Soto. Laugarren dimentsioa
Idazketak
Anbibalentziak
Iruzkinak
Triptikoak
- Izenburua:
- Triptikoak
- Erakusketa:
- Soto. Laugarren dimentsioa
- Gaiak:
- Artea eta denbora | Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Materiala | Mugimendua | Bibrazioa | Tamaina
- Teknikak:
- Gainjartzea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Soto, Jesús Rafael
Nola sartu denbora obra plastikoan? Galdera horrentzako erantzun bila aritu zen Jesús Rafael Soto bere ibilbide artistiko osoan.
Denboraren iragatea nahitaezkoa da materia eraldatzeko. Mugimenduak ere denbora behar du hedatu ahal izateko. Horregatik, bi kontzeptu horiek nabarmentzea, mugimendua eta eraldaketa, bere helburura iristeko modu bat izan zitekeen artistarentzat.
Horrek azaltzen du Sotok berrogeita hamarreko hamarkadako urteez geroztik bibrazioaren gaia esploratzeko izan zuen borondatea. Artistak efektu hori aurkitu zuenean, begiradak gainjarritako bi geruza zeharkatuz egindako mugimenduari esker, bide berria ireki zitzaion hainbat saiakerekin jorratu zuena: material zakarrak eta aurkitutako objektuak erabiliz, formatu handiak, beren kolore-jokoan ikuslea biltzeko gauza ziren obrak eta desegite betean zeuden metalezko trazuak eginez.
Hirurogeita hamarreko hamarkadako urteetan era honetako obrekin saiakerak egin zituen, forma aratzenetara itzulita, sinplifikaziorik handienaren bila: kolore-blokeetan zatitutako hondo ildaskatuak, eta haien aurrean nylonezko hariak zintzilik bibrazio efektua eragiteko.
Berak azaltzen zuen moduan, ikuslea errealitate fisikoaz kontziente egiteko saio bat zen.
Ez daukat prestakuntzarik unibertsoaren kontzeptu zientifikoa neureganatzeko. Baina erruz galdetu ondoren, zientziako gizonak “jaitsiarazi” ondoren azalpenak eman ziezazkidaten, zirrara handia eragin zidaten espazioak, denborak eta materiak osotasuna eratzea eta haren zatiezintasunak. Materia bibrazioa mantsotzen denean osatzen dela dioen nozioak eta horren gisakoek pentsaraz dezakete bibrazioa formaren jatorrian dagoela. Eta hori hizkuntza plastiko batean gerta daiteke: bibrazio hutsezko mundu bat eraiki, inpresionistek argi hutsa ikertu zuten moduan. Zientziak unibertso kontzeptuaren erabateko aldaketatzat jo dituen balio horiek guztiak interpretatu eta artean proposatu egin behar ditugu guk.