Soto. Laugarren dimentsioa
Zeharkagarri-aurrekoa
Zeharkagarriak
Iruzkinak
Obra informalak. Aro barrokoa
- Izenburua:
- Obra informalak. Aro barrokoa
- Erakusketa:
- Soto. Laugarren dimentsioa
- Gaiak:
- Artea eta pertzepzioa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Forma | Materiala | Bibrazioa | Alfredo Boulton | Moiré efektua
- Mugimendu artistikoak:
- Arte informala
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Soto, Jesús Rafael
Berrogeita hamarreko hamarkadako urteetatik aurrera, Soto-k bibrazioaren gaia esploratu zuen, marra zuri eta beltzekiko hondo ildaskatuei forma irregularreko eta konplexuko material-sorta bat gainjarrita, hala nola aldi horren ezaugarri diren alanbre-nahaspilak. Berak esan zuen moduan:
Alanbre-puska bat hausten da moiré efektudun hondo baten aurka. Haren forma «desmaterializatuta» gelditzen da. Eraldaketa bat nozitzen du, metamorfosia. Batek ezin du esan non dagoen alanbrea eta non hondoa.
Eguneroko materialak eta hondakinak erabiltzera iritsi zen horrela artista. Eraitsitako eraikinetan, kaleetan eta txatartegietan esploratuz, egurrak, iltzeak, arrantza-sareak, torlojuak, sokak, metalezko xaflak, alanbreak... aurkitu zituen. Eraikuntza material mordoa, berrerabiltzeko modukoa, haren balioak eta esanahiak aldatuz, zentzua bereganatuz beren kalitateengatik eta beren artean eta beren eta hondoaren artean sortutako harremanengatik.
Horrela sortu zen, adibidez, Enbor ospetsua, habe zahar batez sortua eta haren erabileraren eta eskulangilearen lan anonimoaren arrastoak kontserbatzeko borondatez egina. Eta honela azaltzen zuen artistak material horiek aukeratzean zeukan asmoa:
Nire asmoa materia suntsitzea zen, energia bihurtzea. Ez nuen elementu naturalen apologia egin nahi: adarra, sarea, soka; haien materia energia bihur zitekeela frogatu baizik. Ez energia hitzaren zentzu zientifikoan, neuk ulertzen dudan moduan baizik: izaera hautemangai bat.
Itxura zakarrak eta baldarrak, keinuen bidezko hizkuntza biolento eta energiaz betetako bat gogora ekartzeko duen ahalmenak, obra hau informalismoaren ildoan kokatzen du, zeina urte haietako europar artearen hizkuntza nagusia zen. Hala ere, Sotoren obra hauek forma irregularra eta konplexua dute eta ezegonkortasun-sentsazioa sortzen dute bihurgunez eta hausturaz beteta daudelako; horregatik, Alfredo Boulton venezuelar kritikariak eta historialariak barroko historikoarekin alderatu zituen. Horregatik deritzo artistaren etapa honi «aro barrokoa».