Jasper Johns: Night Driver
Motibo lauak: banderak, ituak, zenbakiak, mapak
Bilbe gurutzatuak
Iruzkinak
Eskulturak
- Izenburua:
- Eskulturak
- Erakusketa:
- Jasper Johns: Night Driver
- Gaiak:
- Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Espazioa | Kolorea | Konposizioa | Lan-prozesua | Sinbologia | Erretratua eta autorretratua | Lankidetza artistikoa | AEB | Teknika eta materialak
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Kontzeptuala | Neo-Dada | Pop Artea
- Artelan motak:
- Eskultura | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Johns, Jasper
Areto honetan ikusgai dauden eskulturek hiru dimentsioko planora eramaten dute Jasper Johnsen funtsezko kezketako bat: eguneroko objektuekin lan egitea. Johnsek eutsi egiten dio objektuon itxurari, aldatu gabe. Marcel Duchampen ready-made lanen eraginez, Johnsek elementu arruntak aukeratu zituen —bonbillak, linternak eta egunero erabili ohi diren tresnak, kasurako—, eta benetako eskalan berregin zituen material iraunkorrak erabiliz, hala nola brontzea eta metala.
Obra horiek zuzeneko erreprodukzioak dirudite. Eskultura bihurtzean, alabaina, bertan behera gelditzen da haien funtzio praktikoa. Linternak ez du argirik egiten, eta bonbilla ez da pizten: behatzeko bakarrik diren objektu bihurtzen dira. Haien erabilgarritasuna ezeztatuta, Johnsek pertzepziorantz bideratzen du arreta, eta bestela oharkabean igaro litezkeen objektuak berraztertzera eramaten gaitu.
Umoreak ere funtsezko eginkizuna betetzen du. Kritikaria irribarrez lanean, hortzak ageri dira hortzetako eskuilaren zurden tokian, eta iradokitzen du kritikariek ahoaren bidez interpretatzen dutela, beren hitzekin, eta ez hainbeste behaketa objektiboen bidez.
Eskulturotan, objektu arruntek tresna izateari uzten diote kontenplazio-objektu bihurtzeko, eta agerian jartzen dute esanahia nola aldatzen den funtzioa desagertu eta, haren ordez, arreta ipintzen denean.
Souvenirra (Souvenir), 1964
Souvenirra lana artistaren autorretratu gisa interpreta daiteke: sotila eta berezia, ironian oinarritua. Japoniara egindako bidaia batean, Jasper Johnsek argazkiak atera zituen fotomatoi batean, eta, ondoren, oroigarri gisa erositako portzelanazko plater batera transferitu zuen irudi hura. Argazkidun platera bere horretan margolanean txertatzean, soila eta pertsonala den zerbait jarri zuen konposizioaren foku gisa.
Argazkiaren inguruan halo gisa antolatuta, hiru kolore primarioen izenak ageri dira (gorria, horia eta urdina), txantiloiz margotutako letrekin eginda; maiz erabili izan du artistak baliabide hori. Beste muturrean dauden atzerako ispiluak eta linternak mugimenduari, bidaiari eta norabideari buruzko erreferentzia sotilak txertatzen dituzte. Piezak begirada bikoitza iradokitzen du: atzera eta aurrera.
Keinuz margotutako koadroaren atzealde ilunak gau-giroa iradokitzen du, zeinak kontraste egiten baitu irudi nagusiaren argitasunarekin. Erretratu tradizional bat aurkeztu beharrean, Johnsek bere erretratu propioa eraiki du objektu, hitz eta asoziazioetatik abiatuta. Identitatea zeharka agertzen da, zatiz eta oroitzapenez osatuta, eta ez hainbeste errepresentazio finko batez. Autorretratua, pertzepzioari eta esperientziari buruzko hausnarketa bihurtuta.
Estudioa
Estudioa eta Estudioa II lanetan, arteari forma emateko lan-espazioak arakatzen ditu Jasper Johnsek. Artistaren tailerra barnealde ezagun gisa irudikatu beharrean, bere ingurunetik zuzenean hartutako aztarnak eta elementuak jartzen dizkio, eta, hala, ezabatu egiten ditu sorkuntza-lekuaren eta obraren arteko distantzia.
Estudioa obra 1964koa da, eta Johnsek Hego Carolinako Edisto Beach udalerrian duen tailerreko atearen benetako arrastoa jasotzen du. Pinturak eguneroko zenbait objektu ditu, hala nola alanbre batetik esekitako latak eta brotxa bat, eta iradokitzen du artistaren estudioko elementuak direla, baita obraren parte ere. Badirudi espazioa, irudikatuta egon beharrean, ensanblaje bidez eginda dagoela, inpresio eta arrasto materialetatik eraikita.
Estudioa margotu eta gutxira egindako Estudioa II lanean, koloreak eta espazioaren antolaerak protagonismo handiagoa hartzen dute. Gainazalen orientazioa ezberdina da bertan, eta formek zaildu egiten dute interpretazio finkorik egitea.
Oro har, bi pieza hauek gai aktibo bihurtzen dute estudioa —hau da, koadroetan askotan ikusezin geratzen den prozesu artistikoaren partea—. Planteatzen dute pentsatzea eta gauzatzea prozesu banaezinak direla, eta obrak bere baitan jasotzen duela zer-nolako baldintzetan sortu zen.
Johnsek hiru pinturatan landu zuen artistaren lantokiaren gaia, eta hirurak ere areto honetan bilduta daude: 1964ko Estudioa eta 1966ko Estudioa II lanekin batera, Amsterdameko Stedelijk Museoko Titulurik gabea (1964–65) lana ere talde horretakoa da.
Bainua (The Bath), 1988, eta Bentrilokuoa (Ventriloquist), 1983
Jasper Johnsek 1980ko hamarkadan eginiko pintura-multzo batean, bainugela baten ingurune intimoa hauteman dezakegu. Bentrilokuoa eta Bainua lanei erreparatzean, bainuontzi baten barruan eseritako norbaiten tokia hartzen dugu. Beheko ertzetik gertu ikusten den bi giltzadun txorrotak ematen du ikuspuntu hori, eta elementu horren inguruan artikulatuta daude gainerako irudiak.
Bi koadroetan, begirari iruzur egiten dioten elementudun gainazal gisa aurkezten dira hormak: hor ageri diren irudi-zatiak Johnsen beraren edo beste artista batzuen lanetakoak dira, hala nola Pablo Picassorenak edo Barnett Newmanenak. Irudi batzuk ebakita, alderantzikatuta edo lekuz aldatuta ageri dira; ematen du ezen, beste ikuspegi batetik begiratuz edo koadroa muturretatik tolestuz gero, irudi osoa berrosatu litekeela. Ikuseremu berean ageri dira memoria, eraginak eta aipu artistikoak.
Barnealde errealista baten irudikapenak baino gehiago, espazio mentalak dira margolanok. Bainugela intimitatearekin eta introspekzioarekin lotua da berez, baina lanotan begiradari, oroitzapenei eta identitate artistikoari buruz hausnartzeko leku bihurtzen da. Obra horiek ziurgabetasunak eta zaurgarritasunak markatutako hamarkada batean eginak dira, eta Johnsek ordura arte egindako lanetakoa baino giro isil eta gogoetatsuagoa transmititzen dute. Esperientzia pertsonala eta ikonografia kulturala hierarkia argirik gabe elkartuta.