Edukira zuzenean joan

Jasper Johns: Night Driver

Eskulturak

Info gehiago

Walkaround Time, 1968–2017

Info gehiago

Iruzkinak

Bilbe gurutzatuak

Areto honetan aurkituko dituzun obretan, lerro gurutzatuak dira protagonista: 1970eko hamarkadan hasi eta 1983ra arte Jasper Johnsen ibilbidean aldaketa erabakigarria eragin zuen lan-multzoa da. Hamar urtez banderak, zenbakiak, itu edo dianak eta bestelako motibo ezaguterrazak landu ondotik, artista abstrakzio modu estrukturalago eta sistematikoagorantz hasi zen jotzen. Obra horiek ez daude motibo arruntetan oinarrituta; aitzitik, patroia aplikatuz, errepikatuz eta espazioa antolatuz eraikitzen dute esanahia.

Bilbeak 1972an agertu ziren lehenbizikoz haren lanean, eta laster eman zioten Johnsi malgutasun handiko sistema bisual bat, gurutzatzen doazen lerro paraleloetatik abiatuta artikulatua. Enkaustika, collagea, pintura akrilikoa, olio-pintura, akuarela, tinta eta are hondarra baliatu zituen koadroaren azalera osoa hartzen duten konposizio horiek egiteko; konplexutasun bisual handikoak dira, eta erritmoa eta oreka dituzte bereizgarri. Itxura abstraktua izanik ere, haien egiturak hainbat iturri ditu, hala nola historiaurreko motiboak eta eguneroko erreferentzia bisualak.

Halaber, bilbe gurutzatuko lanek badute halako hartu-eman ironiko bat espresionismo abstraktuarekin. Kritikariek sarritan deskribatzen zituzten Jackson Pollocken pinturak all-over gisa; hau da, mihisearen ertzetatik kanpo aterau eta mugarik gabe zabaltzen zirela ematen zuten konposiziotzat jotzen zituzten. Johnsen bilbe gurutzatuko pinturek ere badute koadroaren azaleratik haratago zabaltzen den jarraitutasun-sentsazio hori, baina oso bestelako logika baten bidez lortzen dute: keinuak edo emozioak adierazi beharrean, Johnsek errepikapen eta aldakuntza sistematikoaren bidez eraikitzen ditu konposizio horiek, eta nahita kontrolatutako abstrakzio-forma neurtu eta analitikoa sortzen du horrela.

Lerro errepikatuek mugimendua eragiten dute, eta inbertsio, iterazio eta desplazamendu bidez antolatzen dute espazioa. Ematen du sakonera sortzen dela berez lau-laua den gainazal batetik; zalantzan jartzen da, beraz, pinturak nola eraikitzen duen hautematen dugun espazioaren esperientzia. Dantzariak plano batean koadroan, adibidez, lerro gurutzatuek mugimendudun gorputz-adarrak ere ekartzen dituzte gogora, eta erritualtasunarekiko zein gorputzaren dinamismoarekiko asoziazioak gehitzen dizkiote lanari.

Irudi ezaguterrazak aurkeztu beharrean, Johnsek pertzepzio-eremu bat sortzen du. Era horretara, esanahia luzaroan behatzetik sortzen da, eta abstrakzioak prozesu jarraitu gisa funtzionatzen du, irudi finko gisa baino gehiago.

Urtaroak (The Seasons)

Hemen aurkeztutako Uda (1985) eta Udazkena (1986) koadroak Urtaroak sailekoak dira, margolanez gain marrazkiak eta grabatuak ere biltzen dituen ziklo garrantzitsu batekoak, alegia. Bertan, Johnsek denborari, memoriari eta esperientzia pertsonalari buruzko gogoeta egin zuen ohi baino modu zuzenagoan. Lan horiek egin zituen garaian, artistaren praktikak dimentsio autobiografiko nabarmenagoa hartu zuen: bere bizitzako eta ibilbide artistikoko elementuak modu nabarmenagoan txertatu zituen pinturetan.

Obra bakoitza urtaro jakin bati dagokio, eta giza figura baten siluetatik abiatuta eraikia da, zeina artistaren beraren irudikapen gisa interpretatzen baita askotan. Giza figura horrek erreferentzia historiko zaharragoetara garamatza, eta denbora zeharkatzen duen gorputz bat iradokitzen du, ez hainbeste identitate finko bat.

Artistaren beraren aurreko lanetako zatiak eta bestelako eragin artistikoak han-hemenka ageri dira konposizioetan, eta oroitzapenetik abiatuta eraikitako paisaia ezegonkorrak eratzen dituzte. Egitura diagonalek, argi-aldaketek eta efektu atmosferikoek —hala nola euriak, aldaketa kromatikoek edo desagertuz doazen koloreek— eraldaketa iradokitzen dute, deskribapena baino gehiago.

Horrenbestez, obra horiek ez dira urtaroen irudikapen fidelak: aldaketa-zikloekin eta norberaren hilkortasunari buruzko kontzientziarekin lotutako egoera psikologikoak gogora ekartzeko bide bat dira. Pinturok denborari buruz hausnartzeko tresnak dira. Iragana eta oraina batera existitzen dira, eta denboraren joana ikusi egiten da irudi gainjarrien eta trantsizio sotilen bidez.

Titulurik gabea, 2006

2000ko lehen hamarkadan egindako lan honetan, Johnsek bertikalki banatutako azalera bat sortu zuen. Piezak diptiko bat edo liburu ireki bat gogorarazten du. Gorriz, urdinez eta horiz eginiko forma irregularrak pilatzen dira mihisean barrena eta, errepikapenaren eta aldakuntzaren bidez, eredu erritmiko bat osatzen dute.

Hemen, berriz agertzen dira lehenbiziko lanetan baliatzen zituen kolore primarioak, baina sinbolo ezagunik osatu gabe oraingoan. Jada ez daude banderei eta irudi ezagunei lotuta: elementu autonomo gisa funtzionatzen dute pinturaren egitura barnean. Gainazala enkaustikaz egina da, eta horrek presentzia materiala areagotzen du; hala, obra eraikitako zerbait bezala hautematen da, irudikapen gisa baino gehiago.

Formak luzatu egiten dira mihisearen ertzetan, eta konposizioaren erdian, berriz, moztu egiten dira, etengabeko doikuntza-egoeran. Badago halako tentsio isil bat ordenaren eta ezegonkortasunaren artean, eta pinturak eutsi egiten dio ebatzi beharrean. Bere ibilbidean oso aurrera eginda zegoela, Johnsek bere hasierako lengoaiaren bereizgarri izandako elementuak berreskuratu zituen, eta hamarkada askotako esperimentazioa kondentsatu zuen patxadaz eta arretaz behatzeko gonbita egiten duen irudi iraunkor eta kontenplatibo batean.

BESTE ATALAK

Sarrera 

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Motibo lauak: banderak, ituak, zenbakiak, mapak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Eskulturak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Bilbe gurutzatuak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Walkaround Time, 1968–2017

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Banderak, ituak eta zenbakiak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Xehetasun tantrikoa (Tantric Detail), 1980

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago