Gego. Infinitua neurtzen
Ehunak (1956–88)
Azken obrak: Ehundurak, Zomorroak eta Zomorrotxoak (1987–91)
Atalak
Obra publikoa eta ingurune arkitektonikoak (1948–82)
- Izenburua:
- Obra publikoa eta ingurune arkitektonikoak (1948–82)
- Erakusketa:
- Gego. Infinitua neurtzen
- Gaiak:
- Arkitektura | Espazio publikoa | Artea eta politika | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sormena | Espazioa | Forma | Geometria | Lerroa | Diseinua | Venezuela | Dimentsioa | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Abstrakzio Geometrikoa
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Gego,
1948an, estatu-kolpe militar baten ondoren, hamarkada bete iraun zuen diktaduran sartu zen Venezuela. Aktibismo politikoa, unibertsitatea eta prentsa zapaldu, itxi edo debekatu egin zituzten Marcos Pérez Jiménezen presidentziapean (1952–58), zeinak sarritan basakeriaz tratatzen baitzuen oposizioa. Hala ere, erregimenak anbizio handiko azpiegitura askoren eraikuntza jarri zuen abian, hala nola errepideak, zubiak, eraikin ofizialak eta bizitegi-gune handiak, eta horrek azkar suspertu zuen herrialdeko ekonomia. Ekimenik esanguratsuenetako bat Carlos Raúl Villanuevak Caracasen dagoen Venezuelako Unibertsitate Zentralerako egindako proiektu arkitektonikoa izan zen. 1951n, Villanuevak “arteen sintesi” berri bat elkarrekin lantzeko gonbidapena luzatu zien Venezuelako, Ipar Amerikako eta Europako artistei. Venezuela berriaren ikur bihurtu zen sorkuntza-ekimen hura, paradoxikoki, gobernu bortitz eta autoritario batek ahalbidetua.
Gegok Villanuevaren proiektuan parte hartu ez bazuen ere, Caracaseko espazio publikoetarako enkarguak jaso zituen. Atal honetan ageri diren irudiek, zirriborroek eta diagramek Gegoren arte publikoak eta inguru arkitektonikoek 1948 eta 1982 bitartean izan zuten bilakaera dokumentatzen dute. Eskala monumentaleko eta egitura konplexuko proiektu horiek funtsezko tokia betetzen dute —batzuetan kontuan hartu ere egin ez den tokia— Gegoren ibilbide artistikoan eta praktika integralean; azken horrek artistak arkitekturarekiko eta diseinuarekiko zuen interesaren eragina ere badu.
Paperik gabeko marrazkiak (ca. 1976–88)
Paperik gabeko marrazkiak (ca. 1976–88), neurri handi batean, Gegok kontzeptu-mailan duen obra-sail konplexuenetako bat da, eta obra horiek funtsezko inflexio-puntua dira bere bilakaera artistikoan. Alanbrez, birziklatutako metal zatiz eta burdineria txikiz egindako eskultura minimalista horiek sabaitik edo hormatik zintzilikatzen dira, gainazal bertikalean eta espazioan marraztuta baleude bezala, eta paperik eta markorik gabeko eraikuntza gisa funtzionatzen dute. Artistari espazioa modulatzeko aukera amaigabeak eman zizkion sail horretako pieza-sorta bat da hemen ikusgai duguna. Artelan horiekin eskulturaren autonomiakontzeptua ere desafiatu zuen Gegok, hormaren mende jarri baitzuen obra, eta marrazkiaren bi dimentsioko ezaugarriak eman zizkion hiru dimentsioko formari.
Adibiderik goiztiarrenetako batzuek kanporantz proiektatzen diren planoak dauzkate; beste batzuk, berriz, lerro horizontal, bertikal edo gurutzatuen inguruan egituratuta daude. 1979an marko karratu edo laukizuzen hutsen itxura hartzen hasi ziren pieza haiek. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, sarez, hariz eta alanbrez egindako egitura zirkularrak gehitu zituen Gegok. 1984tik aurrera, erretikula desitxuratuak edo hautsiak irudikatzen hasi zen: patroi lineal etenez edo amaitu gabez osatutako konposizio geometrikoak. Paperik gabeko marrazkiak sailean egin zituen azkenengo lanetan eskala txikiagoa aukeratu zuen Gegok, obra inguratzen zuen egitura oro ezabatu zuen, eta lerro zirpilduzko konfigurazio sigi-sagatsuak sortu zituen, konposizio geometriko eszentrikodunak.