Jasper Johns: Night Driver
[206 aretoa]
[209 aretoa]
Atalak
[207 aretoa]
- Izenburua:
- [207 aretoa]
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Sinbologia | Marrazkigintza | AEB | Ilusio optikoak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
1973 eta 1983 bitartean, “bilbe gurutzatuei” eskainitako saileko lanak izan ziren nagusi Johnsen produkzioan (Crosshatchings). Artistari interesa piztu zion Hegoafrikako kobazulo batean agertutako harri leundu bat apaintzen duen motiboak —batzuen ustez ezagutzen den artelanik zaharrena omen denak—, eta hartantxe du jatorria bilbe gurutzatuen diseinuak. Roberta Bernstein adituaren arabera, pieza horiek espazio piktorikoa antolatzeko hamaikatxo estrategia erakusten dituzte: errepikapenak, alderantzikatzeak, ebaketak, desplazamenduak nahiz kiribilak. Johnsen lehen sorkuntza abstraktutzat har daitezke, bi dimentsiotako koadro batean hirugarren dimentsioa nola irudikatu daitekeen jorratzen dute, eta loturak erraz egiteko bidea ematen dute. Dantzariak plano batean (1979 eta 1980–81) izeneko olio-pinturazko bi lanetan, bilbe gurutzatuek Tibeteko Samvara jainkoaren 74 besoen mugimenduak gogorarazten dituzte: Nepalgo XVII. mendeko pintura tantriko batean, besoekin bere Saktia —jatorrizko sorkuntza-energiaren ikurra, 12 besoduna— modu sexualean besarkatuz ageri da Samvara. Erlojuaren eta ohearen artean (1983) izeneko hiru piezetan, berriz, bilbe gurutzatuek Edvard Munchen Autorretratua. Erlojuaren eta ohearen artean (1940–43) koadroko ohe-estalkiaren estanpatuarekin dute lotura.
Bentrilokuoa (1983) eta Bainua (1988) biltzen dituen lan-multzoak bainuontzi baten barruan egotearen inpresioa eragiten du, pinturaren behealdean ageri den bi giltzako txorrotak horixe iradokitzen baitu. Gauden tokitik begiratuta, margolanean irudikatuta dagoen bainugelako horma ikusten dugu; ilusio optikoen bidez margotuta dago, eta hainbat elementu ditu, esaterako, Johnsen beraren eta beste artista batzuen (Picasso eta Barnett Newman, adibidez) piezen erreprodukzioak. Irudi batzuk moztuta ageri dira; hala, mihisearen muturrak elkartuko bagenitu, berriz osatuko lirateke irudiok, eta agerian utziko lituzkete hain barreiatuta dauden objektuen batasuna eta obraren, egilearen eta ikuslearen arteko uztarketa.
Geroago, Johnsek Urtaroak izeneko margo, marrazki eta grabatuak sortu zituen; tartean, Uda (1985) eta Udazkena (1986). Obra horien konposizioan, pertsonaia baten silueta da nagusi, Picassoren bi lan gogorarazten dizkiguna: Itzala (1953) eta Minotauro etxez aldatzen (1936). Pertsonaiak artista bera irudikatzen du, bere obretatik zein beste artista batzuenetatik hartutako irudi ugariz inguratuta: bere bizitza sortzailearen oroitzapenak dira, soka edo alanbre bidez lotuak paisaia mental ezegonkor eta zatikatuak osatuz, diagonal ezegonkortzaileen eraginpean.