Soto. Laugarren dimentsioa
Konposizio dinamikoak
Zeharkagarri-aurrekoa
Iruzkinak
Muralak. Obra zinetikoa
- Izenburua:
- Muralak. Obra zinetikoa
- Erakusketa:
- Soto. Laugarren dimentsioa
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta musika | Artea eta pertzepzioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Mugimendua | Bibrazioa | Tamaina | Optika
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Zinetikoa |
- Teknikak:
- Gainjartzea
- Aipatutako artistak:
- Soto, Jesús Rafael
Abstrakzio hutsaren bilaketan, berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Jesús Rafael Soto-k uko egin zion ageriko mundua irudikatzeari. Baina pauso bat harago jo zuen: subjektibitate oro ezabatu nahi zuen, pertsonaren edo indibidualtasunaren edozein erreferentzia. Horretarako, forma geometriko sinpleak erabiltzen zituen, karratu bat, puntu bat edo lerro bat, esaterako, eta forma horrekin errepikapenak, progresioak eta bariazioak egiten zituen. Musika serialaren eragina zuen, non nota guztiek balio parekidea duten. Modu bertsuan, Sotoren forma errepikatuek garrantzia hartzen dute, ez beren horretan, baizik eta elkarren artean eraikitzen duten harremanarengatik. Dena den, errepikapen horiek pauso bat baino ez ziren izan formaren desmaterializazio-prozesuan.
Sormen-lan horietan mugimendua txertatzeko, Sotok gainjartze-teknika erabiltzen zuen, hau da, material gardenezko geruza bat ezartzen zuen hondoaren gainean. Plexiglasezko gainalde hori koadrotik zentimetro batzuetara dago kokatua.
Errepikapenak lanetatik ateratako obra serialak izan ziren koadroaren bibrazio optikoa ekarri zutenak. Ia berehala hasi nintzen bi bibrazio nahiz bi errepikapen gainjartzen, eta progresio gainjarriak egiten. Gainjartze horiei esker lortu dut ikuslea obra finkoaren aurrean lekualdatzean sortzen den mugimendu optikoa.
Gaineko materiala gardena denez, ikus daiteke atzeko geruzaren lerroek kontrastea egiten dutela hondoaren diseinuaren bariazioak izaten diren forma geometrikoekin. Ikuslea obraren aurrean mugitzen denean, lerroak bata bestearen gainean irristatzen direla dirudi, forma mugikor bat sortuz, begiradaren aurrean desagertzear dagoen forma zinetikoa. Baina ez da keinu handirik behar: edozein ikuslek ia pentsatu gabe koadroaren aurrean egindako mugimendurik txikiena nahikoa da obra «aktibatzeko».
Horrela, Sotok artelanarekiko sortzen den elkarrizketaren funtsezko protagonista bihurtzen du ikuslea: bere begiradaren mugimendua beharrezkoa da obra existitzeko. Horrez gain, Sotok eraldaketa eta denboraren kontzeptuak txertatzen zituen bere lanean. Eta horixe bera egin zuen eskala handian taxutu zituen lehen muraletan ere. Horrela, artistak arte zinetikoak sustatzen zituen balioak txertatzen zituen bere lanetan. Arte-korronte horren sorreran parte hartu zuen Sotok.