Edukira zuzenean joan

Jean-Michel Basquiat: Bada garaia

hezkuntza-edukia

Grafitiaren historia

Basquiat gazte-gaztea zela hasi zuen arte-ibilbidea New Yorken. Lagun Al Diaz-ekin batera grafiti kontzeptualak egiten zituen New Yorketik, SAMO izenpean. “Grafiti” hitzak, gaur egun, kalean edo gune publiko batean, batez ere hiri-ingurunean, egindako idazkun edo marrazkiari esateko erabiltzen da. Hala ere, antzinarotik idatzi zein marraztu izan du gizakiak gune publikoetan: jadanik Erromatar Inperioan ohikoak ziren zerbait salatzeko, kritikatzeko zein satirak egiteko idazkunak erraz ikusten ziren tokietan. Gaur egun, oraindik ere, horrelako idazkunak —askotan anonimoak direnak— ohikoak dira eta askotariko xedeak bete ditzakete.

New Yorken, 1971 eta 1974 artean, hip hop kulturari lotutako grafitiak agertu ziren: lehenengo Washington Heights inguruan (TAKI 183) eta geroago Brooklynen (Friendly Freddie) eta Bronxen (Super-Kool 223 eta Lee 163). New York handia izanik ere, metroa grafitiak egiteko eta hiriko grafitigileak harremanetan jartzeko bide bikaina izan zen. Egilearen ezaugarri ziren hizkien tamaina eta lodiera, tipografia, estiloa, izena bera, irudi jakin bat zein esprai-pintura jakin bat. Hurrengo urteetan agintariek grafitiak egitea debekatu bazuten ere, ez zuten idazkun kopurua murriztea lortu, inondik inora. Metroan grafiti ugari egiten jarraitu zuten. Artista batzuek beste aukera batzuk bilatu zituzten haien artea erakusteko, tartean, Futura 2000-k (New York, 1955). 1970eko hamarkadaren amaieran Lee Quiñones-ek (Ponce, Puerto Rico, 1960) eta Fab 5 Freddie-k (New York, 1959) erakusketak egin zituzten Erroman eta 1980ko hamarkadan New Yorken, besteak beste, Patti Astor-en Fun Gallery-n.

Grafitiekin batera bestelako adierazpenak egin zituzten gune publikoetan eta metroan, esaterako, Keith Haring-ek —artista eta Basquiaten laguna zen— marrazkiak eta posterrak egiten zituen. Biak ibiltzen ziren kalean, haien aztarna artistikoa uzten, idatzitako mezuen bidez zein kalean hartutako eta gero artelanetan erabilitako objektuen bidez.