Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

hezkuntza-edukia

1990–1994

1990

Irakek Kuwait inbaditu zuen, petrolio ugari duen herrialdea, eta horrek Golkoko Gerra piztu zuen (1990–91). Txinak neutraltasunari eutsi zion, nazioarteko indarrak Estatu Batuen gidaritzapean batu zituen eta Erdialdeko Ekialdean sekulako eragin ekonomiko, sozial eta politikoa izango zuen gatazka militar horretan.

1990

Ofizialki zabaldu zen Shanghain Txina kontinentaleko Balio Burtsa, Herri Errepublikaren sorreraz gero (1949) lehena.

1990

Les Domaines de l’art erakunde frantsesak antolatu eta Pourrières herrian aurkezturiko Chine: demain pour hier erakustaldia abangoardiako arte txinarrari Europan eskainitako lehen erakusketa bihurtu zen.

1991

Artistek eta kritikariek, abangoardiako praktikekin zuten konpromisoa sendotzeko xedeaz, ezkutuko erakusketak eta interbentzio laburrak egin zituzten espazio publikoetan, Tiananmengo gertaeren ondoren garatu zen kontrol guztiz zorrotzagatik ere (Elefante Isats Handia Lantaldea), eta sinposioak antolatu zituzten arte garaikide txinatarrak hartu behar zuen bideaz jarduteko (Sorkuntza Artistikoa Aldi Berrian/Artistic Creation in the New Period).

1991

Abenduan, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB), munduko lehen Estatu komunista izandakoa, eta Mao Zedongek Txinan jarraituriko garapen-eredua, desegin egin zen.

1992

Hegoaldeko Itzuli famatuarekin, Txinako irekitasun ekonomiko handieneko eskualdean zehar, han baitaude Shanghai eta Guangdong, Deng Xiaoping presidenteak berretsi egin zuen Gobernuak 1980ko hamarkadan abian jarritako “erreforma eta irekitasun” neurriak sakontzeko zuen konpromisoa.

1992

Kasselgo IX Documentarekin batera antolatutako Encountering the Others erakusketak zenbait artista txinatarren lanak erakutsi zituen.

1993

Hiru Arroiletako presaren eraikuntza hasi zen. Mundu osoko proiektu hidroelektrikorik handiena zen, eta hainbat arazo ekonomiko, geologiko eta ingurumeneko eragin zituen 2000ko hamarkadan, hala nola lur-lerratzeen gehikuntza edota klima-aldaketa eskualde horretan guztian.

1993

Ezezkoa eman zioten 2000ko Olinpiar Jokoen egoitza izateko Txinaren hautagaitzari, eta autokritikako eta introspekzioko mugimendu nazional bat zabaldu zen Txina osoan.

1993

Erakusketa asko egin ziren, abangoardiako mugimendu txinatarra nazioarteko agertoki artistikoetan bultzatu zutenak: China Avant-Garde: Counter-Currents in Art and Culture; China’s New Art, Post-1989; Veneziako 45. Bienala; eta Asia Pazifiko Arte Garaikideko Trienala.

1993

Komunismoaren eta método kapitalisten balioen arteko borroka islatzen zutenez, Pop Politikoa eta Errealismo Zinikoa bihurtu ziren Txinatik kanpo arretarik handiena erakarri zuten bi arte-joera txinatarrak.

1993

Estatu Batuek eta Errusiak Arma Estrategikoak Murrizteko Bigarren Hitzarmena (START II) izenpetu zuten, 1991n izenpeturiko START I akordioaren osagarria; bi hitzarmen horien arabera, arma nuklearren kopurua murriztu zen. Txinak saio nuklear handi bat egin zuen urrian, nahiz eta indarrean izan Estatu Batuek gidaturiko nazioarteko kanpaina bat, era horretako saioak debekatzera bideratua.

1993

Artista talde batek, bizileku mekeen bila, Pekingo ekialdeko aldirietako langile-auzo batean hartu zuen egoitza. Pekingo East Village izenaz ezaguna, hainbat performanceekintzaren egoitza bihurtu zen ingurua, eta Gilbert and George artista britainiarren bisita jaso zuen, haien obra erakusgai baitzegoen Arte Galeria Nazionaleko erakusketa batean.

1994

Ai Weiwei, Zeng Xiaojun eta Xu Bing artistek eta Feng Boyi arte-kritikariak Liburu estalki beltza  ezkutuan argitaratu eta zabaldu zuten. Artista txinatarren proposamenak eta nazioarteko berritasunak aurkezten ziren liburuan. Beste bi edizio agertu ziren gero, Liburu estalki zuria (1995) eta Liburu estalki grisa (1997).

1994

1994an heldu zen Internet Txinara, eta agintariek zentsura- eta zaintza-sistema zorrotz bat ipini zuten, gaur egun indarrean jarraitzen duena, Txinako Suhesi Handia izenarekin.