Edukira zuzenean joan

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak

Neoinpresionismoa

Info gehiago

Nabiak eta Inprimaketa-kultura 1890eko hamarkadan

Info gehiago

Atalak

Sinbolismoa

Sinbolismoa mugimendu literario gisa hasi zen 1880ko hamarkadan eta 1886an kodetu zen, Jean Moréas poetak “Manifesto sinbolista” argitaratu zuenean Le Figaro egunkari frantsesean. Alabaina, estilo horren filosofia idealista eta estilizatutako ezaugarri formalak laster hedatu ziren ikusmen-arteetara. “Sinbolismo” terminoa xede antinaturalistak partekatzen zituzten hainbat artista izendatzeko baliatzen da. Batzuetan, neoinpresionisten edo nabien lanak ere Sinbolismoarekin identifikatu izan dira, haien forma bitxiak eta landutako gaiak zirela medio; adibidez, Maurice Denis nabiak erlijioari eta alegoriari erreparatzen zion, eta lerro sigi-sagatsuak, kolore-eremu lauak edo koadro osoan errepikatutako motiboak baliatzen zituen. Izatez, Sinbolismoarekin lotu izan diren artista batzuek ez zuten beti haien burua halakotzat jotzen, Odilon Redon-en kasuan bezala. Halere, margolari horren hainbat lan oso lotuta daude estilo sinbolistarekin: hala nola, “beltzak” zeritzanak, gorputzik gabeko buru hegalariz eta armiarma gorakariz osatutako lan asaldagarriak; eta beranduago egin zituen pastel eta pintura sutsuak, errealitatetik deslotutakoak, esanahi enigmatikoa eta hermetikoki itxia zutenak.

Sinbolismoarekin zerikusia zuten artista gehienek materialismoa arbuiatzen zuten eta zientziarekiko fedea galdua zuten, ez baitzen gizarte modernoaren gaitzak arintzeko gai izan. Horren ordez, irudi iradokitzaileen bitartez espiritualtasuna eta barne-aldartea ikertzea aukeratu zuten, eta dekorazio-estiloek blaitu zituzten haien lanak, Art Nouveau-ren motibo organikoetatik eta arabesko formetatik edanaz. Arte sinbolistak narrazio mitikoak, erlijio-gaiak eta amesgaiztoen mundu makabroa besarkatu zituen; hala, faktuala alde batera utzi zuen fantastikoarengatik, kanpoko mundua paisaia psikologikoengatik, materiala espiritualagatik, eta konkretua etereoarengatik. Narrazioan sakonki erroturik egon arren, Sinbolismoak sentsazio abstraktuak sorrarazi nahi zituen eta, irudi subjektiboen bitartez, esperientzia unibertsala adierazi. Bulkada horiek modernotasunaren alde ilunak sorrarazi zuen irrika bati erantzuten zioten: transzendentea denaren bilaketari, hain zuzen.

BESTE ATALAK

Neoinpresionismoa

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak, Atala, 2017

Info gehiago

Sinbolismoa

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak, Atala, 2017

Info gehiago

Nabiak eta Inprimaketa-kultura 1890eko hamarkadan

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak, Atala, 2017

Info gehiago