Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

hezkuntza-edukia

2000–2003

2000

Loft New Media Art Space aretoak ateak zabaldu zituen Pekinen. Arte-bitarteko berriei Txinan eskainitako lehen espazioa zen.

2000

Indarkeriaz lehertzen da bigarren Intifada (2000–05), XX. mendearen erdialdean hasi zen israeldarren eta palestinarren arteko gatazka etengabea. Txina, nahiz eta lotura estua izan Palestinarekin, Israel-Palestina gatazka amaitezinaren konponbidean paper aktiboa edukitzen saiatu zen.

2000

Shanghaiko hirugarren Bienala, hiri horretako Arte Museoan antolatua, komisarioak Hou Hanru eta Toshio Shimizu zirelarik besteak beste, Txinan ospatu zen arte garaikideko lehen nazioarteko erakusketa handia bihurtu zen.

2000

Claire Hsu-k eta Johnson Chang-ek elkarrekin fundatu zuten Asia Art Archive Hong Kongen, Asiako artista garaikideen jarduera dokumentatzeko xedeaz materialak biltzen ziharduen lehen erakundea.

2001

Abenduan Merkataritza Mundu Erakundean sartu zen Txina, eta beste irekitasun-aldi bat zabaldu zen.

2001

Living in Time: 29 Contemporary Artists from China erakusketa, Berlingo Hamburger Bahnhof Contemporary Art Museum-en ospatu zena, arte garaikidearen aldeko jarrera ofizialaren abiapuntua gertatu zen.

2001

Post-Sense Sensibility: Alien Bodies and Delusion erakusketa egin eta bi urte geroago —ikusgai jarri ziren hartan gizakien eta animalien gorputzen parteak, baita hilotzak ere—, Kultura Ministerioak debekatu egin zituen bortizkeria, odol-isurtzeak edo lizunkeriak agertzen zituzten adierazpide artistiko guztiak.

2001

Irailaren 11ko atentatuen ondoren, Estatu Batuak, Europa, Txina eta Errusia talibanen, Al Qaedaren eta, geroago, Estatu Islamiarreko (ISIS) talde militanteen kontra borrokatu ziren.

2002

Hiriko Arte Museoan ospatu zen Shanghaiko laugarren Bienalak Txinako hiri handiek azken bi erreforma-hamarkadetan bizi izan zuten aldaketa urbanistiko errotikakoa eta konplexua aztertzen zuen, baita horrek kulturan eta jendearen bizimoduan izan duen eragina ere.

2002

Guangzhouko Arte Garaikidearen lehen Trienalak, Reinterpretation: A Decade of Experimental Chinese Art (1990–2000) izenburuarekin, 1990eko hamarkadako arte esperimental txinatarraren berrikusketa historiko eta akademiko sakona aurkeztu zuen Guangdongeko Arte Museoan.

2003

George W. Bush Estatu Batuetako presidenteak, garai hartako Espainiako Gobernuaren presidentearen eta Lehen Ministro britainiarraren babesarekin, Irak inbaditu zuen, Saddam Hussein armagabetzeko asmoz. Ondoren egin ziren ikerketek frogatu zuten Iraken ez zela suntsiketa masiboko armarik.

2003

Centre Pompidou-k Alors, la Chine? aurkeztu zuen; Fan Di’an Txinako Arte Museo Nazionaleko zuzendaria zen komisarioa, eta Txinako Gobernuarekin elkarlanean antolatu zen. Txinatar kultura garaikideak atzerrian egindako lehen aurkezpen ofiziala zen.

2003

Aurrez ikusia zegoen bost artistak ordezkatuko zutela Txina Veneziako 50. Bienalean, hartan egongo zen lehen pabilioi nazional txinatarrean. Baina SARS izurria zela-eta —Txinatik abiatuta berehala mundu osora hedatu zen pneumonia atipikoa, arnas-sindrome larria dakarrena—, pabilioia itxi egin behar izan zen.