Yoshitomo Nara
Leku bakartia
Hementxe daukat behar dudan guztia
Atalak
Falta zenaren bila
- Izenburua:
- Falta zenaren bila
- Erakusketa:
- Yoshitomo Nara
- Gaiak:
- Haurrak | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Alemania | Emozioa | Bakardadea
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Aipatutako artistak:
- Nara, Yoshitomo
Aichi prefekturako Arte Ederren Unibertsitateko masterra amaitu ondoren, aukera gehiago izateko eta prestakuntzarekin jarraitzeko asmoz, Alemaniara joan zen Nara. Lehenago ere izana zen Europan, 1980an, hogei urte zituela, eta lehen bidaia hartan abagunea izan zuen europar maisu modernoen lana bai eta Goi Erdi Aroko eta Errenazimentuko margolanak bertatik bertara ikusteko. Bizipen haiek oso esanguratsuak gertatu zitzaizkion; artelan haien filosofian, espiritualtasunean eta tekniketan oinarrituta, ordura arte ikasitako guztia berraztertu zuen.
1988an Düsseldorfeko Kunstakademie ospetsuan matrikulatu zen, eta hurrengo urteak funtsezkoak izan ziren bere bilakaera artistikorako. Alemanez ez zekienez haurtzaroko bakardade-egoerara itzuli zen modu kontzientean, eta artearen bidez komunikatu behar zuela ulertu zuen.
Kunstakademien zela, neoespresionismoko figurarik garrantzitsuenetako bat izan zuen irakasle: A. R. Penck artista alemiarra. Hark, Nararen garai hartako pinturaren eta marrazkiaren artean alde nabarmena zegoela ikusirik, bi diziplinak bateratzeko gomendatu zion. Narak ingerada grafikoei eutsi zien, baina bere konposizio narratiboak sinplifikatu zituen eta kolorearen erabilera murrizten hasi zen. Hala, irudi ausartagoak egiteari ekin zion, eta lan haiek berehala lortu zuten sona beren banakotasunari eta originaltasunari esker. Orduantxe sortu zituen Narak bere ume-irudi bereizgarriak: figura buru- eta begi-handiak, emozionalki oso zuzenak, lehen begiratuan maitagarriak diruditenak, baina beren neurriz kanpoko ezaugarriek eta jarrera misteriotsuak arraro eta desafiatzaile samar bihurtzen dituztenak.