Edukira zuzenean joan

Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa

hezkuntza-edukia

Gaur eguneko historia

Politikaren, gizartearen eta historiaren alorreko gertakizunak artegintzan maiz inspirazio-iturritzat baliatzen dira. Xabier Salaberriaren hitzetan: “historia monumentuen, erakusketen eta abarren bidez ere azal daiteke”.

Erlea Maneros Zabalak (Bilbo, 1977) horrelako gertakizunak erabili zituen Titulurik gabea, osteguna, 2001eko azaroaren 1a, Los Angeles Times eta New York Times [Untitled, Thursday, November 1st, 2001, Los Angeles Times and New York Times, 2005–13] saila egiteko. Afganistango lehen bonbardaketaren prentsako lau argazki atera zituen, hain zuzen, AEBn irailaren 11an gertatutako atentatuaren ostekoak. Seriea 305. eta 306. aretoetan dago ikusgai, eta oraindik ere artistak ez du lan-PROZESUA amaitu, hau da, artista oraindik ere hura jorratzen ari da. Hedabideetako argazkien naturaltasunik eza —eta naturaltasuna kentzea— salatzen du Maneros Zabalak serie horren bidez; izan ere, gerra, gertakizun tragikoa eta lazgarria, zerbait “goxoagoa”, ez horren mingarria, bihur daiteke argitaratutako argazkien estetikari esker. Kontsumo-gizartearen krisialdia eta informazioaren manipulazioa ere salatzen ditu, eta aukeratutako irudiei bestelako esanahiak ematen dizkie ohiz besteko guneetan (museoan) jartzen baititu. Ikusleak haien aurrean ipintzen gaitu.