hezkuntza-edukia
Aitzindariak. Beren garaiaren aurretik
- Izenburua:
- Aitzindariak. Beren garaiaren aurretik
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artea eta erlijioa | Artea eta filosofia | Artea eta literatura | Artea eta zientzia | Artearen historia | Eragin artistikoa | Kritika | Espiritualtasuna | Teosofia | AEB | Europa | Ingalaterra | Automatismoa | Espiritismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Aipatutako artistak:
- Af Klint, Hilma | Houghton, Georgiana
Lengoaia abstraktua darabilten lehen obrak nola sortu ziren ulertzeko, funtsezkoa da teosofiak eta espiritualtasunak sasoi hartan izan zuten garrantzia ezagutzea.
Teosofia 1875ean sortu zen AEBn, eta zale asko izan zituen Europan ere. Mendebaldeko eta ekialdeko espiritualtasunak gerturatu nahi zituen, bai eta bi tradizioetatik eratorritako erlijioak eta filosofiak hurbildu ere. 1890eko hamarkadan, gainera, aurkikuntza zientifiko ugari egin ziren, besteak beste X izpiak, erradioaktibitatea eta elektroiak, eta horrek agerian utzi zuen errealitate ikusezinak ere bazirela. Hortaz, ulertzekoa da garai hartan zale ugari erakartzea mundu materialaren eta errealitate goren baten artean lotura egotearen ideiak.
Era horretako hainbat teoria eta praktika zabaldu ziren Europan barna, eta eragin nabarmena izan zuten emakume batzuengan; andre horiek espiritismo-saioetatik abiatuta sortzen zituzten beren artelanak. XIX. mendeko Ingalaterrako gizarte viktoriarrean, emakumeak askatasun handiagoa lortzen hasiak ziren arian-arian, bai etxean bai lan-mundu sortu berrian, eta testuinguru horretan, inguru askatzailea eskaintzen zuten espiritismo-saioetako gela ilunek. Garaiko emakume artistek, beraz, izaki gorenengandik jasotako mezuak bideratu zituzten beren sorkuntzetan. Ahots alternatibo horri esker, emakumeen esana arreta bereganatzen hasi zen poliki-poliki.
Artelanez gainera, aipatzekoak dira sortzaile haien testu oparoak ere. Georgiana Houghton britainiarrak, esaterako, bere esperientzien berri eman zuen Evenings at Home in Spiritual Seance liburuan, saioei buruzko xehetasun mordo batekin. Hilma af Klint suediarrak, berriz, 20.000 orrialde inguru idatzi zituen, 126 koaderno guztira, oharrak eta idazkera automatikoz osatutako testuak jasotzen zituztenak, baita hiztegi bat ere, bere lengoaia esplikatzen zuena. Houghtonek eta Af Klintek jendaurrean erakutsi zituzten beren obra aitzindariak, baina ez zuten harrera onik izan.