Jasper Johns: Night Driver
[209 aretoa]
[202 aretoa]
Atalak
[203 aretoa]
- Izenburua:
- [203 aretoa]
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Erretratua eta autorretratua | Lankidetza artistikoa | AEB | Marcel Duchamp | Richard Serra | Robert Rauschenberg | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Minimalismoa | Pop Artea
- Teknikak:
- Monotipoa
- Artelan motak:
- Grabatua
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
Jasper Johnsen lana hermetikotzat jo izan da, askotan bere sentimendurik sakonenak azaleraztea saihestu duelako nahita (baina ez beti), eta esplizitatu gabeko erreferentziaz beteta dagoelako. Ez da harritzekoa, beraz, Samuel Beckett irlandar idazlearen literatura biluzi eta metalinguistikoak haren interesa piztu izana. Johnsek idazlearekin kolaboratu zuen Foirades/Fizzles (1976) liburuan; bertan, margolariaren hogeita hamarren bat grabatu eta idazlearen bost testu biltzen dira. Irudiak eta testuak ez daude gai komun baten inguruan ardaztuta, baina sortzaile biek ala biek baliabide espresibo gisa erabiltzen dute nork bere lengoaia. “Esaten denaz beste, ezer ere ez dago”, Becketten hitzetan. Testuinguru horretan, Johnsek Beckett izena ipini zion 2005ean egindako koadro bati (209 aretoan dago ikusgai).
Johnsek monotipo ugari egin ditu. Inpresio-mota hori grabatuaren eta marrazkiaren arteko teknika bat da, eta, hura erabiliz, lan bakarra sortu daiteke prozesu bakoitzean. Monotipoak egiteko, tinta lodia aplikatzen da kobrezko, aluminiozko edo plastikozko xafla ez-xurgatzaile batean; ondoren, paper-orria gainean jarri, eta prentsa batetik pasatzen da. Johnsek teknika hori lantzeko hainbat modu ikertu ditu, eta 150 monotipo inguru sinatu ditu, batez ere 1970eko hamarkadaren amaieratik 1980koaren hasierara bitartean. Garai horretakoak dira artistaren bi sail zabalenak. Lehen multzoko monotipoek (47 guztira) Savarin markako kafe-poto bat irudikatzen dute, pintzelez betea, eta artistak gai berari buruz brontzez egindako eskultura ikoniko bat gogorarazten digute. Bigarrenak, berriz, titulurik gabeko 18 irudi horizontal luzanga biltzen ditu; denek ere bilbe gurutzatuak ageri dituzte —Johnsen 1973–83 arteko obretan gehien agertzen den motiboa— eta kolorazio ezberdinak esploratzen dituzte.
Hemen, Jasper Johnsek beste artista batzuekin izandako harremanak islatzen dituzten obrak ere baditugu ikusgai: besteak beste, Johnsek Robert Rauschenbergi oparitu zizkion marrazki txiki batzuk, beste artista batzuen lanetan oinarrituta egin zituen bertsioak, Richard Serrari haren marrazki baten truke emandako bat, edo Marcel Duchampen erretratu bitxi bat, M.D. (1964).