Edukira zuzenean joan

Jasper Johns: Night Driver

[205 aretoa]

Info gehiago

Atalak

Sarrera

Jasper Johns artistari eskainitako atzerabegirako honek gure garaiko sortzailerik entzutetsuenetako baten ibilbide zabala jasotzen du, 1950eko hamarkadan egin zituen lehen lanetatik hasi eta 2000. urteaz geroztik sortu dituen berrienetara. Erakusgai dauden pieza gehienak margolanak dira, baina badaude paper gaineko hainbat lan eta zenbait eskultura ere, eta guztien artean agerian jartzen dute artistaren ekoizpenak berezkoak dituen ardatz tematikoak.

Jasper Johns 1930ean jaio zen Augusta hirian (Georgia, AEB), eta Hego Carolina eta New York artean hazi eta hezi zen, harik eta 1953an New Yorken finkatu zen arte. Han, hainbat artista ezagutu zituen, hala nola Robert Rauschenberg, John Cage konpositorea eta Merce Cunningham koreografoa, eta, haiekin batera, sakonki eraberritu zuen hiriko sormeneszena. 1954–55ean, Johnsek bere lehen AEBko bandera margotu zuen. Zeinuz eta bestelako elementu lauz —zenbakiak, ituak, mapak— osatutako sail bateko lehen lana izan zen hura, eta pieza haiek Pop artearen aitzindaritzat jotzen dira, erraz ezagutzeko moduko eguneroko gaiak irudikatzen baitituzte. 1958an Leo Castelli galerian ikusgai jarri ondoren, obra haiek berehalako ospea eman zioten artistari. Garai hartan, Johnsek harremana zuen Marcel Duchampekin, eta azken horren obrak eta pentsamenduak eragin nabarmena izan zuten berarengan. Espresionismo abstraktuaren erretoriketatik urrun, Johnsek artearen izaera bera arakatzen duten sailen bidez garatu zuen bere lana, eta minimalismoaren zein arte kontzeptualaren aurrelari ere izan zen hartara.

Bere ibilbidean zehar, hainbat artistari buruzko erreferentziak agertu izan dira Johnsen obretan —Matthias Grünewald, Barnett Newman, Hans Holbein, John F. Peto, Edvard Munch, Paul Cézanne, Pablo Picasso edo René Magritte, besteak beste—, baita zenbait idazleren aipu esplizituak ere, hala nola Hart Crane, Frank O’Hara eta Samuel Beckettenak. 1980ko hamarkadan, Johnsek elementu autobiografikoak ere txertatu zituen bere lanetan, haurtzaroari edo aurreko sorkuntzei lotuak, adibidez. Hala, irudi berriak gehitu zizkion bere errepertorio bisualari narratiba hermetikodun konposizio trinkoak eginez; dena den, 1990eko hamarkadan bere margolanak sinplifikatzen hasi zen.

Johnsek ibilbide oparo bezain garrantzitsua egin du, halaber, paper gaineko obretan, eta erakusketa honetako bi areto daude mota horretako lanei eskainita. Haren marrazki eta grabatuak ez dira, inondik ere, beste lan batzuetarako zirriborro edo prestalanak: sorkuntza autonomoak dira, eta artistak bere pintura eta eskulturetako ohiko gaiak jorratu ditu haietan. Kutsu hedonista eta erabat bisuala —adimena baino gehiago begirada harrapatzeko gaitasuna— ere baduela ahaztu gabe, Jasper Johnsen arteak gogoeta egitera bultzatzen gaitu behin eta berriro.

BESTE ATALAK

Sarrera

Jasper Johns: Night Driver, Atala, 2026

Info gehiago

[205 aretoa]

Jasper Johns: Night Driver, Atala, 2026

Info gehiago

[206 aretoa]

Jasper Johns: Night Driver, Atala, 2026

Info gehiago

[207 aretoa]

Jasper Johns: Night Driver, Atala, 2026

Info gehiago

[209 aretoa]

Jasper Johns: Night Driver, Atala, 2026

Info gehiago

[203 aretoa]

Jasper Johns: Night Driver, Atala, 2026

Info gehiago

[202 aretoa]

Jasper Johns: Night Driver, Atala, 2026

Info gehiago