Jasper Johns: Night Driver
Sarrera
[206 aretoa]
Atalak
[205 aretoa]
- Izenburua:
- [205 aretoa]
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | AEB | New York
- Mugimendu artistikoak:
- Pop Artea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
Jasper Johns 1950eko hamarkadan iritsi zen New Yorkeko arte-eszenara, banderak, ituak, zenbakiak, letrak eta mapak protagonista zituzten zenbait lani esker iritsi ere. Eguneroko objektuak erraz ezagutzeko moduan irudikatzen dituzten lan horiek Pop artearen aitzindaritzat hartzen dira. Gisa horretako elementu lauak erabilita, Johnsek lotura ezarri ahal izan zuen pinturak bi dimentsio dituela defendatzen zuen Clement Greenberg kritikari ospetsuaren ideiekin. Johnsen obrak espresionismo abstraktuaren asmo metafisikoen kritikatzat hartu ziren berehala.
Johnsen lana arte kontzeptualaren aurrendaria ere izan zen, artearen izaerari buruzko hausnarketa planteatzen baitzuen. Mihisea (1956) edo Tiradera (1957) obretan, adibidez, irudikatuta dauden objektuen izaera tridimentsionala iradokitzen da, nahiz eta, berez, irudi lauak ditugun aurrez aurre. Banderak (1965) izenekoa, berriz, joko optiko bat da: une batez okerreko koloreko banderari begira egon eta gero begirada azpikora jaitsiz gero, bigarren bandera hori dagozkion ohiko koloreekin hautematen da. Bandera eremu laranja gainean (1957) estudioan, berriz, margolan batean elementu bat baino gehiago nola aurkeztu eta pinturaren eremua irudiaren mugetatik harago nola zabaldu aztertu zuen artistak.
1961–64 bitartean, aldaketa bat gertatu zen Johnsen obran: ordura arteko gai inpertsonalak alde batera utzi, eta kontu emozionalak txertatzen hasi zen. Garai hartako lanetan grisa zen nagusi, eta kolore horrek tonu malenkoniatsua ematen zien pieza berriei. Johnsek emozioak berariaz landu zituen lehen margolana Nire sentimenduen oroimenez–Frank O’Hara (1961) izan zen —izenburua O’Harak heriotza hizpide harturik idatzitako poema batetik hartuta dago—. Bertan, laukizuzen bat ageri da beste laukizuzen handiago baten goiko aldean, ezkerrean, eta konposizioak AEBko bandera bat gogorarazten du, baina ikuspegi subjektibo batetik interpretatuta; margolanaren beheko aldean, eskuinean, ozta-ozta ikusten diren hitz batzuk ageri dira: “DEAD MAN” (gizon hila).