Edukira zuzenean joan

Jasper Johns: Night Driver

Banderak, ituak eta zenbakiak

Info gehiago

Iruzkinak

Xehetasun tantrikoa (Tantric Detail), 1980

Xehetasun tantrikoa lana banda horizontalen gainean egituratuta dago, eta banda horiek zeharkatzen dituzten lerro gurutzatuz osatutako patroiak erritmo bisual bizia ematen dio konposizioari. Marrazkia ikatz-ziriz eta grafitozko arkatzez eginda dago, eta txandakatu egiten ditu, batetik, kontrol zehatza eta, bestetik, keinuak gidatutako gune irekiagoak. Hala, marraztearen ekintza bera bistaratzen du.

Obra Tibeteko margolan tantriko batean inspiratuta dago. Bertan, bi jainkoren arteko estasi sexual eta espiritualeko une bat ageri da irudikatuta. Beso askotako jainkook elkarri lotuta eta gorputz-adarrak mugitzen ageri dira irudi haietan, energia, eraldaketa eta intentsitate errituala iradokiz. Ikonografia hori zuzenean erreproduzitu beharrean, Johnsek haien bibrazioa eta sentsazio dinamikoa hartzen ditu, eta egitura bisual abstraktu batera eramaten.

Formak gehiago dira iradokitzaileak esplizituak baino; patroi geometrikoaren eta gorputzari eginiko erreferentziaren arteko erdibidean daude. Errepikapen erritmikoak poliki-poliki gidatzen du begirada paperean barna, eta mugimendu neurritsuaren eta arreta jarraituaren sentsazioa eragiten du.

Irudi finko bat aurkeztu ordez, marrazkia apurka-apurka hedatzen da pertzepzioan barrena. Kolore-aldaketa sotilek eta trazuaren presio-aldaketek etengabe eraldatzen dute ikusten duguna. Obra denbora luzez behatzera gonbidatzen duen kontzentraziorako gune bihurtzen da, eta esanahia denboraren, arretaren eta behaketaren bitartez sortzen da.

Foirades/Fizzles

Foirades/Fizzles obra Jasper Johnsen eta Samuel Beckett idazle irlandarraren arteko elkarlanetik sortua da. Hainbat litografia biltzen dituen liburua da, eta bertan testua eta irudia elkarrekin daude, baina ez dute batak bestea azaltzen ezta ilustratzen ere. Bakoitza bere aldetik garatzen dira erritmoak, zatiketak eta etenaldiak definitutako espazio partekatu batean.

Becketten testu labur eta etenek ez dute  narratiba zehatzik ezartzen, eta Johnsek arrastoetatik, etenaldietatik eta forma osatugabeetatik abiatuta eraikitako irudiekin erantzuten die. Bi elementuetako batek ere ez du bestea argitzen. Lengoaiak eta irudiak sistema paralelo gisa funtzionatzen dute, eta bakoitzak bere mugak erakusten ditu. Esanahia ez doa ebatzi ahala metatuz; aitzitik, etenda geratzen da, etengabe geroratuta.

Obrak lengoaiari buruzko interes partekatua islatzen du, ez irakasgai gisa, ezpada komunikatzeko bide gisa. Hitzek, markek eta isiluneek pisu bera dute, eta, irakurle eta ikusle garen heinean, rol aktiboa hartzera gonbidatzen gaituzte. Irakurtzearen eta begiratzearen arteko igarobidea esperientzia aldakor bihurtzen da, eta, orduan, interpretazioak ekintza nagusi izateari uzten dio, eta arretak hartzen du haren lekua.

Argitasuna eskaini beharrean, Foirades/Fizzles obrak zalantzarako espazio bat proposatzen du: toki horretan, pentsamendua astiro hedatzen da, eta esanahia denboraren, errepikapenaren eta ziurgabetasuna onartzearen bidez sortzen da.

Monotipoak

Monotipoek leku berezia dute Jasper Johnsen lan grafikoaren baitan, eta marrazkiaren eta grabatuaren arteko erdibidean kokatzen dira. Estanpazio-teknika tradizionaletan ez bezala, monotipia-prozesuan inpresio bakarra sortzen da. Beraz, irudi bakoitza errepikaezina da.

Monotipoak egiteko, Johnsek tinta lodia erabiltzen zuen gainazal leun eta ez-xurgatzaileen gainean —askotan metala edo plastikoa—; ondoren, irudia paperera transferitzen zuen presio bidez. Prozesu horretan, irudiaren parte batzuk moteldu, arindu edo desagertu egiten dira, eta agerian uzten dituzte mugimenduaren eta kontaktuaren aztarnak. Irregulartasun horiek sormen-prozesuaren parte dira nahita; ez dira zuzendu beharreko akatsak.

Johnsek asko landu zuen bitarteko hori, eta maiz landu zituen motibo bera jorratzen duten sailak; horretarako, aldaketa sotilak egiten zituen trazuak aplikatzeko moduan, kolorean eta dentsitatean. Badirudi irudia denbora errealean sortzen dela, eta orekatu egiten dituela kontrola eta aurreikusteko ezintasuna. Ikusgai dagoena ez da forma bat bakarrik: sorkuntza prozesuaren beraren erregistroa ere bada.

Monotipoetan, hortaz, prozesua bera da gaia. Artelanok momentu iheskor bat harrapatzen dute: une bat non irudia oraindik ezegonkorra den, agertzearen eta desagertzearen artean zabuka; ikusle gisa, sorkuntza unean uneko gertakari gisa esperimentatzera gonbidatzen gaitu, eta ez azken emaitza gisa.

BESTE ATALAK

Sarrera 

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Motibo lauak: banderak, ituak, zenbakiak, mapak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Eskulturak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Bilbe gurutzatuak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Walkaround Time, 1968–2017

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Banderak, ituak eta zenbakiak

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago

Xehetasun tantrikoa (Tantric Detail), 1980

Jasper Johns: Night Driver, Iruzkina, 2026

Info gehiago