Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
304 aretoa
302 aretoa
Atalak
303 aretoa
- Izenburua:
- 303 aretoa
- Erakusketa:
- Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako maisulanak
- Gaiak:
- Ibilbide artistikoa | Kritika | Sorkuntza artistikoa | Kontsumoa | Bigarren Mundu Gerra | Herri-kultura | AEB
- Mugimendu artistikoak:
- Minimalismoa | Pop Artea
- Artelan motak:
- Pintura | Serigrafia
- Aipatutako artistak:
- Basquiat, Jean-Michel | Rauschenberg, Robert | Twombly, Cy | Warhol, Andy
Kultura eta politikaren alorrean XX. mendeko garai aztoratuenetako bat izan zen 1960ko hamarkada. AEBko gizartea guztiz industrializatua zegoen, informazio-garaira aldatzeko prest. Bigarren Mundu Gerra ostean eta 1950eko hamarkadan, Gerra Hotzean, ekonomia hazi egin zen eta kontsumo-kulturak gora egin zuen Atlantikoaren bi aldeetan. Garai horretan Pop Artea jaio zen Britainia Handian, baina estatubatuarrak, esaterako, Andy Warhol (1928–1987), gailendu ziren azkenean; Warholen lanak herri-kulturaren kritikatzat zein ospakizuntzat jo daiteke. Testuinguru horretan, Robert Rauschenberg-ek (1925–2008) eta Cy Twombly-k (1928–2011), XX. mendeko bigarren erdialdeko artegintzaren bi irudi gailen, 1950eko hamarkada erdialderako haien ikusizko lengoaia garatu zutenek, New Yorken aurkeztu zituzten haien lan garrantzitsu bana. Rauschenbergen lehen atzera begirako handia hartu zuen Jewish Museum-ek 1963an, eta bertan Gabarra (1962– 63) aurkeztu zuen; 24 ordutan egindako lana da, 1960ko hamarkadan hasitako pintura serigrafiatu dinamikoen adibididerik onenetakoa. 1964an Twombly New Yorkera itzuli zen, Leo Castelli Gallery-n Komodori buruzko bederatzi gogoeta (1963) aurkeztera; mihise bakanen sekuentzia batek osatutako artistaren lehen lana izan zen, eta Aurelio Komodoren (K.o. 161−192) agintaldi eroa bederatzi mihisetan banatutako narrazio frenetikoan laburbiltzen zuen. Bi lanak, Gabarra eta Komodori buruzko bederatzi gogoeta, gogor kritikatu zituen Donald Judd (1928–1994) artista minimalistak lehenbiziko aldiz argitara eman zirenean, baina, denboraren poderioz, XX. mendeko artearen funtsezko lan bihurtu dira.
Oso bestelako harrera izan zuten Jean-Michel Basquiat-en lanek, zeinak errepikapenez, bariazioez, marratutako hitzez eta akats ortografikoez beteak zeuden. Jean-Michel Basquiat (1960–1988) bere belaunaldiko artista ezagunenetakoa izan zen. Napoliko gizona (1982) koadroak Basquiatek 1982an Italiara egindako bidaia bat du iturri: bertako arte-merkatari batekiko erresumina igar daiteke artelanean, pork merchant (“txerriki saltzailea”) hitzetan, adibidez. Mihisearen azalera gehiena zirriborroz, hitzez, zenbakiz, sinboloz eta kolorez betea dago, eta ahots-talde bat gogorarazten digu, garrasika, durundi egiten eta elkar erantzuten.