Edukira zuzenean joan

© Murakami

hezkuntza-edukia

Nor da...

…Koumokkun?

Koumokkun, “dena ikusten duena”, mendebaldea zaintzen du gaizkiaren zehar ikusteko gaitasuna baitu.

…Tamon-Kun?

Tamon-Kunen edo “dena entzuten duenaren” jatorrizko ikonografian, iparra zaintzen du eta leku sakratuak babesteko otoiez arduratzen da.

…Jikokukun?

Jikokukun “Estatua gordetzen duena” edo “ekialdeko lurren zaindaria eta babeslea”da. Eskuan ezpata bat du mundua zaintzen duenaren seinale.

…Zoucho-Kun?

Zoucho-kun, “haztarazten duena” edo “hazkuntzaren zaindaria”, hegoaldea babesten du eta pertsonen sufrimendua arintzen du.

…Mr. Pointy?

Mr. Pointy eta lau zaintzaileak budismoaren tradiziozko eskultura-talde bat du oinarri, horretan Mr. Pointy irudiaren erdian eserita dago eta inguruan lau zaintzaileak ditu, horiek airean esekita daude idulki batzuen gainean, zeru-goietatik lurrerako bidean baleude bezala.

…Mr. Dob?

Murakami-k ikono, baita logo ere, bihurtzen diren pertsonaiak sortzen ditu haren irudimenezko unibertso bisualaren oinarri.

1993an Mr. DOB sortu zuen haren alter ego gisa, autorretratu modu bat.

Mr. DOB buru borobila eta bi belarri dituen irudia da; ezkerreko belarrian D hizkia eta eskuineko belarrian B hizkia agertzen dira, beraz, O itxurako aurpegia duenez, haren izena irakur daiteke.

DOB izena “Dobojite dobojite” (Zergatik? Zergatik?) dada gisako esamolde japoniarraren kontrakzioa da, Inakappe Taisho komikian eta Tōru Yuri komediante japoniarraren “oshamanbe” esaldi ezagunean jatorria duena.

Murakamik Mr. DOB sortu zuenean, guztiz japoniarra izanik, mundu osoan erakargarria litzatekeen ikono bat sortu nahi zuen.

Horretarako Japoniako manga edo komikietan eta anime edo animazioan agertzen den Doraemon katu-itxurako robotaren osagaiez baliatu da, eta gainera Sonic kirikinoa, bideo-joko eta animeko pertsonaia izan du inspirazio-iturri.

…Kaikai & Kiki?

Kaikai eta Kiki artistaren babesle espiritualen irudi diren bi pertsonaia dira. Batak belarri zuri luzeak ditu eta irribarrez dago (Kaikai), bestea, aldiz, arrosa da eta belarri txikiak ditu, hiru begi eta marrazo hortzak diruditen haginak (Kiki).

Kaikaikiki terminoa Honcho gashi (Pintura japoniarraren historia, Kano Sansetsuk eta Kano Einok bildua) liburuan erabili zen Kano Eitoku-ren lanak deskribatzeko. XVI. mendeko artista zen hura eta Kano estiloaren ordezkari bikaintzat zuten. Murakamik karaktere japoniarrak erabiltzen ditu pertsonaia hauen belarrietan esamolde hori idazteko, izan ere, pertsonaia horien jatorria ere Kanoren lanean dago: kaikaikikik “bitxia, baina dotorea” eta kikikaikaik “leuna, baina ausarta” esan nahi dute. Artistaren asmoa da bi lan hauek dikotomia nahasi horiek aditzera ematea.

Kaikai eta Kiki hainbat eskulturatan, marrazkitan, pinturatan elkarrekin, bakoitza bere aldetik edo beste pertsonaia batzuekin agertzen dira.

…Oval?

Oval buda gisa Murakamik sortutako beste pertsonaia bat da. Buru bat baina bi aurpegi ditu. Aurpegietako bat gogoetatsu dago: itxita du zapo aho handia eta japoniar enperadore baten antzeko koskopeko urria du, artistarena bezalakoxea, hain zuzen. Beste aurpegiak zabalik du ahoa, eta irribarrez ari da hortz zorrotz eta ikaragarriak erakutsiz. Gorputz txikia loto-oinarri baten gainean eserita dago, Kamakura XII. mendeko eskultura budistatik hartutako oinarrian. Irudia eta oinarria elefante zapal baten gainean daude, hots, iraunkortasunaren eta indar etenezinaren sinbolo budistaren gainean.

Oval pertsonaia Murakamiren lan ugaritan azaltzen da. 1999an sortu zuen aurreneko aldiz, Issey Miyake-ren diseinu-buru Naoki Takizawak kamiseta-linea berri baterako pertsonaia ikoniko bat sortzeko eskatu zionean. Kamisetak arrautza-formako ontzitan bilduta saltzea zen asmoa; eta kamiseten gaia haur ingelesen irudimenezko munduko Humpty Dumpty arrautz-itxurako pertsonaia. Diseinuak aurrera egin ahala, Humpty Dumptyren osagaiak ez ezik Hyakume edo Ehun Begi izeneko japoniar munstroarenak ere barne hartu ziren. Murakamiren pertsonaia ugarirekin gertatu den legez, era askotako euskarritan agertu da Oval: pinturatan, eskulturatan, globotan eta bildumazaleentzako salgaietan.

Zilarrezko Oval Buda gisa obrak elkartu egiten ditu arte budistaren eta mendebaldeko eskulturaren erreferentziak, baita artistaren ezaugarri diren motibo batzuek ere; eta haren identitate kulturala, nazionala, erlijiosoa eta artistikoa miatzen jarraitzen duela erakusten digu gainera.

…Takashi Murakami?

Takashi Murakami (Tokio, 1962) azken hamarkadotan arte-munduan gehien eragin duen artista japoniarretako bat da.

Hainbat diziplina lantzen ditu: pintura, eskultura, industria-diseinua, animazioa, moda eta bestelako teknikak, baita merchandising delakoa ere.

1980ko hamarkada amaieran Japonian izan zen gorakada ekonomikoaren ostean azaldu zen artisten belaunaldikoa da eta herri-kulturaz elikatzen da bere ikusizko lexikoa sortzeko.

Haren lanek gaur egungo japoniar gizartea aztertzen dute: horren usadiozko kulturaren ondarea, Bigarren Mundu Gerra osteko garapena eta mendebaldearekin, bereziki AEBekin, duen harremana.