Edukira zuzenean joan

Jean-Michel Basquiat: Bada garaia

hezkuntza-edukia

Musika

Musikak berebiziko garrantzia izan zuen Basquiat-en bizitzan eta lanean. Karibeko eta Afrikako arbasoak zituen, eta erritmoekin jolastea haren grinetako bat zen. Gainera, lan egiten zuen bitartean edonolako musika entzutea gogoko zuen. Batzuetan, musika aipatzen zuen hizkien bidez, lanetan bertan zein izenburuetan; Beethoven eta Heroikoa sinfonia ditugu adibide. 1979an Basquiatek haren musika taldea, Gray, sortu zuen, Michael Holman idazle eta artista diziplina-anitzarekin batera. Taldeak ezaugarri zituen industria-moduko zarata eta hotsak. Gray izena Henry Gray-k 1950ean argitaratutako anatomia-liburu batetik atera zuen; Basquiatek maiz irakurtzen zuen liburu hori eta hari egindako omenaldia da.

Hemengo iPad hauetan (eskaintza: K-TUIN) artistarekin lotutako hainbat abesti daude, tartean, Ravel-en Boleroa eta Charlie Parker-en eta Miles Davis-en jazza. Basquiatek gogokoen zuen bebop jazza, bat-batekoa, erritmo azkarrekoa. Erakusketako Sampling eta scratching. Musika, hitzak eta collagea ataleko lanetan gustu hori antzeman daiteke. Charlie Parker-en lan batek, “Now’s the Time” (1945), izen bereko Basquiaten lan bat inspiratu zuen (1985ekoa) eta izenburu horixe ere badaroa erakusketak: Now’s the Time edo Bada garaia. Atal honetan Basquiaten lan horren erreprodukzio bat dago. Jazzaz gain, Basquiatek gogoko zituen 1970eko eta 1980eko hamarkadetako askotariko erritmo bizi eta eroak, besteak beste, hip hop mugimenduko rapa. Izan ere, 1983an Rammellzee vs K-Rob-en Beat Bop diskoaren azala diseinatu zuen eta gune honetan duzu ikusgai; halaber, hemen ere erakusgai dago Basquiatek azala diseinatutako beste disko bat, The Offs taldearen lehenengoa.

Didaktika-guneko entzungai bakoitzari dagokion kartela:

Ludwig van Beethoven, 3. sinfonia mi bemol maiorrean, op. 55, Heroikoa gisa ezaguna, 4. Mugimendua
Basquiat-ek Heroikoa (Eroica) izendatu zuen 1987ko lan bat, Beethoven-en lan honen omenez.

Maurice Ravel, Boleroa, 1928
1981 eta 1982 artean, Basquiatek estudio handi batean margotzen zuen, haren lehen arte-salerosle Annina Nosei-ren galeriako sotoan. Musika-lan hau entzuten zuen behin eta berriro margotu bitartean.

Charlie Parker, Now’s the Time, 1945
Bebop jazzaren aitzindariak, tartean, Charlie “Bird” Parker, heroitzat zituen Basquiatek. Parkerri omenaldia egiteko lan bati abesti honen izena jarri zion. Gune honetan, Basquiaten margolan horren erreprodukzio bat dago ikusgai.

John Cage, Music of Changes, Book I, 1951
Basquiatek haren musika-talde Gray-ri buruz esan zuen: “Garai horretan John Cage [AEBko musikagilea, musika modernoa egiten zuena] izan nuen inspirazio-iturri, hots, musika ez zen musika”.

Charlie Parker eta Dizzy Gillespie, Salt Peanuts, 1953
Salt Peanuts jazzaren historiako zuzeneko ezagunenetako bat da (Torontoko Massey Hall-en grabatu zen entzungai dagoena): beboparen maisu Gillespie-ren eta Parker-en arteko “lehia” da (jazzaren beste izen handiek ere jotzen zuten: Charles Mingus, Max Roach eta Bud Powell). Abesti hori izan zuen inspirazio-iturritzat Basquiatek 1983ko Tronpetariak (Horn Players) lana egiteko.

Miles Davis, So What, 1959
Basquiaten pasa-hitza, Citibank banku-konturako, “So What” (769428) zen. Miles Davis-en kantu ezagunetik hartu zuen. Beste jazz-musikagile handi batzuen moduan, Davis inspirazio-iturri izan zuen Basquiatek.

David Bowie, Heroes, 1977
Basquiatek Bowieren musika entzuten zuen, eta Bowie bera oso erakartzen zuen New Yorkeko downtown guneko arte-sormen eta esperimentazio-giroak, bertako abangoardiako arteak eta musikagiroak. 1996ko Basquiat biografia-filmean, Bowie-k Basquiaten lagun Andy Warhol-en papera antzeztu zuen.

Talking Heads, Life During Wartime, 1979
“Hau ez da festa bat; hau ez da diskoteka bat… / Hau ez da Mudd Club edo CBGB”. Hala esaten du Talking Heads-en arrakasta honek, hastapenetako Fear of Music diskokoa. Aipatzen dituen New Yorkeko leku horietan jotzen zuen Talking Heads taldeak eta Basquiat bertatik irteten zen. Talking Heads-en abeslari eta buru David Byrne, gainera, artista plastikoa zen.

The Sugarhill Gang, Rapper’s Delight, 1979
“Bronxeko festetan grabatutako hip hop zintak jartzen nituen. Garai hartan Sugarhill Gang taldearen Rapper’s Delight ezagutzen ez bazenuen, ez zenekien zer zegoen pil-pilean; horren goiz zen. Eta bazegoen disko bat, “Super Sperm” izenekoa; perkusio segmentu bikaina zuen eta jartzen nuen bakoitzean Jean-Michelek, salto batean, egiten zuenari utzi, guregana gerturatu eta dantzan hazten ginen. Energia handia iger zitekeen”. Fab 5 Freddy

Blondie, Rapture, 1980
Basquiatek DJ bat antzeztu zuen Rapture abestiaren bideoklipean. Basquiat aukeratu zuten Grandmaster Flash hip hop DJa azaldu ez zenean. Rapture MTV katean emandako rapa duen lehen bideoa da. Basquiatek lehen mihisea Blondie-ko abeslariari, Debbie Harry-ri, saldu zion, 200 dolarren truke.

Grace Jones, Pull Up to the Bumper, 1981
Antza denez, Basquiatek behin eta berriro entzuten zuen abesti hau haren Walkman-ean New York/New Wave erakusketa ikustean, PS1 galerian (Queens, New York). Haren lanak bertan zeuden ikusgai eta zirrara handia eragin zuten. Basquiatentzat aurrerapauso handia izan zen.

Gray, Drum Mode, 1981
1979an Basquiatek Test Pattern “zarata” rock banda sortu zuen; geroago Gray izena jarri zioten, Gray’s Anatomy medikuntza-liburua zela eta. Taldeko jatorrizko kide ziren Shannon Dawson, Michael Holman, Nick Taylor, Wayne Clifford eta Vincent Gallo. Basquiatek Gray alde batera utzi zuen arte-ibilbidean arrakasta izaten hasi zenean, 1982an gutxi-gora behera.

DNA, Blonde Redhead, 1981
Talde hau eta abesti hau areto honetan zati batean ikusgai den Downtown 81 pelikulan agertzen dira. Basquiat bezala, DNA (buru zuen Arto Lindsay) New Yorkeko downtowneko abangoardian murgildua zegoen. Basquiat DNAren kontzetuetara joaten zen eta Lindsay Basquiaten Gray taldearenetara.

Fab 5 Freddy, Change the Beat, 1982
Fab 5 Freddy garai horretako grafitigile gailenetako bat zen. Basquiaten lagun min egin zen, SAMO© garaian, eta Basquiaten babesle izan zen ibilbide osoan. Change the Beat Fab 5 Freddyk idatzi eta grabatu zuen eta gaur egungo musikaren historian, “sample” moduan, gehien berrerabili den abestietako bat da.

Rammellzee and K-Rob, Beat Bop, 1983
Beat Bop diskoaren jatorrizko oso ale gutxi argitaratu ziren, eta horregatik rap diskoen artean “Grial Santua” da. Basquiat-ek lana ekoitzi zuen eta azaleko marrazkia egin. Diskoaren ale bat dago ikusgai areto honetan.

Arthur Russell, Soon-To-Be Innocent Fun, 1986
“Russell txelo-jotzailea zen (!) eta erritmo zale amorratua; askoren gozamenerako, diskoaren tenpluetan jotzen zuen (Paradise Garage) eta punk eta artearen muinetan (Mudd Club). Haren kontzertuek dunbalaren hotsak, gitarren harien soinuak eta danborren erritmoak zituzten” SPIN magazine, “The Definitive Guide to Dance Rock”, 2005ko urria.

Afrika Bambaataa, Planet Rock, 1986
Afrika Bambaataa South Bronx-en hazi zen eta eragin handia izan zuen 1980ko hasierako New Yorkeko hip hoparen bilakaeran. 1981eko apirilean, Fab 5 Freddy, Futura 2000 eta Keith Haring Mudd Club-eko erakusketa baten komisario izan ziren, grafitiarekin lotura zuena, Beyond Words. Bertan haien lanak zeuden, baita Basquiatenak, Rammellzee-renak, Afrika Bambaataa-renak eta beste batzuenak.

Run-D.M.C., I’m not Going Out Like That, 1988
Basquiat Run-D.M.C. taldearen kontzertua ikusteko irrikan zegoen. 1988ko abuztuaren 12an ikusi behar zuen; arratsalde horretan zendu zen.