Edukira zuzenean joan

Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa

hezkuntza-edukia

Bereganatzea

Artegintzan, “bereganatzea” dagoeneko existitzen diren objektu eta irudiak hartzean eta erabiltzean datza. Bere horretan har zein eralda daitezke, betiere, beste esangura batzuk emanez.

Artistek jatorrizko irudiak erakutsi ohi dituzte hainbat euskarritan, esaterako bideoa eta eskultura, baina horien irakurketa berria proposatzen dute, ikusleari irudiak arrotzak diren sentsazioa eragiteko. Andy Warholek (Pittsburgh, AEB, 1928−New York, 1987) 1960ko eta 1970eko arte-esparruko eta gizarteko irudi gailen ugari berrinterpretatu zituen, tartean Marilyn Monroe; horren adibide dugu Guggenheim Bilbao Bildumako Ehun eta berrogeita hamar Marilyn koloretsu (One Hundred and Fifty Multicolored Marilyns, 1979).

Erakusketa honetan bereganatzearen eta BERRINTERPRETZEaren adibide dugu Xabier Salaberriaren (Donostia, 1969) lan bat: Inkontziente/kontziente (2011). 302. aretoan dago ikusgai, eta Carlon izeneko apalategitik abiatuta egindakoa da. Apalategi hori 1981ean diseinatu zuen Ettore Sottsass arkitekto italiarrak; kolore biziz margotu zuen hark. Salaberriak berriz, jatorrizko altzariaren bereizgarri hori aldatu eta berrinterpretatu zuen: beltza da lana, xafla metalikoz egindakoa; azken ezaugarri hori euskal burdingintza tradizioari egindako keinua da.

Nahiz eta dagoeneko existitzen den objektu batetik abiatu, Salaberriak objektu hori beste une batean eta testuinguru batean aurkezten du. Horrek lanaren esangura aldatzen du; izan ere, artelan bihurtu du erakusketa-sisteman ezartzean.