Edukira zuzenean joan

Jean-Michel Basquiat: Bada garaia

hezkuntza-edukia

Testuinguru soziopolitikoa

Jean-Michel Basquiat New Yorken jaio zen, baina familia jatorriz Haitikoa eta Puerto Ricokoa zuen. Haren artelanek geruza asko eta asko dituzte, eta gaur egun oraindik ere munta duten gaiak jorratzen dituzte; arrazakeria salatzen eta eskubide zibilak aldarrikatzen dituzte, besteak beste.

Interes handia izan zuen afrikar-amerikarren historian. Askotariko gaiak landu zituen: XVII. menderako finkatua zegoen esklaboen salerosketa eta esklabotza, XX. mendeko lehen erdialdean AEBko hegoaldeko estatuetatik iparraldeko estatu eta hirietara (New Yorkera eta Chicagora, kasu) egondako beltzen migrazio handia, arrazakeria eta segregazioa, beltzen eskubide zibilen aldeko aldarrikapena (Martin Luther King Jr. buru) eta abar. 1963ko abuztuaren 28an Washington-en egindako martxan Luther Kingek “I Have a Dream” (Badut amets bat) hitzaldi enblematikoa eman zuen. Hitzaldiaren zati bat entzungai dago.

“Black Power” izendapenaren pean bil daitezkeen mugimenduak 1960ko hamarkadaren amaieratik 1980eko hamarkadara bitartean beltzen batasunaren alde eta zuriekin nahasketaren aurka agertu ziren. Basquiatek ideia horien alde agertu zen eta agintarien botere-abusua salatu zuen haren lanetan, are poliziaren bortizkeria irudikatu ere, esaterako, Michael Stewart-en heriotza (1983) lanean. Horrez gain, kultur-eta kirol-arloetako beltzen leku gailena nabarmendu zuen; baita pertsonaia horiek goretsi ere, heroi moduan irudikatu baitzituen.