basilean egindako erakusketaren oroigarri. Katalogoko testua Kosme de Barañanok egin zuen.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak honoris causa doktore izendatu zuenean egindako hitzaldia argitaratu zuen Javier Muniozguren-ek.

Lur-en erakusketa Amersfooteko (Holanda) De Zonenhof museoan.

Johann Sebastian Bach-en omenez (Homenaje a Juan Sebastián Bach) Chillidaren artista-liburua aurkeztu zen San Fernando Akademian aurrena, eta Berlingo Kupferstichkabinett-ean. Alexander Dückers-ek hitzaldi bat eman zuen.

Urrian “Chillida: elogio del hierro” erakusketa antolatu zuen Valentziako Arte Modernoko Institutuak, azken 50 urteotan egindako lanak jasoz.

Azaroan Novecento, Rosa de Oro, nazioarteko saria jaso zuen Palermon. Saria 1984an sortu zen eta orduan Argentinako J. L. Borges idazleak jaso zuen.

Abenduan erakusketa antologiko bat antolatu zuten Madrilgo Reina Sofía Arte Museo Nazionalean. Bertan Chillidaren espazioari buruzko ikerketaren alor guztiak biltzen ziren (bost mila kilogramotik gorako lanak izan ezik).

[Itzulpena: Guggenheim Bilbao Museoa]