Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
Natura, alanbre lotua eta eskultura berantiarra, 1960–1990eko hamarkadak
“Bizitzak berak marrazten du”: Lorategitik, 1980–2000ko hamarkadak
Atalak
Arte publikoa eta enkargu publikoak, 1960–1990eko hamarkadak
- Izenburua:
- Arte publikoa eta enkargu publikoak, 1960–1990eko hamarkadak
- Erakusketa:
- Ruth Asawa: Atzerabegirakoa
- Gaiak:
- Emakumea artean | Hirigintza | Espazio publikoa | Artea eta paisaia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Konposizioa | Sinbologia | Eskala | Bigarren Mundu Gerra | Landareak | AEB | Japonia | Oroimena
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Artelan motak:
- Eskultura
- Aipatutako artistak:
- Asawa, Ruth
1968an, arteak gizartean zuen papera defendatzeari ekin zion Ruth Asawak, San Frantziskoko Arte Batzordean, Kaliforniako Arte Kontseiluan eta Artearen aldeko Funts Nazionalean parte hartzeko aukera zuela baliatuta. Halaber, bere praktika artistikoa San Frantziskoko herrigintza-arlora hedatu zuen artelan eta enkargu publikoak eginez, “edonork gozatzeko moduko eskultura” sortu ahal izateko. Artelan horiek izaera kolaboratiboa izaten zuten maiz, eta herritarren bilgune bilakatu ziren: oroimenerako eta ospakizunerako leku.
San Frantziskoko Ghirardelli plazarako egindako Andrea (1968) brontzezko iturria izan zen Asawaren aire zabaleko lehen enkargua. Eskultura kostaldean kokatuta dagoenez, artistak bi itsaslamina irudikatu zituen, horietako batek haur bat besoetan duela, igel eta dortokaz inguratuta. “Itsas ertzera gerturatu eta dortoka edo itsaslaminaren bat noiz agertuko zain egoten diren haur guztiak (eta agian heldu bakanen bat ere) izan nituen gogoan”, azaldu zuen artistak. Itsaslaminaren soinak Andrea Jepson lagunari egindako molde bat zuen oinarri. Isatsak sortzeko, Asawak alanbre lotuzko forma bat sortu zuen brontzez, eta horretarako egindako estudio bat atal honetan dago ikusgai.
San Frantziskoko Nihonmachi edo auzo japoniarreko oinezkoentzako guneko Origami iturriak (1975–76) ere eskala handian egindako piezak dira; horietan, betidanik interesatu izan zitzaizkion origamia eta paper tolesa esploratu zituen artistak. 1994an, San José hiriko udalak enkargatutako Japoniar-estatubatuarrentzako barneratze-esparruen oroimen- monumentu itzela inauguratu zuen Asawak. Paul Lanier seme eta artistarekin eta Nancy Thompson artistarekin elkarlanean sortu zuen, eta modu zuzenean heltzen die japoniar jatorriko jendeak Bigarren Mundu Gerran zehar jasandako espetxeratze bidegabeen inguruko historia pertsonal nahiz partekatuei.
Andrea iturria
Bitrina honetan dauden dokumentuak Ruth Asawaren Andrea (1968) iturriaren ingurukoak dira. San Frantziskoko Ghirardelli plazan dagoen iturria artistaren aire zabaleko lehenengo enkargua izan zen, eta hori osatzen duten bi itsaslamina alaiek harrera egiten diete bertakoei nahiz bisitariei; figuretako batek itsaslamina-haurtxo bat du besoetan, besteak nenufar bat du eskuetan, eta biak ere ura botatzen duten dortokaz eta igelez inguratuta daude. Asawaren proposamena polemikoa izan bazen ere —tartean, plazaren arkitekto Lawrence Halprinen kritikak jaso zituen, hark diseinu abstraktu bat espero baitzuen—, Andrea berehala bilakatu zen hiriaren ikono kuttun. Asawak adierazi zuenez, “Edonork gozatzeko moduko eskultura bat egin nahi nuen. Nagusiei haurtzaroko fantasia itzuliko ziena, eta gazteei zahartzarora iristean zer gogoratu eskainiko ziena ”.
San Frantzisko iturria
1973an, Gran Hyatt hotelak Union Square plazarako San Frantzisko iturria diseinatzeko enkargua egin zion Ruth Asawari, bitrina honetako argazkiek erakusten duten bezala. Artistak 250 senide, lagun eta haurren laguntza izan zuen irin-buztina erabiliz hiriko eszenaz osatutako irudi panoramiko bat osatzeko; gero, pasarte horiek guztiak brontzez galdatu zituzten. Hainbat panelek osatzen dute iturria, eta hiriko gune eta une garrantzitsuz beteta dago: Golden Gate zubia, Ilargi Urte Berria ospatzeko dragoi-dantzen desfilea, Vietnamgo gerraren kontrako protestak eta abar. Esaterako, hemen ikusgai dagoen Bakearen martxaren atala, San Frantzisko iturria (S.216A) piezan, brontzezko panel erliebedun ezin xeheagoak hainbat eszena irudikatzen ditu: arrano handi bat hegoak zabalik; protestan ari den jende saldoa; eta parkean jolasean ari diren figurak. San Frantzisko iturria lanak eguneroko material arruntak, talde-lana eta ikusleekiko hartu-emana zituen oinarri, denak ere Asawak artea irakatsi eta egiteko zuen moduaren erakusgarri. 1982an, artearen alde egindako lanaren omenez, San Frantziskoko udalak “Ruth Asawa Eguna“ izendatu zuen otsailaren 12a.
Origami iturriak eta Japoniar-estatubatuarrentzako barneratze-esparruen oroimen-monumentua
1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Ruth Asawak bere paper-tolesen eskala handitu zuen eredu geometrikoak iturri itzel bilakatuta. Artistak azaldu zuenez, “jendeak bigarren mailako materialtzat du papera, ez baita iraunkorra […] Materialik xumeenekin zubiak eraiki daitezke, kurbak: bisioa eraiki daiteke, alegia”. Asawaren Origami iturriak (1975–76) Rai Okamoto arkitektoaren enkargua izan ziren, eta horietako zenbait bitrina honetan dokumentatuta daude. Loto-loreen forma dute, eta, hasieran, Corten altzairuzko xaflekin ekoitzi zituzten; ondoren, brontzez galdatu zituzten. Origamian oinarritutako iturriok San Frantziskoko Japantown auzoko saltoki-guneko kale berritu batean kokatu zituzten, harri lauzko oinarrien gainean eta hainbat mailatako harrizko banku zirkular batez inguratuta.
1994ko martxoaren 5ean, Asawak Japoniar-estatubatuarrentzako barneratze-esparruen oroimen monumentua aurkeztu zuen, eta honela deskribatu zuen: “Nire bizitza brontzez kontatua, neure erara”. Irin buztinezko paneletatik galdatutako eskulturaren aldeetako batek japoniar etorkinek gerraren aurretik Kalifornian zuten bizitza irudikatzen du. Beste aldeak, berriz, Bigarren Mundu Gerrako garaia irudikatzen du, hau da, Franklin D. Roosevelten 9066 agindu betearazleak japoniar jatorriko pertsonak —tartean, Asawa eta bere familia— bortxaz lekualdatu eta bidegabeki espetxeratzeko baimena eman zuen garaia. Bere esperientzia nahiz beste hainbesterena gogoan, artistak honela azaldu zuen lanaren asmoa: “Bizitakoari giza aurpegia jartzea. Artelan hau gordetzeak garai hartan gertatu zena ezagutzen lagunduko die etorkizuneko belaunaldiei”.
Oroimenaren lorategia
Ruth Asawaren azken enkargua, Oroimenaren lorategia (2000–02), San Francisco State Universityn dago, eta Bigarren Mundu Gerran campusetik bota eta barneratze esparruetara eraman zituzten japoniar jatorriko hemeretzi ikasleren omenez egina da. Asawak japoniar estiloko haitzezko lorategi bat proposatu zuen, eta Isao Ogura eta Shigeru Namba paisajistekin elkarlanean aritu zen hura egiteko. Brontzezko plaka oroigarri bat eta ur-jauzi bat ditu, baita larrean barreiatutako hamar haitz ere: AEBn zehar japoniar estatubatuarrak giltzapetzeko baliatutako esparru bakoitzeko bana. “Oroimen-monumentu hau jendearen bilgune izatea nahi dut, elkarrekin pentsatu eta gozatzeko”, aitortu zuen Asawak. “Gogorarazten digu […] zaindu egin behar dugula gure askatasuna”. Komunitate baten biziberritzea laudatu ez ezik, lorategi horrek leku atsegina eskaintzen du naturarekin, artearekin eta elkarrekin hartu-emanean egoteko.