Jasper Johns: Night Driver
Sarrera
Eskulturak
Iruzkinak
Motibo lauak: banderak, ituak, zenbakiak, mapak
- Izenburua:
- Motibo lauak: banderak, ituak, zenbakiak, mapak
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | AEB | Mapak | Zenbakiak | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Kontzeptuala | Neo-Dada | Pop Artea
- Artelan motak:
- Pintura
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
Erakusketa honetan, elementu eta objektu arruntak irudikatzen dituzten irudiak aurkituko dituzu, hala nola banderak, itu edo dianak, zenbakiak eta mapak. Johnsek behin eta berriz aukeratu zituen gai horiek, irizten baitzion dagoeneko existitzen direla gure memoria bisualean eta interpretazio gutxi behar dutela; berak zioen moduan, “gure burmuinak jada ezagutzen dituen gauzak” dira.
Keinu edo trazu adierazkorrak hautatu ordez, ezagutzeko moduko motibo horiek aukeratu zituen Johnsek, nahita aldentzeko espresionismo abstraktuaren lengoaia emozionaletik. Johnsen pinturek begiratzeko ekintzara eta pinturaren presentzia materialera eramaten dute arreta, artistaren keinutik aldenduta.
Bestalde, espresionismo abstraktuari lotutako kritikak defendatzen zuen pinturak laua izan behar zuela, eta baztertu egiten zuen errepresentazio tradizionalak izan ohi duen sakontasun-ilusioa. Hori horrela, mugimendu hartako artistek koadroaren gainazalean jarri zuten arreta, hura hartzen baitzuten benetako espazio piktorikotzat.
Johnsen lanak modu diskretu baina zorrotzean erantzun zuen horren aurrean: margotutako irudiak, ezagunak izateaz gainera, lauak ziren.
Motibo horiek esparru publikokoak dira, arruntak, dela Estatu Batuetako kultura plastikoan, dela nazioartean. Haien nolakotasun sinple eta inpertsonalak ikusirik, berehala ezagutzeko modukoak dira. Hala ere, testuinguru artistiko batean kokatzean, Johnsek ohiko funtzioaz gabetzen ditu, eta bestelako interpretazioei zabaltzen die atea.
Irudi horiek dagoeneko badaudenez memoria kolektiboan, haiek hautemateko moduari erreparatzen diogu. Hala, pintura ez da berresten munduaren irudikapen gisa, objektu gisa baizik, materialez eta prozesuz osatutako gainazal gisa.
Horrenbestez, Johnsek zalantzan jartzen du ilusio piktorikoa, eta artelana errealitate gisa tratatzen du bere horretan, ez errealitatearen isla gisa. Kezka horrek zeharkatzen du haren ibilbide osoa, eta XX. mendeko artea definitu zuten eraldaketetako asko islatzen ditu.
Tiradera (Drawer), 1957
Obra honetan, Jasper Johnsek laukizuzen margotu bat aurkezten du, eta bi objektu gaineratzen dizkio: zurezko bi helduleku. Keinu sinple horrekin, irekitzeko modukoa dirudien tiradera baten itxura hartzen du lanak, baina, berez, mihise lau bat da.
Tiradera batek barnealde ezkutu bat iradoki ohi du, baina, kasu honetan, ezin dugu halakorik aurkitzerik espero. Johnsek tentsioa sortzen du aldez aurretik dugun ideiaren eta benetan bizi dugunaren artean: tiradera bat ikusten dugu, bai, baina aurrean duguna gainazal bat baino ez da. Disonantzia sotil horren bidez, objektu ezagun bat zerbait zehaztugabea bihurtzen da, eta arreta handiagoz behatzera bultzatzen gaitu.
Era horretara, Johnsek zalantzan jartzen du irudiei aurre egiteko eta haiek interpretatzeko izan ohi dugun modua.
Tiradera lanak artistaren testuinguru historikoari ere erantzuten dio. Espresionismo abstraktuak zituen eskala erraldoiaren eta aspirazio espiritualen aurrean, Johnsek keinu neurritsu bat proposatu zuen, ia ironikoa, pintura eguneroko objektuen eremura hurbiltzen duena.
Nire sentimenduen oroimenez–Frank O’Hara (In Memory of my Feelings–Frank O'Hara), 1961
Nire sentimenduen oroimenez–Frank O’Hara margolanean, Jasper Johnsek lehenbizikoz egin zion erreferentzia zuzena gertuko norbaiti; hain zuzen ere, Frank O’Hara poetari. O’Hara oso figura garrantzitsua izan zen New Yorkeko eszena kulturalean 1950eko eta 1960ko hamarkadetan. Margolanaren izenburua —koadroaren beheko ertzean ikus daitekeena— O’Harak 1956an idatzi zuen poema batetik hartua da, eta inflexio-puntu garrantzitsua adierazten du Johnsen produkzioan; izan ere, artistaren lanak pertsonalagoak izaten hasi ziren harrezkero, eta adiskideekin eta oroitzapenekin lotutako gaiak islatzen hasi ziren.
Pinturaren gainazalak keinu-tratamendua ageri du, eta bandera baten egitura gogorarazten du. Alabaina, enblemak hemen zerbait intimoa iradokitzen du, eta ez kolektiboa. Johnsek eguneroko objektuak sartu zituen obran —koilara bat eta sardexka bat, kasurako—, eta horrek iradokitzen du idaztea eta pintatzea jatea bezain beharrezkoak eta arruntak direla.
Obra emozioan errotuta badago ere, ez du hala denik zuzenean aitortzen. Emozioak formen, materialen eta asoziazioen bidez adierazita daude, eta ikusle bakoitzari dagokio beretzat zer esan nahi duen aurkitzea, nork bere esperientzian oinarrituta. Nolabaiteko urruntasun analitikoa galdu gabe, Johnsek margolanaren parte izaten uzten die sentimendu eta oroitzapenei, zeharka eta modu neurritsuan bada ere.
Lan hau egin zuen garaian, Johns grisarekiko interes handiagoa erakusten hasi zen, baita ere. Kolore hori bere ibilbide osoan agertzen bada ere, intentsitate berezia hartu zuen 1961 eta 1964 bitartean. Testuinguru horretan, grisa emozioei eusteko modu bilakatu zuen: Johnsek adierazi adierazten zituen emozioak, baina leunduta. Zenbaitetan, badirudi artistak kolore horrekin identifikatzen duela bere burua. Identifikazio hori bereziki nabarmena da Souvenirra izeneko lanaren kasuan.
Nire sentimenduen oroimenez–Frank O’Hara obraren egiturak bandera bat gogorarazten du, baina ez ditu beharko lituzkeen kolore bereizgarriak. Johnsek margotu zuen lehen banderaren eskala berbera du lan honek ere; beraz, nahita eginiko lotura isil bat dago bien artean.
Oro har, margolan grisak bat datoz artistaren bizitzako une zail batekin, orduan amaitu baitzen Robert Rauschenberg artistarekin zuen harreman sentimentala. Esplizituki ez bada ere, Johnsen obra kutsu introspektibo eta malenkoniatsuagoa hartzen hasi zen.
Ergel-etxea (Fool’s House), 1961–62
Ergel-etxea lanean, Johnsek benetako objektuak gehitu zizkion margolanari, zuzen-zuzenean: margotzeko erabilitako erratza, pigmentua nahasteko baliatutako katilua eta sukaldeko oihal bat atxiki zizkion koadroari, eta elementuok koadroan irudikatuta ere badaude, Johnsek haien izenak idatzi baitzituen alboan.
Objektuak gauza erreal gisa ageri dira, eta, aldi berean, baita hizkuntzaren bidez izendatutako irudi gisa ere. Ergel-etxea piezak ez du artistaren estudioa irudikatzen: barneratu egiten du. Ikuspegi horrek argi erakusten du Marcel Duchampen eragina, haren ready-made obrek ere artelan bihurtzen baitzituzten eguneroko objektuak, testuinguru berrietan kokatuta. Johnsek ideia hori hartu, eta aztertu egiten du esanahia nola alda daitekeen objektu arruntak pinturaren edo eskulturaren espaziora eramaten direnean.
Keinu horrek sormen-ekintzara bertara bideratzen du arreta. Artelanetan ikusezinak izan ohi diren lanabes artistikoak, kasu honetan, koadroaren esanahiaren parte izatera igarotzen dira, eta esanahi hori ekintza zehatzen emaitza gisa aurkezten da, ilusio gisa baino gehiago. Objektuak, lengoaia eta azalera konbinatzean, Johnsek lausotu egiten ditu errealitatearen eta errepresentazioaren arteko mugak.