Soto. Laugarren dimentsioa
Anbibalentziak
Iruzkinak
Anizkunak. Obra gailu sentsorial moduan
- Izenburua:
- Anizkunak. Obra gailu sentsorial moduan
- Erakusketa:
- Soto. Laugarren dimentsioa
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Artea. Teoria | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Forma | Geometria | Mugimendua | Bibrazioa | Erakusketak | Denise René galeria
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Zinetikoa |
- Teknikak:
- Gainjartzea
- Aipatutako artistak:
- Soto, Jesús Rafael
Arteak harremanak azaleratzeko duen ahalmenaz gogoeta egitean, Jesús Rafael Soto honela mintzo zen:
Gure jokabidearen argitasuneko une guztietan egiaztatzen dugu harremanak daudela. Zoriaren legeek liluratzen gaituzte, eta ez gara jabetzen pentsatu gabe geneuzkan errealitateen kontzientzia baino ez dugula hartzen. Elementuak obran murgiltzen dira arraina uretan bezala; norabide, abiadura, istripu, posizio horiek guztiak osotasun bilgarri batek ordenatzen ditu, zeinaren zordun diren eta zeinak beren aldaerak baldintzatzen dituen. Haien indarra beren azaleratzeen kopuruarekin neurtzen da.
Artea ezagutzarako bitarte moduan ulertzen du Sotok, unibertsoko harremanak ageriko egiteko ahalmena duena. Eskema horretan, artelanaren balioa ez da objektu artistikoa bera, ikuslearen parte-hartzearekin, ikusleak bere zentzuen eta mugimenduen bidez obra aktibatzen duenean, sortzen den fenomeno eraldatzailea baizik.
Artistak, batez ere, erreakzio horiek eragiteko ahalmena bilatzen du, artelanari tradizionalki lotutako beste balio batzuen gainetik, hala nola bere bakantasuna. Testuinguru horretan hartzen dute garrantzia «anizkunak» deritzenek. Argazkilaritzak eta beste arte grafiko batzuek obra bat zehaztasun osoz erreproduzi dezaketen bezala, Sotoren ibilbidean badira, beren diseinua dela eta, teknika industrialen zein artisau-tekniken bidez erreproduzi daitezkeen piezak, esate baterako, atal honetan ikusgai dagoen Sotomagie saila. Sail hori Denise René Galeriak ekoitzi zuen, Mugimendua erakusketa antolatu zuen eta Arte Zinetikoaren bultzatzaile handia izan zen galeriak, hain zuzen. Sotomagieren edizio hori lehen Zeharkagarria aurkeztu zen erakusketa bererako egin zen; Sotoren ibilbideko lehen bi hamarkadetako 11 artelan hautatu aurkeztu ziren bertan.
Piezarik zaharrenek, berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean egin zituen haiek, artistak mugimenduaren bila egindako lehen esplorazioak erakusten dituzte, hala nola elementu sinpleen errepikapena eta bilbe geometriko gainjarrien erabilera. Obra berrienetan forma geometrikoak ikus daitezke, hala nola karratuak, laukizuzenak eta lerro horizontalak, ezegonkortasuna eta flotazio zein bibrazio-efektuak sortzen dituztenak hondo ildaskatuen gainean.