Edukira zuzenean joan

Gego. Infinitua neurtzen

Lerro paraleloak (1957–67) 

Info gehiago

Ehunak (1956–88) 

Info gehiago

Atalak

Tamarind litografia-tailerra eta erretikulei buruzko azterlanak (1963–70) 

Izenburua:
Tamarind litografia-tailerra eta erretikulei buruzko azterlanak (1963–70) 
Erakusketa:
Gego. Infinitua neurtzen
Gaiak:
Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Forma | Konposizioa | Lerroa | Sinbologia | Tamaina | Eskala | AEB | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Abstrakzio Geometrikoa
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Gego,

Atal honetan aurkezten diren lanek Gegok 1963 eta 1970 bitartean egindako garapen garrantzitsuak erakusten dituzte. Hirurogeiko hamarkada eraldaketa handiko garaia izan zen, hainbat bitartekorekin egin baitzuen lan. Gego 1959an izan lehen aldiz Estatu Batuetan, baina gerora maizago joaten hasi zen. Los Angeleseko Tamarind litografia-tailerrera joateko gonbidapena jaso zuen 1963an, eta 1966an berriro gonbidatu zuten. Bertan, estanpa eta artista-liburu ugari egin zituen. Hemen ikusgai den sortak Gegok lerroaren, formaren eta espazioaren inguruan egin zuen ikerketaren bilakaera erakusten du, baita teknika eta material berrien erabilera ere. Gofratua, grabatua, akuafortea eta litografia lantzeari esker, estanpatzaile aditu bihurtu zen garai horretan.

1969an, hamarkada berria hastear zegoela, Gegok beste norabide bat hartu zuen: “lerro paraleloetatik” urrundu eta “erretikularea” edo “erretikula-area” direlakoetara pasa zen. Termino horrekin izendatu zituen bi eta hiru dimentsioko ekoizpenaren baitan egin zituen hainbat forma erretikular (erretikula- edo sare-formako egiturak). Hemen ikus daitezkeen marrazkiak 1969–70 urtekoak dira, Gego erretikula-formen diseinuarekin esperimentazio eta azterketa bizian aritu zen garai batean sortuak. Paper gainean tintaz egindako konposizio abstraktuok elkarri lotutako forma geometrikoak dituzte, hala nola triangeluak eta karratuak, eta uhinak eratzen dituen sare baten itxura hartzen dute guztiek batera.

Erretikularea (1969–82)

Erretikularea (Reticulárea), Gegoren lan nagusitzat hartzen dena, eskala handiko ingurune-instalazioa da, eta artistak espazioa, lerroa eta erretikula abiapuntu hartuta egin zuen esperimentazio berezia laburbiltzen du. 1969 eta 1982 artean hainbat iteraziotan aurkeztu zuen Venezuelan, Estatu Batuetan eta Alemanian.

Egitura aldetik, Erretikularea obrak lotura du erakusketa honen beste atal batzuetan ikusgai dauden erretikuladun eskultura eta marrazkiekin, izan ere, hainbat tamainatako sareak ditu ere, altzairu herdoilgaitzezko alanbrez eta bestelako materialez egindako karratuz eta triangeluz osatuak. Obraren iterazioetako bakoitza artistak berak ontzen zuen eskuz, espazio bakoitzera berariaz moldatuta, eta oso antzeko titulua jartzen zion aldiro, aldaketa txiki batzuekin. Erretikularea obrak garrantzi handia du, Lygia Clark, Carlos Cruz-Diez, Hélio Oiticica, Mira Schendel edo Jesús Rafael Soto bezalako artistek hirurogeiko hamarkadan Latinoamerikan sortutako beste egitura “zeharkagarri” berritzaile batzuek dutenaren parekoa, hain zuzen ere. Erretikularea 1969an erakutsi zen lehen aldiz, Caracaseko Arte Ederren Museoan eta New Yorkeko Center for Inter-American Relations delakoan (gaur egun Americas Society) erakutsi ere, eta hainbat forma eta kokalekutan egon zen ikusgai gero. Hemen aurkezten diren argazkiek, gutunek, marrazki arkitektonikoek eta haiekin lotutako diagramek corpus konplexu horren alderdi kritikoak erakusten dituzte, bai eta urteetan zehar hainbat lekutan egindako aurkezpenak ere.

Turrustak, Enborrak, Esferak eta Erretikula-motak (1969–88)

Gegok 1969–88 bitartean egindako eskultura esekien sorta bat aurkezten du atal honek. “Infinitu neurtuaren” nozioa laburbiltzen dute eskultura horiek, eta nozio hori Alfredo Silva Estrada venezuelar poetak Gegoren omenez idatzitako “Variaciones sobre reticuláreas” (Erretikulareen gaineko aldaerak, 1979) poeman adierazkortasunez erabili zuen oximoron poetikoa da, hain zuzen ere. Artistak egituraren, espazioaren, argiaren, itzalaren, lerroaren eta erretikularen inguruan egindako esperimentazioa iradokiz, poemak elementu finitu eta mugatutzat jotzen du espazio infinitua, Gegoren formen bidez infinitua neurtzeko saiakera sinboliko gisa. Paradoxa da, ordea, espazio eta denbora mugagabeak neurtezinak baitira berez.

Atal honetan, bisitariek askatasunez azter ditzakete hiru sail garrantzitsuren adibideak: Turrustak (1970–74), Enborrak (1974–81) eta Esferak (1976–77). Aretoaren erdigunean bertikalki esekiak, obra minimalista horiek hauskortasuna, grabitatea eta gardentasuna nabarmentzen dituzte. Era berean, sare-itxurako beste pieza batzuk ere badaude hemen, “erretikularea” ere deituak; Gegok hala izendatzen zituen laukietan edo triangeluetan oinarritutako sare-formak eta gisakoak. Artistaren bilakaera formala ulertzeko modu bat eskaintzen du erakusketa honek, eta haren Erretikularea lanaren ezaugarri inguratzaileak ere islatzen ditu. Obra hori, hain zuzen, kokapen zehatzeko ingurune-instalazio garrantzitsua da, espazioan elkargurutzatzen diren lerroen konstelazioak iradokitzen dituzten metalezko erretikula-sarez osatua.

BESTE ATALAK

Sarrera

Gego. Infinitua neurtzen, Atala, 2023

Info gehiago

Lehen obrak (1951–55) 

Gego. Infinitua neurtzen, Atala, 2023

Info gehiago

Lerro paraleloak (1957–67) 

Gego. Infinitua neurtzen, Atala, 2023

Info gehiago

Tamarind litografia-tailerra eta erretikulei buruzko azterlanak (1963–70) 

Gego. Infinitua neurtzen, Atala, 2023

Info gehiago

Ehunak (1956–88) 

Gego. Infinitua neurtzen, Atala, 2023

Info gehiago

Obra publikoa eta ingurune arkitektonikoak (1948–82) 

Gego. Infinitua neurtzen, Atala, 2023

Info gehiago

Azken obrak: Ehundurak, Zomorroak eta Zomorrotxoak (1987–91)

Gego. Infinitua neurtzen, Atala, 2023

Info gehiago