Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
Sinbolismoa
Atalak
Neoinpresionismoa
- Izenburua:
- Neoinpresionismoa
- Erakusketa:
- Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Artea eta zientzia | Argia | Kolorea | Anarkismoa | Sozialismoa | Komunismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Neoinpresionismoa
- Aipatutako artistak:
- Seurat, Georges | Cross, Henri-Edmond | Luce, Maximilien | Pissarro, Camille
Neoinpresionistek Parisko Zortzigarren (eta azken) Erakusketa Inpresionistan egin zuten debuta talde gisa 1886an, Georges Seurat lider zutela. Urte hartan bertan, Félix Fénéon arte kritikari eta artista horien defendatzaile sutsuak Neoinpresionismo terminoa sortu zuen kritika batean. Seurat oso gazte hil zenean, Paul Signac-ek hartu zuen bere lekukoa mugimenduaren lider eta teorialari gisa. Neoinpresionista nagusiei —Henri-Edmond Cross, Maximilien Luce, Seurat eta Signac— Inpresionista izandako Camille Pissarro batu zitzaien zenbait urtez, bai eta antzeko pentsamendua zuten alboko herrialdeetako zenbait artista ere, Théo van Rysselberghe margolari belgiarra, esaterako.
Margolari berritzaile horiek koloreari eta pertzepzioari buruzko teoriei erreparatu zieten, mihise puntillistetan efektu bisualak sortzeko; zientzialariek garatutako metodo optiko eta kromatikoei erreparatzen zieten besteak beste —Michel-Eugène Chevreul kimikari frantsesaren eta Ogden Rood fisikari estatubatuarraren argitalpenetan garatutako metodoei bereziki. Pintura-teknika moderno eta iraultzaile horren bereizgarria honakoa zen: artistak pigmentu-pintzelkada indibidualak alboratzen zituen, tonu bizi bakar bat agerrarazteko. Horrela, kolore osagarriak eta forma eztitsuak baliatuta, neoinpresionistek formalki bateratutako konposizioak irudikatzen zituzten. Inguruko baldintzen arabera argiak kolorearengan zuen eragina irudikatzea zen artista horien lanetako kezka nagusia: argia uretan errefraktatuta, edo baldintza atmosferikoek iragazita, edo zelai batean barreiatuta.
Neoinpresionista gehienak ezkertiarrak ziren, Pissarro edo Lucek egindako langile-klasearen irudikapenetan, esaterako, agerikoa denez. Anarko-sozioalismoaren edo anarko-komunismoaren gaineko ikuspegi idealizatuak ere sarri ageri ziren neoinpresionistek beren lanetan irudikatzen zituzten eszena utopikoetan; izan ere, beren lanek eduki ideologikoa eta teoria teknikoa bateratzen zituzten maiz. Halere, helburu politikoek gidatuta aritzen ez zirenean ere, neoinpresionistek hiriaren, aldirien, itsasertzaren edo landaren gaineko interpretazio argitsuek armoniaz betetako tokian islatzen zituzten.