Edukira zuzenean joan

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak

hezkuntza-edukia

[Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak]. Sarrera

Mende amaiera gorabeheratsu bateko titularrak

Didaktika proiektuak ikusgai dauden erakusketen esperientzia osatzeko aukera eskaintzen die bisitariei, hezkuntza-gune eta jarduera berezien bitartez. Oraingo honetan, Didaktikak arreta berezia eskainiko dio XIX . mendeko azken hamarkadetan Parisen sortu zen artearen testuinguru soziopolitiko eta kultural gorabeheratsuari.

Prentsak funtsezko papera izan zuen azken berriei, gertakari politikoei eta kulturalei buruzko informazioa zabaltzeko orduan, eta horien bitartez iritzi publikoan eragin zuen. Egunkari eta aldizkariek les faits divers (krimen, istripu eta ezbeharrak labur eta zehatz azalduta) argitaratzen zituzten, eta bilkurak eta eztabaida politiko eta sozialak pizten zituzten kaleetan, bai eta intelektualen bilgune ziren kafe eta saloietan ere.

Prentsak garai hartan izan zuen garrantzia inspirazio iturritzat hartuta, gune didaktiko honetan egunkarietako goiburuek gertakari garrantzitsu batzuk aurkezten dituzte; izan ere, jazoera horiek eragina izan zuten artisten ideietan, eta haien ekoizpena bultzatu zuten.

Dreyfus aferaren inguruan sortutako eztabaida politikoak agerian utzi zuen antisemitismoaren goranzko joera, bai eta Frantziako nazionalismoaren oihu haserrea ere. Garai berean, kabareten sorrera eta ugaltzea gizarte-dekadentziaren sintomatzat jo zen. Antsietate-giro orokorra areagotuz zihoala zirudien, gaixotasun psikologikoen berri ematen zuten artikulu kezkagarriak zirela medio; erreportaje horietan suizidioak eta emakumeen artean histeria-diagnosiak ageri ziren. Bestalde, aurrerakuntza teknologiko eta zientzia arloko ikerketa eta aurkikuntzez gain, arte-teknika berriak ere ezagutarazten zituzten titularrek garai hartako kultura-bizitasun eta zientzia-aurrerapenak islatzen zituzten.