Soto. Laugarren dimentsioa
Zeharkagarriak
Triptikoak
Iruzkinak
Idazketak
- Izenburua:
- Idazketak
- Erakusketa:
- Soto. Laugarren dimentsioa
- Gaiak:
- Artea eta espazioa | Artea eta pertzepzioa | Sorkuntza artistikoa | Materiala | Bibrazioa | Dualtasuna
- Teknikak:
- Gainjartzea
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Soto, Jesús Rafael
Idazketak deritzenei buruz, Jesús Rafael Soto-k hau zioen:
Idazketak espazioa marrazteko modu bat dira niretzat.
1962an hasitako sail honetako lanek eskuzko idazketa irakurtezin baten forma dakarte gogora, komunikatzeko borondaterik gabeko kaligrafia apetatsu batena. Gora egiten duen bihurgune horrek, ezkerretik eskuinera zabaltzen den angelu horrek ez du hitz baten irudikapen grafikoa izateko asmorik, zeinak, aldi berean, kontzeptu bat ekarriko lukeen gogora. Artistak oso atzean uzten ditu figurazioa eta irudikapenaren artea, errealitatearen ispilu gisako sinboloen jolas horiek. Haren obrak ez du kanpoko errealitate bat aipatzeko asmorik; ikuslearen begiradan da, eta bertan ageri da.
Begirada horrek, metalezko bihurguneak eta hondoa lotzean, artistak bere ibilbide osoan bilatu zuen bibrazioa sortzen du. Kasu honetan, elementu bakoitza nylonezko hari batetik zintzilik dago, zuriz eta beltzez marratutako bilbe baten aurrean eta hondotik pixka bat aldenduta, altura aldakorretan.
Pertzepzioak sortzen duen ezegonkortasuna espazio- eta materia-sentsazioak nahasteraino haz daiteke: dagoeneko ezin da jakin zuri eta beltzeko bilbeak forma metalikoen atzetik edo aurretik zirkulatzen duen.
Artistak dioen bezala,
Gainjartzearen eta egitura metalikoen sistemari eusten diot, baina kezka bakar bati erantzunez: bibrazio hutsaren bilaketa, elementu materialak argi bihurtzea, materia zurruna materia elastiko bihurtuz deskonposatzea.