Niki de Saint Phalle
Eskopetaren artea
Atalak
Bortizkeria margotzea
- Izenburua:
- Bortizkeria margotzea
- Erakusketa:
- Niki de Saint Phalle
- Gaiak:
- Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Tamaina | AEB | Europa | Paris | Jackson Pollock | Jasper Johns | Jean Dubuffet | Jean Fautrier | Robert Rauschenberg | Alaitasuna | Indarkeria
- Aipatutako artistak:
- de Saint Phalle, Niki
“Margotzeak nire arima aztoratzen zuen kaosa lasaitzen zuen. Nire lanean etengabe agertu diren herensugeak baretzeko modu bat zen”.
Niki de Saint Phalle 1950eko hamarkadaren erdialdean bere burua arteari eskaintzea erabaki zuenean, modu autodidakta batean egitea erabaki zuen. Europara hainbatetan bidaiatzeak eta Parisko literatura eta artegintzaren giroak ondo ezagutzeak, tartean, bertan erbesteratutako estatubatuarren taldea ere bai, Niki de Saint Phalle artista jantzia eta ikasia bihurtzea ahalbidetu zuten, bere garaiko arte-joeren erabat jakitun. Hamarkada horren amaieran formatu handiko margolan segida bat egin zuen. Pintura horiek bi kultura bisual uztartzen zituzten: alde batetik, Europa zaharrarena, non tradizioek eta abangoardia berriek borrokan ziharduten; bestetik, AEBko artearen berrikuntza aurreratuenen kultura. Izan ere, margolan handi haien perspektiba zabala eta laua Italiako Trecentoko lanak zituen eredutzat; azalera pikortsua, berriz, Jean Fautrier eta Jean Dubuffet margolari “materiko”etatik datorkie; baina pinturaz zipriztindutako zeru zuri-beltzak Jackson Pollock-en “dripping” delako teknika gogora ekartzen dute, eta koadro horien azaleran itsatsitako objektuek Jasper Johns eta Robert Rauschenberg-en Combine lanak. Bi kultura ez ezik, Niki de Saint Phalleren segida horretako margolanek bi giro jartzen dituzte aurrez aurre: batetik, bortizkeria eta kaosa; bestetik, jolasa eta bizipoza.