Edukira zuzenean joan

Jasper Johns: Night Driver

Bilbe gurutzatuak

Info gehiago

Banderak, ituak eta zenbakiak

Info gehiago

Iruzkinak

Walkaround Time, 1968–2017

Walkaround Time “hara-honaka ibiltzeko denbora” gisa itzul daiteke, eta Jasper Johnsen, Merce Cunningham koreografoaren eta haren dantza-konpainiaren arteko lankidetzatik sortutako ikuskizuna da. Kasu honetan, beraz, Johnsen praktika arte bisualen, dantzaren eta performancearen arteko elkargunean kokatzen da. Proiektua sormen-ingurune zabalago batean jaio zen, tartean izan baitziren Robert Rauschenberg artista eta John Cage konpositorea ere, besteak beste. Sortzaile horiek guztiek partekatzen zuten zoriarekiko, prozesuarekiko eta diziplinarteko esperimentazioarekiko interesa, eta harreman berriak aztertzen zituzten mugimenduaren, soinuaren eta forma bisualaren artean.

Izenburuak agerian uzten du Cunninghamek ordenagailuekiko eta teknologia berriekiko zuen lilura. Berak azaltzen zuen bezala, ordenagailu batean informazioa sartzen denean, itxaron egin behar izaten da ordenagailuak datuak “digeritu” arte. Izenburuak modu ludikoan planteatzen du ea nor izaten den bitarte horretan “hara-honaka” ibiltzen dena: ordenagailua bera ala emaitzen zain dagoen pertsona.

Produkzio eszenikorako, Johnsek dekoratu bat diseinatu zuen Marcel Duchampen Beira handia obra ezagunean inspiratuta. Aipatu beharra dago Duchampek eragin handia izan zuela Johnsen pentsamenduan. Beira handia piezaren marrazki teknikoetatik abiatuta, Johnsek binilo gardenezko egituretara eraman zituen artelaneko formak, eta zazpi atal edo modulu mugikorretan antolatu zituen. Egitura arinak ziren, dantzariek leku batetik bestera eramateko modukoak, eta etengabe aldatuz zihoan ingurune bisual bihurtzen zuten agertokia. Gainera, modulu gardenak izanik, ezohiko efektua sortzen zuten ikusleen pertzepzioan, objektuei begiratzeaz gain, haietan barrena ere ikus baitzezaketen.

Obraren partitura David Behrman konpositorearena da, eta musikak funtsezko eginkizuna du ikuskizunean. Jantziak ere Johnsek diseinatuak dira. Ohiko dekoratuaren ideia atzean utzita, koreografiaren parte aktibo bihurtzen den multzo eszeniko bat sortu zuen Johnsek. Walkaround Time obran, mugimendua, soinua eta egitura plastikoak batera hedatzen dira, eta pertzepzioa bera esperientziaren parte bihurtzen duen ingurune bat osatzen dute.

Zenbakiak (0–9) [Numbers (0–9)], 2007–11

Zenbakiak (0–9) izeneko lanean, Jasper Johnsek bere obran gehien errepikatzen den motiboetako bati heldu dio: zenbaki-zeinuei, alegia. 1950eko hamarkadaren amaieran hasita, gai horrekiko interesa garatu zuen, zenbakien forma bereizgarriak eta haien neutraltasunak bultzatuta: zifrak berehala errekonozitzeko moduko elementuak dira, inolako analisi edo interpretaziorik gabe.

Lan honek hamabi panel indibidual ditu, eta brontzezko zenbakiak ageri dituzte denek. Brontzearen erabilerak nabarmen aldatzen du zenbakien presentzia, pisua eta iraunkortasun fisikoa ematen baitio egunerokotasunean lengoaia grafikoari lotuta egon ohi den zerbaiti. Zenbakiek kontatzeko edo komunikatzeko tresna izateari uzten diote hemen, eta luzaz kontenplatzeko objektu bihurtzen dira.

Panel batetik bestera gertatzen diren aldaketa sotilek konparazioak egitera garamatzate. Errepikapenak ez du uniformetasuna sortzen, ezberdintasuna baizik, eta pertzepzioa arretarekin eta denboraren joanarekin nola aldatzen den azaltzen du. Artelana poliki-poliki zabaltzen da, eta azalera guztia begiratzera eta forma- eta testura-aldaketa txikiak hautematera bultzatzen du ikuslea.

Obra artistaren ibilbideko etapa berantiar batean egina da, 2007 eta 2011 artean, eta nolabaiteko itzulera eta berrebaluazio gisa interpreta daiteke: hainbat hamarkadatako hausnarketak, azterketa materialak eta esperientzia metatuak eraldatutako motibo baten berrikuspen gisa.

Titulurik gabea, 1991–94

Honako margolan hau kolore more eta gris moteleko enkaustika-geruza lodiz estalita dago. Badirudi partzialki ezkutuan dauden lerroak, arrastoak eta formak esekita daudela gainazalaren azpian, eta agertu eta desagertu egiten direla ikuslearen posizioa aldatu ahala.

Erdian dagoen erliebedun panel karratuak egitura bat gehitzen du pinturaren barnean, leiho itxi bat edo barne-espazio bat iradokiko balu bezala. Elementu horrek bereganatzen du arreta, eta tentsioa sortzen du gainazalaren eta sakoneraren artean, itxieraren eta irekieraren artean.

Margolana ez da berehalakoan ulertzen; denbora bat hartu behar dugu bere osagaietatik abiatuta zentzua eraikitzeko. Argi eta garbi definitutako zerbait aurkeztu baino gehiago, pixkanaka hautematen diren elementuen bidez hedatzen da. Aurkitzen duguna ez da irudi bat, iradokitze-prozesu bat baizik: pertzepzioa, materia eta denbora uztartzen dituen eremu bat. Markek behin-behinekoak dirudite, iradokitzen duten hura azaleratzen hasi orduko berriz desagertuko balitz bezala. Lanak ziurgabetasunean egotera bultzatzen gaitu, eta, hala, ikustea bilaketa-ekintza bihurtzen da, ez ezagutze-ariketa.

Katenaria (Catenary)

Katenaria sailak oinarrizko fenomeno fisiko bat du ardatz: bere pisuaren ondorioz modu naturalean kurba bat eratzen duen soka eseki bat. Matematikan eta fisikan, “katenaria” esaten zaio forma horri. Margolanari benetako kordel bat gehitzean, Jasper Johnsek indar fisiko bat txertatzen dio zuzenean obrari —grabitatea, alegia—, eta tentsioak, orekak eta pisuak egituratutako espazio bihurtzen du gainazal piktorikoa.

Katenaria izeneko konposizioak Johnsen ibilbidearen fase berantiar batekoak dira: artistaren arreta gero eta gehiago zentratzen da egiturari, espazioari eta oreka fisikoari loturiko gaietan. Bere aurreko ekoizpenaren parte handi baten bereizgarri diren motibo ezaguterrazetara jo beharrean, lanotan artistak zera aztertu nahi izan du: material sinpleek zer-nola sor dezaketen esanahia espazioarekiko dituzten harremanen bidez. Hala, soka esekiaren kurba elementu plastiko bihurtzen da, baita pinturaren barnean gertatzen den fenomeno fisikoa ere.

Johnsek gai estruktural horiekiko duen interesa arte modernoak berezkoa duen tradizio zabalago baten parte ere bada. Artistak mirespen handia zion Marcel Duchampi, eta azken horren lanak maiz hartzen zituen barne ideia zientifikoak, mekanikoak eta neurketa-sistemak. Katenaria saileko pinturetan, Johnsek berdin bideratzen du arreta objektu materialen, indar espazialen eta ikusleen pertzepzioaren arteko interakziora. Erakusketan ikusgai daude Katenaria (Hilobira deika nabil) (1998) eta Katenaria (Jakoben eskailera) (1999): biek ala biek neurritasuna eta kontzentrazio isila dituzte bereizgarri. Gris kolore moteleko azalera handiek areagotu egiten dute esekidura-atmosfera, eta kordelaren, zurezko egituraren eta gainazal margotuaren arteko erlazioa nabarmentzen dute.

Kurbak konektatu eta bereizi egiten ditu, aldi berean, konposizioaren zenbait puntu, eta lotura eta distantzia ere iradokitzen ditu. Pinturak oreka delikatuan ageri dira: objektua eta irudia; presentzia eta absentzia. Materialetan eta espazio-antolaeran dauden aldaketa txikiek pertzepzio-intentsitate handia eragiten dute.

Johnsek baliabide minimoak erabiliz sorturiko obra hauen helburua ez da zerbait irudikatzea, baizik eta grabitatearen, denboraren eta espazioaren beraren arteko bidegurutzea azaleratzea. Hala, pintura espazio errealean garatzen den gertakari fisiko gisa esperimentatzeko gonbita luzatzen digu.

BESTE ATALAK

Sarrera 

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Motibo lauak: banderak, ituak, zenbakiak, mapak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Eskulturak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Bilbe gurutzatuak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Walkaround Time, 1968–2017

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Banderak, ituak eta zenbakiak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Xehetasun tantrikoa (Tantric Detail), 1980

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago