hezkuntza-edukia
Egon Schiele eta beste artista batzuk
- Izenburua:
- Egon Schiele eta beste artista batzuk
- Erakusketa:
- Egon Schiele
- Gaiak:
- Arte orientala | Artea eta espazioa | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Biluzia | Erretratua eta autorretratua | Paisaia | Arte Berriaren Taldea | Der Blaue Reiter | Sezesio vienarra
- Mugimendu artistikoak:
- Espresionismoa | Modernismoa | Sinbolismoa
- Aipatutako artistak:
- Schiele, Egon
Enfant terrible fama zuen arren, Schielek XX. mende hasierako Europa erdialdeko giro intelektual bizian bere lekua bilatu, eta lortu, egin zuen.
Hastapenak
Vienako Arte Ederren Akademian denboraldi laburra eman zuen Schielek, 1906tik 1909ra, bertako gehiegizko akademizismoak ikasketak uztera bultzatu baitzuen. Ondoren, 1909an, beste artista batzuekin batera, Neukunstgruppe taldea (“Arte Berriaren Taldea”) sortu zuen. Talde horrekin hainbat lan erakutsi zituen, eta manifestu bat idatzi zuen, 1914an argitaratu zena: Die Kunst. Der Neukünstler (“Artea eta artista berriak”). Testu horretan Schielek artistaren modernotasunaren alde egin zuen, eta ez artearen modernotasunaren alde. 1909an, sinbolismoaren eragina zuten zenbait erretratu erakutsi zituen Schielek International Kunstschau erakusketan. Erakusketa hori Klimt-ek eta Vienako sezesionistek antolatu zuten. Sezesioa 1897an sortutako Vienako mugimendu bat izan zen; arkitektura, diseinua eta artea barne hartu zituen, eta euren ideiak zabaltzeko Ver Sacrum aldizkaria (“Udaberri sakratua”) erabili zuten 1898tik 1903ra. Europako beste herrialde batzuetan ere pareko mugimenduak izan ziren garai hartan: Alemaniako Jugendstil, Frantziako Art Nouveau eta Espainiako Modernismoa.
Bestelako eraginak
1909ko International Kunstschau erakusketan Schielek Vincent van Gogh (1853–1890) nederlandarraren eta Edvard Munch (1863–1944) norvegiarraren lanak ikusi zituen. Azken horren estilo espresionistaren eragina antzeman daiteke Schieleren geroko kolorearen erabileran. Wiener Werkstätte (“Vienako lantegia”) elkartearekin ere harremanetan izan zen Schiele. Elkarte horrek diseinuaren iraultza ekarri zuen arte plastikoetara. Schielek lau posta-txartel egin zituen elkarte horretarako 1909an (ikusgai daude erakusketa honetan); dena den, ez ziren inoiz argitara eman. Halaber, 1910ean, Bruselako Palais Stoclet jauregirako metal mailukatuzko panel bat diseinatu zuen, haien mandatuz, baina ez zuten inoiz gauzatu. Jakin-nahiak Europan zehar bidaiatzera eraman zuen Schiele. Pragako eta Municheko intelektualak ezagutu zituen, baita Alemaniako Der blaue Reiter (“Zaldizko urdina”, 1911–14) taldeko espresionistak. Ondo miretsi zuen talde hori eta haien almanaka estudioan zeukan ikusgai, leku gailenean. Gainera, taldearen lehen erakusketa ikusi zuen 1911n, Municheko Moderne Galerie Heinrich Thannhauser galerian; izan ere, Franz Marc-en (1880–1916) Behi horia (Gelbe Kuh, 1911) lanaz irudiztatuko posta-txartel bat bidali zion amari. Urte horretan bertan Municheko Sema artista-taldeari batu zitzaion; talde horren kide ziren, besteak beste, Paul Klee eta Alfred Kubin.
Asiako artea
Schielek ez zuen interesa Mendebaldeko artean soilik; Asiako arteak liluratzen zuen, eta arte horretan ohikoa den espazioa lantzeko eta airetiko ikuspegia erabiltzeko moduak ikertu zituen. Klimt-ek bezala, Japoniako artea biltzen zuen, bereziki, grabatuak. Eragin hori agerikoa da paisaia eta biluzi batzuetan.