Jasper Johns: Night Driver
[207 aretoa]
[203 aretoa]
Atalak
[209 aretoa]
- Izenburua:
- [209 aretoa]
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Emakumea artean | Giza gorputza | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | AEB
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
Jasper Johnsek 1984 eta 1997 bitartean egindako obrak lau multzotan banatu daitezke. Lehenengoak emakume baten aurpegia erakusten du, paisaia bihurtuta; multzo horretakoa da, besteak beste, Montez abesten (1989). Bigarrenak —Titulurik gabea (1990) obrarenak— Picassoren Lastozko kapeladun emakumea (1936) margolanaren hainbat bertsio biltzen ditu. Hirugarrenean [207 aretoan bi adibide daude ikusgai], Auguste Rodinen motibo bat kalkatuta egindako irudi bat da nagusi: Aingeru berdea; izen horixe du saileko lehen margolanak ere (1990). Azken multzoak artistaren biografiarekin eta oroitzapenekin lotutako irudi ugariz osatutako obrak biltzen ditu; Titulurik gabea (1992–94) lanean, adibidez, irudi hauek agertzen dira: aingeru berdea buruz behera, gurutze inklinatu bat, Johnsek haurtzaroaren zati bat igaro zuen etxebizitzaren planoa eta Matthias Grünewalden Isenheimgo erretaula (1512–16) lanaren xehetasun baten kalkoa.
1997 eta 2014 bitartean, Johns Katenaria izeneko sailean zentratu zen; multzo horretakoak dira, adibidez, Katenaria (Hilobira deika nabil) (1998) eta Katenaria (Jakoben eskailera) (1999). Obra misteriotsuak dira guztiak, itxuraz abstraktuak eta aurreko lanekin loturarik gabeak. Soilak dira, kolore grisa dute nagusi eta hutsik daude parte handi batean. Haietako batzuetan, zenbait motibo ikusten dira mihisearen bazterretan: koloretako erronboak (arlekinen jantziak gogorarazten dituztenak), galaxien eta konstelazioen irudiak, edo herensuge baten figura. Pieza horietako batzuek itxura hauskorreko zurezko listoiak dituzte inguruan, oreka ezegonkorreko marko gisa jarriak. Haien ezaugarririk bereizgarriena mihisearen gainazalean kurbak osatzen dituzten sokak dira: sakontasun- eta konexio-sentsazioa ematen dute.
Zatia (2020) da erakusketa honetan jasotako margolanik berriena. Belaun baten marrazki anatomiko bat dauka, hauskortasun fisikoaren kontzientziari erreferentzia eginez, agian. Kolorezko puntuz titakatutako hondo beltz baten gainean dago irudia, unibertsoaren zati bat balitz bezala, eta Leonardo da Vinciren korapilo-marrazkietako bat gogorarazten duten xehetasunak ere baditu. Izaera gizatiarraren eta kosmikoaren arteko kontrastea iradokitzen du, edo iragankortasunaren eta iraunkortasunaren artekoa.