Edukira zuzenean joan

Artea eta Txina 1989 ondoren: Munduaren antzerkia

hezkuntza-edukia

2005–ca. 2008

2005

Txinak bere lehen pabilioi nazionala eduki zuen Veneziako 51. Bienalean, kokagunea aldi batekoa bazen ere. Virgin Garden: Emersion erakusketa aurkeztu zen hartan, Cai Guo-Qiang komisario zela.

2006

Txinak Veneziako 10. Arkitektura Bienalean parte hartu zuen bere pabilioi nazional propioarekin: Fan  Di’an komisario zuen erakusketa hark Txinaren urbanizazio guztiz lasterrak arkitekturan izandako eragina azaltzen zuen.

2007

’85 New Wave: The Birth of Chinese Contemporary Art erakusketa inauguratu zen Ullens Center for Contemporary Art-en, Pekingo Arte Barrutiaren 798. zenbakian dagoen espazioan. Garai bateko fabrika militarren eremua da barrutia, 2000. hamarkadaren hasieran arte-auzo bihurtua.

2008

Maiatzaren 12an, 87.000 lagun baino gehiago hil ziren Beichuan-go lurrikaran (Sichuan probintzia); haien artean, milaka eskola-ume. Haien heriotza eskolen eraikuntzaren kalitate guztiz txarraren eta inguratzen zituen sistema ustelaren ondoriozkoa izan zela esan daiteke. Ai Weiwei artistak, beste aktibista batzuekin batera, herritarrak antolatu zituen hildako ikasleen izenak eta datuak jaso zitzaten, eta Interneten argitaratu zituen gero aurkikuntzak. Proiektu horrek Txinako artista disidente famatuena bihurtu zuen Ai.

2008

Cai Guo-Qiang artista izendatu zuten Pekingo 2008ko Udako Olinpiar Jokoetako inaugurazio- eta itxiera-zeremonien zuzendaria, eta hura izan zen mundu osoko milioika eta milioika lagunek ikusi zituzten su artifizialen eta pirotekniaren erakustaldi izugarriaren arduraduna. “Mundu bat, amets bat” bazen ere Olinpiar Jokoen eslogana, ospakizunaren ondoren erregimen autoritarioa izaten jarraitzen du Txinak, eta artista batzuek erregimenari erronka egiten jarraitzen dute.

2008

Abuztuaren 8an Pekingo Udako Olinpiar Jokoak inauguratu ziren, eta Txinaren posizioa seinalatu zuten agertoki globaleko potentzia garrantzitsu gisa.

2008

Pekingo Olinpiar Jokoak ospatu eta handik gutxira, mundu osoko ekonomiak hamarkada askoan jasandako krisi global okerrenari aurre egin behar izan zion.

2008

Txinaren hazkunde ekonomikoak aurrera jarraitu zuen abiada lasterrean, eta, Japoniari aurrea hartuta, 2010ean munduko bigarren ekonomia bihurtu zen.

2008

Cai Guo-Qiang-ek Veneziako zergak biltzeko patioa obraren bi bertsio berri sortu zituen, New Yorkeko zergak biltzeko patioa eta Bilboko zergak biltzeko patioa izenekoak, 2008an eta 2009an eginak, Solomon R. Guggenheim Museumeko eta Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa monografikoetarako, hurrenez hurren.

2008

Abenduan, ehunka intelektualek eta giza eskubideen aldeko aktibistek Charter 08 izenpetu zuten, konstituzio-erreforma demokratikoen eskaera bat, giza eskubideen aldekoa. Handik gutxira, mugimenduaren buruzagia espetxeratu zuten, Liu Xiaobo poeta. 2010ean, Bakearen Nobel Saria ematen zioten Liu-ri.