Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

hezkuntza-edukia

1985–1989

1985

ROCI (Rauschenberg Overseas Culture Interchange) erakusketa bihurtu zen Mendebaldeko artista garaikide bati Txinan eskainitako erakustaldirik garrantzitsuena. Pekingo Arte Galeria Nazionalean egin zen eta, 18 egunean 300.000 bisitari baino gehiago jasota, eragin handia izan zuen 85eko Uhin Berriko artistengan.

1985

Artista-talde eta erakusketa ez ofizial ugari loratu zen, geroago 85eko Uhin Berria deituko zitzaion mugimenduaren baitan. Termino horrek herrialde osoko artistak izendatzen zituen, era askotako agerraldi artistikoak lantzen zihardutenak, hizkera berrien bila: performanceak, bilerak, hitzaldiak, solasaldiak, aldizkariak eta happeningak.

1986

Hogeita hamar bat arte-kritikarik osaturiko elkarte bat eratu zen, Arte moderno txinatarraren ikerketa-batzordea izenekoa. Herrialde osoko abangoardiako artearen erakusketa bat antolatzea zen Batzordearen helburuetako bat, eta 1989an inauguratu zen hori azkenean.

1986

Ikasleek manifestazioak egin zituzten Txinako hiri askotan, Gobernuaren politiken eta praktika demokratikoen faltaren aurrean protesta egiteko. Agintariek berehala erantzun zuten, Liberalizazio Antiburgesaren Kanpaina izenekoarekin, eta hark abangoardiako jarduera artistiko asko eragotzi zituen 1988aren erdialdera arte.

1986

Txernobylgo zentral nuklearrean (SESB) izandako leherketa batek hodei erradioaktibo bat askatu zuen, Errusiaren gainean hedatu eta Europara heldu zena.

1987

Mendebaldeko estiloko janari lasterreko kateak heldu ziren Txinara, urte honetan zabaldu baitzen Kentucky Fried Chicken (KFC) kateko lehen jatetxea. Ondoren McDonald’s heldu zen, 1991n.

1987

Deng Xiaoping presidente txinatarraren urratsei jarraituz, Sobietar Batasunaren presidente Mikhail Gorbatxovek berregituratze politikoko eta ekonomikoko neurrien programa bat jarri zuen abian, Perestroika izenekoa (errusieraz, berregituratzea).

1989

Tim Berners-Lee zientzialari britainiarrak World Wide Web asmatu zuen Ikerketa Nuklearreko Europar Erakundean (CERN). Mundu osotik zetorren informaziora berehalako sarbidea izateak denboraren eta espazioaren giza esperientzia irauli, eta ordena neoliberalaren eta haren balioen aurrerabidea bultzatu zuen mugarik gabeko mundo batean.

1989

Laurogeiko hamarkadan, bereziki Tiananmengo gertaeren ondoriozko errepresio-neurriak zirela-eta, artista garaikide batzuek Txinatik alde egin zuten, atzerrian bizi eta lanean aritzeko (hala adibidez, Ai Weiwei Estatu Batuetan; Chen Zhen Frantzian; Cai Guo-Qiang Japonian). Haien obrak askatasunez mugitzen ziren Ekialdeko eta Mendebaldeko iturri artistikoen artean, eta era horretan egile horiek ere “arte garaikide globala” deitu den fenomenoa bultzatu zuten.

1989

Ekainaren 4an agintariek bortizkeriaz eragotzi zituzten Tiananmengo plazako protestak; ikasleek eta intelektualek gidaturik, plazan eta plazaren inguruetan apirilaz gero izandako demokraziaren aldeko manifestazioak ziren horiek. Milaka lagun hil ziren.

1989

Azaroan Berlingo Harresia erori zen; horrek Gerra Hotzaren amaiera ekarri zuen, bai eta Ekialdeko bloke komunistaren eta Mendebaldeko merkatu libreko bloke demokrataren arteko zatiketa bukatzea ere.

1989

Magiciens de la terre erakusketak, Centre Pompidouk antolatua Jean-Hubert Martin komisarioaren eskutik, iraultza bat eragin zuen nazioarteko agertoki artistikoan: Mendebaldeko 50 artista Mendebaldekoak ez ziren herrialdeko 50 artistaren ondoan aurkeztu zituen arte garaikidearen azterketa globalean, azken horien artean Txinako hiru (Huang Yong Ping, Yang Jiechang eta Gu Dexin).

1989

Martxoan, Txinaren kontrako matxinadaren 40. urteurrena zela-eta, hamarkada askoan Tibeten izandako txinaren kontrako manifestaziorik handiena egin zen; errepresio-neurri gogorrak eta Dalai Lamaren erbesteratzea ekarri zituen manifestazioak ondorio gisa. Urte horretan bertan, Bakearen Nobel Saria eman zioten Tibeteko buruzagi politikoa eta espirituala den Dalai Lamari.

1989

Otsailaren 4an, Pekingo Arte Galeria Nazionalean China/Avant-Garde izeneko erakusketa inauguratu zen, arte esperimentaleko erakusketa handia. Kritikari-batzorde batek antolatua zen, 186 artistaren obrekin. Gertaera horrek markatu zuen bai 1980ko hamarkadako mugimendu artistikoaren gailurra, bai mugimendu horren amaiera ere. Xiao Lu artistak bere instalazio propioaren kontra tiro egin ondoren, erakustaldia aldi baterako itxi zuten.