hezkuntza-edukia
Emakume artistak vs. Artista emakumeak
- Izenburua:
- Emakume artistak vs. Artista emakumeak
- Erakusketa:
- Emakumeak abstrakziogile
- Gaiak:
- Emakumea artean | Generoa eta sexualitatea | Artea eta gizartea | Artea. Teoria | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Historia-margoa | Pinturagintza | Black Mountain College | Hans Hofmann School of Fine Arts | Bigarren Mundu Gerra | Hans Hofmann | Alfred Barr | Griselda Pollock | Linda Nochlin | Amatasuna | Arrazakeria | Kontzentrazio-esparrua | Klase sozialak | Aristokrazia | Burgesia | Sexismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Kubismoa
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth | Krasner, Lee
Egon ote zen emakumezko artistarik? 1970eko hamarkadatik aurrera, arte-historialariak —Linda Nochlin, adibidez— gogoeta egiten hasi ziren, ea zergatik ez zen agertzen emakume artista handien izenik artearen historiako liburuetan.
XVI. mendetik aurrera, liburuetan agertzen diren emakume artista bakanak zirkulu aristokratikoetako kideak ziren. Akademien urrezko aroan, XVIII. eta XIX. mendeetan, emakumeen ekoizpen artistikoa margolaritzako gai “txikiagoetara” mugatuta zegoen. Galarazita zegoen emakumeek gizonen anatomia ikastea, ondorioz, ezin zuten kategoria gorenean aritu: historia-margolaritzan, alegia. Gainera, ideologia burges berriak etxeko espazioaren eta amatasunaren idealak ezarri zizkien emakumeei xedetzat. Ideal horiek beste estratu sozialetara zabaldu ziren gero.
Alfred H. Barr-en diagrama famatuan, Kubismoa eta arte abstraktua (1936) deritzon horretan, arte modernoa sortu zuten mugimenduen sailkapenean erabat ezabatu zuen emakume artisten ekoizpena. Eskema horretan eredu bakarra ageri zen: gizon zuri heterosexualek sorturiko eta gizon heterosexualek kontsumituriko artearen eredua hain zuzen.
Ikuspuntu hori artearekin lotutako erakundeetan ez ezik arte-eskolarik modernoenetan ere aurki zitekeen, hala nola Hans Hofmann School of Fine Arts zentroan. Hofmannek berak zera esan zuen Lee Krasner-en lan bati buruz: “Hain da ona, inork ez bailuke esango emakume batek margotua denik”.
Genero-diskriminazioaz gainera, beste artista batzuek arrazaren ondoriozko bazterketa jasan zuten. Ruth Asawa estatubatuarra jatorri japoniarrekoa zen, eta barneratze-esparru batera eraman zuten AEBn bertan Bigarren Mundu Gerraren garaian. Azkenean, Black Mountain College unibertsitate aurrerakoi eta esperimentalean ikasteko modua izan zuen, eta, horren ostean, pedagogia artistikoan eta aktibismoan jardun zen buru-belarri.
Gaur egun, hainbat historialarik, hala nola Griselda Pollock-ek, beharrezkotzat jotzen dute oraindik artelanen azterketarako irizpide berriak finkatzea, hala nola generoaren araberako azterketa eta aintzat hartzea artista bakoitzaren eta haren sorkuntzaren testuinguru politikoaren eta sozialaren ezaugarriak.