Jasper Johns: Night Driver
[203 aretoa]
Atalak
[202 aretoa]
- Izenburua:
- [202 aretoa]
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Interpretazioa | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | AEB | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Kontzeptuala | Minimalismoa | Pop Artea
- Teknikak:
- Grabatua | Marrazkia
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
Marrazkiak eta grabatuak Jasper Johnsen obraren funtsezko alderdiak dira, eta haietan jorratzen dituen gaiak bere margo- eta eskultura-lanen berrinterpretazioak dira askotan.
Mota horretako piezen ezaugarri nagusia, hasiera-hasieratik, artistak haietan erabiltzen duen tratamendu-aniztasuna da, eta horren adibide dira areto honetan ikusgai dauden hiru bandera-marrazki goiztiar. Bandera (1958) elementu kaligrafikoen bidez moldatua dago, irudia bera idatzita balego bezala. Bi bandera (1960) izenekoan, berriz, zuri-beltzeko bi bandera agertzen dira, bata bestearen gainean jarriak; trazu lodi eta dinamikoen bidez, paisaia abstraktu moduko bat itxuratzen du margolanak, mugimenduz betea, irudia erakutsi baino gehiago ezkutatu egiten duena. Hiru bandera (1959) obran, aldiz, tamaina ezberdinetako hiru bandera ia desagertu egiten dira marrazkiaren beraren trazuen azpian, txikitik handira bata bestearen gainean jarritako hiru laukizuzen monokromo bihurtuta.
Mota horretako lanek agerian jartzen dute artistaren trebetasun teknikoa ere, eta haren sorkuntza-prozesuaren izaera gogoetatsua azpimarratzen dute. Johnsek sailka egiten du lan, eta hainbat material eta baliabide erabiltzen ditu bere piezetan —arkatza, ikatz-ziria, pastela, igeltsua, tinta, bolaluma, akuarela, paperezko collagea, objektuak, pigmentu metalikoak—, eta, batzuetan, elkarrekin konbinatzen ditu batzuk eta besteak. Era berean, marrazki guztiz libreak, beste artista batzuen lanen kalkoak —Paul Cézanne, Willem de Kooning eta abar— nahiz estanpazio-modu ezberdinak aurki ditzakegu haren ekoizpenean. Grabatuak aukera ematen dio aurreko irudien koloreak aldatzeko eta obren xehetasunak edo zatiak beste modu batean eta konfigurazio ezberdinetan antolaturik erreproduzitzeko. Paper gainean ez ezik, plastiko gainean ere marraztu izan du Johnsek material horren gardentasunari eta xurgatze-maila ezberdinei probetxu aterata.
Bere margolanen eta marrazkien arteko ezberdintasunei buruz galdetuta, Johnsek zera adierazi zuen: “Margotzeko prozesua ideia bisualen bat ezartzeko eta argitzeko modu bat da, eta nire koadroek aldaketak eta ziurgabetasunak izaten dituzte askotan. Koadro batek, behin amaituta, irudi argi bat erakutsi ohi du, eta hura marrazki baterako gai gisa erabiltzea aurrezteko modu bat da, ideia handiago baten gabeziari aurre egiteko modu bat. Edo, beste era batera esanda, ideia berriei jaramonik egin gabe sorkuntzan buru-belarri murgildu ahal izateko modu bat”.