Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren altxorrak
Genero-pintura
Armak
Atalak
Tapizak
- Izenburua:
- Tapizak
- Erakusketa:
- Rubens eta bere garaia. Ermitage Museoaren altxorrak
- Gaiak:
- Artea eta erlijioa | Artea eta historia | Dekorazio-arteak | Ehungintza-artea | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Jantziak | Oparotasuna | Katolizismoa | Herbehereak | Flandes | Konstantino I.a enperadorea
- Mugimendu artistikoak:
- Barrokoa
- Teknikak:
- Brodatua | Orratz-pintura
- Artelan motak:
- Tapiza
- Aipatutako artistak:
- Rubens, Peter Paul
Rubens-ek tapizetarako diseinuak ere egin zituen, Hegoaldeko Herbehereetan arte-forma tradizionala izanik, eta bere praktika artistiko bereziak argi eta garbi islatzen dira bertan. Bataila heroikoak eta arranditsuak dira haren mezenas ziren erregeentzat diseinatu zituen tapizez osatutako lau sailen gai nagusia: Decio Mus-en historia, Konstantino enperadorearen historia (1633–1668) —aretoan zikloa osatzen duten hamabi paneletik hiru ikus daitezke—, Akilesen historia eta Eukaristiaren garaipena. Ziklo bakoitzean erabateko berrikuntzak barneratu zituen kolorearen patroiak aldatuz, eszenak irudi monumentalez betez eta konposizioak erabat berria zen dinamismoaz hornituz. Koloreak eta itzalak zehazten zituzten tamaina errealean pintatutako kartoietan oinarritutako bere diseinuak garrantzi handikoak izan ziren, tapiz bikainez osatutako segida baterako eredu izan zirelako ez ezik tapizgintzan pintoreak izaten hasi ziren berealdiko eragina adierazten zutelako ere. Harrez geroztik, piezaren garrantzia diseinua egin zuen artistaren ospearen arabera neurtzen zen. Aldi berean, tapizen diseinuaren irudi gailenak kokatzen zireneko espazioarekin loturak ezartzen hasi ziren, sarritan tapizaren barruan altzariez hornitutako gela baten irudipena sortuz. Rubensek joera honi egin zion ekarpena hauxe izan zen: “tapiza tapizaren barruan”.
Konstantino enperadorearen historia seriea Rubensen beste obra batzuetatik bereizten da, Frantzian ehundutako bakarra izan baitzen, Bruselako edo Anberesko izen handiko lantegietan ehundu beharrean. Serieak Konstantino enperadore erromatarraren bizitzako pasadizo batzuk irudikatzen ditu, hain zuzen ere antzinako Erroman kristautasuna erlijio ofizial gisa ezarri zuen enperadorearena.
XVII. mendea bordatu flandestarraren urrezko aldia izan zen ere. Mendearen lehenengo erdian eliza katolikoak izan zuen goraldiak elizako jantzien eskari handia ekarri zituen berekin, hala bordatuaren artea bultzatuz. Elizako eskakizun handiko bezeroak zerbitzatzeko lantegi profesionalak sortu ahala, bordatu laikoen kopurua handitzen joan zen: jantziak, geletako pareta-estalkiak, oihal-zintzilikariak, zerrendak, errezelak eta gortinak, ohe-estalkiak, kuxinak eta alfonbrak, guztiak teknika anitzez eginak, esate baterako “orratz-pinturaz”, satin-puntuaz edo erliebeko bordatuaz. “Orratz-pintura” bereziki egokia zen barrokoarentzat, oparotasunaren eta emankortasunaren ideia adieraztea lortzen zuelako, aldi berean naturaren eta ikonografiaren mundu sentsuala irudikatuz.