Jasper Johns: Night Driver
Motibo lauak: banderak, ituak, zenbakiak, mapak
Iruzkinak
Sarrera
- Izenburua:
- Sarrera
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Sinbologia | Erakusketak | Lankidetza artistikoa | Guggenheim Bilbao Museoa | AEB | Marcel Duchamp | Merce Cunningham | Robert Rauschenberg | John Cage
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Kontzeptuala | Neo-Dada | Pop Artea
- Artelan motak:
- Eskultura | Grabatua | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
Ongi etorri Guggenheim Bilbao Museoak BBVA Fundazioaren babesari esker antolaturiko Jasper Johns: Night Driver erakusketara.
Aretoetan aurrera egin ahala, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Ameriketako Estatu Batuetako arteak eman duen artistarik itzaltsuenetako baten lana ezagutuko duzu. Jasper Johns Georgiako Augusta hirian jaio zen 1930ean, eta 1950eko hamarkadan iritsi zen New Yorkera. Han, Robert Rauschenberg, John Cage, Merce Cunningham eta beste zenbait artistarekin harremanetan hasi zen, eta guztien artean errotik aldatu zuten garai hartako panorama artistikoa.
Berrogeita hamarreko hamarkadan, espresionismo abstraktua zen nagusi Estatu Batuetan, eta mugimendu haren ordezkari izan ziren, besteak beste, Jackson Pollock, Willem de Kooning eta Mark Rothko margolariak. Haien lanek keinua eta emozioa azpimarratzen zituzten, eta artistaren barne-bizitzaren adierazpide zuzen gisa ulertzen zuten pintura. Testuinguru hartan, alternatiba erradikal gisa agertu zen Jasper Johnsen obra. Keinu heroikoetara edo sentimenduak adieraztera jo ordez, Johns egunerokotasunean existitzen diren irudietan zentratu zen, eta motibo gisa erabili zituen bere sorkuntzetan. Aldaketa horrek ireki zien bidea ondoren sorturiko mugimenduei, hala nola pop arteari, minimalismoari eta arte kontzeptualari.
Aretoetan ikusgai ez dagoen artelan batek ematen dio izenburua erakusketari, Night Driver izeneko marrazkiak, alegia. Euskaraz Gaueko gidaria esan nahi duen lan hori Johnsek bizitako esperientzia batean oinarrituta dago: autobide batean gauez gidatu zuen lehenbiziko aldian, alegia. Marrazkiak bidaia, askatasuna eta eraldaketa iradokitzen ditu, baina baita barne-kontzentrazioa, alerta-egoera, bakardadea edo are gauarekiko eta haren misterioekiko identifikazioa ere.
Erakusketak lan-aukeraketa zabal bat jasotzen du, eta agerian jartzen du Johns nola joan zen pixkanaka pinturaren esparrua eraldatzen eta zabaltzen bere piezetan irudi arruntak sartuz, hala nola itu edo dianak, banderak, zenbakiak eta mapak. Haien bitartez, zalantzan jarri zuen eguneroko bizitzan inguruan ditugun sinboloei begiratzeko eta haiei esanahia emateko dugun modua. Marcel Duchampen eraginez, arreta errepikapenari, lengoaia artistikoari berari eta begiratzeari jartzen zien praktika artistikoa garatu zuen Johnsek, eta aldendu egin zen espresionismo abstraktutik. Haren obra gero eta analitikoagoa eta introspektiboagoa bihurtuz joan da denboraren joanarekin, eta arretaz eta patxadaz behatzeko gonbidapena luzatzen du.
Jasper Johnsi buruzko informazio gehiago nahi baduzu, erakusketa honetarako diseinatutako bi hezkuntza-guneak bisita ditzakezu: dinamika interaktiboen bidez, artistaren lanetan esanahi-maila desberdinak aurkitzea proposatzen dute, eta Johnsen obrak dantza, musika, literatura eta beste zenbait diziplinatako sortzaileen lanarekin izandako sinergiak ere jorratzen dituzte.