Edukira zuzenean joan

Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)

hezkuntza-edukia

Proiektu publikoak

Tàpies-ek etxe zein museotarako eskulturak egiteaz gain, gune publikoetarako hiru-dimentsioko objektuak ere egin zituen luzaroan. 1960ko hamarkadan hasi zen horrelako eskulturak egiten: Handels-Hochschule-ko liburutegiko hormak egitean (St. Gallen, Suitza, 1962). Formatu txikiagoko lanak sortu bitartean egiten zituen artelan publikoak; batera garatu zituen, eta, ondorioz, elkarren arteko ezaugarri ugari partekatzen dituzte.

Material, teknika eta osagai bertsuak erabiliz azpimarratu zuen Tàpiesek arte-sorkuntza ulertzeko bere era. Burdin haria eta metalezko sareak —material umilak—, bai eta muntaia-teknika, baliatu zituen eskultura txikitan zein handitan [Monument Homenatge a Picasso (Picasso-ri omenaldia monumentua), 1983]. Artista katalanak haren artean zeuden zeinu eta objektuak espazio publikora eraman zituen: gurutzeak [Mitjó (Galtzerdia), 2010], aulkiak [Núvol i cadira (Hodeia eta aulkia), 1990] eta oheak (Rinzen, 1992–93), besteak beste. Horiek guztiek esangura berezia hartu zuten, eta eguneroko objektua arte-sorkuntzarako materia izan zitekeela nabarmendu zuten. Horrelako lanek, gainera, beste diziplina batzuetako profesionalekin lan egiteko aukera eman zioten.

Tàpiesen aburuz, artista batek gizalegezko ardura zuen: gizarterako baliagarriak ziren artelanak sortzea. Artearen eginkizuna zen, harentzat, ikuslearen kontzientzia astintzea, hunkitzea. Kalea, beraz, toki abantailatsua zen, mezua hobe ikustarazteko erabilgarria baitzitzaion. Halaber, hausnarketa sorraraztea eta meditazioan murgiltzea ere asmo zituen [Sala de reflexió (Hausnarketa-gela), 1996]; izan ere, ekialdeko filosofiek erakartzen zuten. Artistaren hitzetan: “Arimak ukitzea bilatzen dut, ez masak”.