Edukira zuzenean joan

Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa

katalogoa

Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa

Álvaro Rodríguez Fominaya / Lucía Aguirre

Izenburua:
Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa
Egilea:
Álvaro Rodríguez Fominaya / Lucía Aguirre
Argitalpena:
Bilbo: FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2013
Neurriak:
23 x 20,5 cm.
Orrialdeak:
132
ISBN:
978-84-95216-72-4
Lege gordailua:
BI-1399-2013
Erakusketa:
Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria. Prozesua eta metodoa
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta teknologia | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Memoria | Euskal Herria
Mugimendu artistikoak:
Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
Artelan motak:
Arkitektura | Grabatua | Ikus-entzunezkoa | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Garmendia, Iñaki | Maneros Zabala, Erlea | Salaberria, Xabier

Belaunaldi bateko hainbat artistari buruzko azterketa orok exorzismo-ariketa bat dakar berarekin eta, aldi berean, hiru artistek espazio bera partekatzeko dituzten arrazoiei buruzko ikertze sakon bat ere bai. Ez dago azaleko homogeneotasunik, autore horien praxia berehala erlazionatuko duenik, aitzitik, azalaren azpitik eraikitzen da lotura hori, eta, zentzu horretan, askoz modu konplexuagoan behar du disekzionatua izan.

Baldin eta lotura bat adierazi behar balitz Iñaki Garmendiaren, Erlea Maneros Zabalaren eta Xabier Salaberriaren obren artean, historia ikertzeko materiatzat ulertu izanean eta hirurek proposatzen diguten haren etengabeko berrikustean legoke hari hori. Baina, historia gaitzat hartu izanaz harago, sortzen da, modu sotilago eta hautemangaitzago batez, batzuetan “sentiberatasun komun” bat deitzen diogun eta beste batzuetan “prozesu eta metodo” gisa definitzen dugun zerbait, genealogia hori ikuspegi analitiko batetik aipatzen dugunean. Gauzen egoeraz begirada fenomenologiko bat ere suma daiteke artista horiengan, eta, horrekin batera, egunerokotasunaren esperientzia barnean hartzen duen ikuspegi bat. Ikerketa-lerro horiek, komunak eta garrantzitsuak, ez dira zeregin estetiko uniforme batean mamitzen, askotariko sare bat marrazten duten bektoretan baizik. Sare horrek substratu bat du, batzuetan lurraldearekin eta beste batzuetan XX. mendeko ideia eta mugimendu artistikoen historiarekin zerikusia duena. Haiengan, interpretazio horren lehengaitzat ekartzen da dokumentua lehen planora. Artista interstizialak eta militanteak dira hirurak, zehatzak eta koherenteak, eta haien praxiak emaitzaren potentziaren eta objektuaren eraikuntzaren aldez aurrekoak ditu analisia eta formulazioa. Ez dugu belaunaldi bat errepresentatzeko asmorik —hiru artistarekin nekez defini daiteke kolektiborik–; hala, eta modu kontzientean, hiru ahotsen gaineko begirada murriztaile honek haietariko bakoitza sakon aztertzea errazten du.

Hiru esku-hartze

Aldez aurreko obren aukeraketa bat da erakusketa, eta, horrez gainera, hiru artistetako bakoitzak proiektu berri bat dakar erakustaldira: haien esku-hartzeen bidez indartu egiten da erakustea ariketa bat delako ideia. Gogoeta horrek garamatza ez bakarrik haien aldez aurreko obrara, baita ikerketa-bide berrien hasierara ere. Hala, hiru egitura autonomoren multzo baten gisara sortua dago erakusketa, baina, aldi berean, elkarrekin harremanetan daude egiturok, eta artistetako bati eskainia dago bakoitza. Kontakizunaren eta analisiaren arteko bitartekaritza horrek elkarren artean erlazionatzen ditu hiru ikerketa, nahiz batzuetan elkarrengandik aldentzen diren, baina beste batzuetan kontzeptualki bat egiten duten.

Ikaraundi-EQDALOS (burua paretaren kontra belaunikatua), 2013an eginiko obran, Jorge Oteizak José Sarriegui margolariari egin zion busto bat hartzen du Garmendiak oinarritzat; pieza hura 1934ko Kursaalgo Artista Berrien Lehiaketan egon zen, eta aztarnarik utzi gabe desagertu zen lehiaketaz geroztikako hurrengo hamarkadan. Elementu dibergenteen gainjartzea esplizitatu egiten da, mihiztatzea eredu gisa esperimentatu izan den bezala artearen historian. Erakusketaren izenburuak ematen duen testuinguruaren aurrean, Garmendiak prozesu- eta metodo-nozioei atxikitzeko aukera egiten du, eta obra berria garatzeko askotariko prozesuak azpimarratzekoa. Artistak berak esplikatzen duenez, “Sarrieguiren bustoaz gorde diren argazki gutxietatik abiatuta, berformulatu egin dira piezaren bolumena eta inguruak. Hemen, ingeniaritza industrialeko hala kontzeptuak nola prozesuak zuzenean eta erro-errotik aplikatzen zaizkio oroimenaren eta oroitzapenaren ingeniaritzako bestelako esperimentu bati”1.

Maneros Zabalak Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961–1967 proposatzen du; kobre gainean grabatutako 40 xafla dira, 42 x 30 cmkoa bakoitza. Xafla horiek Sine Nomine aldizkariko orrialde batzuk erreproduzitzen dituzte; argitalpen hori klandestinitatean jaio zen, Egiz (1950–52) aldizkaria debekatu ondoren, eta 1961etik aurrera euskal apaizek editatu (ziklostilen) eta banatu zuten. Artistaren aurreko lan-sail batzuk berrinterpretatu ahal izateko balio digu obra honek, zeren eta baldin irudiari eta haren konplexutasun kontzeptualari erreparatzen bazion lehen, eta hari testuingurua kenduz irudia baldintzatua geratzen zen, orain, berriz, tipografian zentratzen baita; horrekin, irudiaren alderdi formaletatik testuaren alderdi formaletara mugitzen du artistak bere interesa.

Testu/Irudi bitasunaren arteko muga ezabatzen du, nolabait, Abstrakzio-ariketak (I., II., III. eta IV. sailak) (2007–13) bezalako sailetan egin zuen bezala, non testuaren edukia begien bistatik ezkutatzetik abiatzen baitzen, abstrakziora heltzeko. Gainera, Euskal grafia; tipografia eta apaingintza: 1961–1967 obran ez da orrialde inprimatua erakusten, testua sorraraziko zuen matrizea baizik, erreproduzio mekanikoaren prozesua erakusten digun ekintza arkeologiko bat bailitzan, lehenengo planora ekarririk, horrela, galtzeko zorian dagoen teknika industrial zaharkitu bat, formaren eta edukiaren arteko oreka indartzen duena.

Salaberriak, berriz, A.T.M.O.T.W. instalazioa sortu du, Museoaren arkitekturan eta eskalan berariaz pentsatuz, baina estrategia artistiko generiko gisa berria ez den zerbait haren ikerketaren oinarrizko alderdi bilakatzen da, non aldez aurretik existitzen den arkitektura azpitestu gehigarri bat baita.

All The Material Of The World hitzaren inizialak dira A.T.M.O.T.W., izen hori bera zuen argitalpenaren azala egin baitzuen artistak 2010. urtean, Gure Artea lehiaketaren XX. edizioaren karietara. Izenburua erabateko asmo-adierazpen bat da, proiekzio entziklopedikotik erakusten duenagatik. Salaberriak maiz erabiltzen ditu arkitektura modernoaren aipamenak, Ettore Sottsass edo Ludwig Mies van der Rohe bezalako autoreak aipatuz. Oraingoan, Gerrit Rietveld da abiapuntuetako bat bere burua talaiatzat aurkezten duen obra honetan, non bere aurreko lanen erreferentzia asko inskribatuak baitaude edo han grabitatzen baitute, hala nola Martello, 2012, edo Inkontziente/kontziente, 2011. Proiektu berri honen substratu eta sortze-metodo bihurtzen den metatze geroratuko semantika honetan dago artearen, arkitekturaren eta diseinuaren arteko intersekzioa.

Erakusketa kolektiboko ariketa honen bitartez —metalinguistikoa, azken batean—, ez gara tokian tokikoaren errepresentazioaren bila ari, hain zuzen ere guztiz kontrakoaren bila baizik: auzitan jarri nahi dugu tokian tokikoaren errepresentazioa. Jarrera kritiko horretatik hartzen du zentzua interakzio honek eta jarrera horrexetatik irakur ditzakegu, nahi baldin badugu, hiru artista horietako bakoitzaren obrak.

[Itzulpena: Jon Muñoz]

Oharrak

  1. Artistaren testu argitaragabea, 2013 [itzuli]