Edukira zuzenean joan

Jean-Michel Basquiat: Bada garaia

hezkuntza-edukia

Grafititik haratago

Jean-Michel Basquiat-en (New York, 1960–1988) erakusketa osatzeko hainbat didaktika-gune taxutu dira Museoan.

Gazte, 27 urte baino ez zituela, zendu zen Basquiat, eta ordura arte gogotik bizi izan zen. New Yorkeko arte-giroan eta goi-mailako gizartean murgildu zen, batez ere, 1980ko hamarkadan, eta hainbat artistekin harreman profesionala eta pertsonala izan zuen, hala nola, Keith Haring-ekin (Pittsburgh, 1928–New York, 1987) eta Andy Warhol-ekin (Reading, Pennsylvania, 1958–New York, 1990). Basquiat jantzia zen: haren lana grafititik haratago doa eta, bere buruaren errealizazioa gauzatzeko tresna bazen ere, afrikar-amerikarren historia gogora ekartzeko eta AEBko gizartearen eta politikaren egoera salatzeko baliabidea ere izan zen. Mihiseen gainazalean margotutako, marraztutako zein idatzitako hainbat kultur erreferentzia eta ikur daude.

Ideia horietan sakontzeko honakoak dituzu: buru mapa bat; testuak, Basquiaten lanen historia- eta arte-testuingurua ematen dutenak; eta zenbait liburu, tartean, erakusketaren katalogoa eta artistarengan eragina izan zuten batzuk (anatomia-, abentura- eta poesia-liburuak). Horrez gain hainbat irudi eta ikus-entzunezko daude hemen, artista protagonista dituztenak. Artistak gogoko zuen musikaren hautaketa bat gozatzeko aukera ere baduzu —musika klasikoa, jazza, rapa, 1980ko hamarkadako arrakastak eta Gray-ren, artistaren taldearen, abestiak—. Halaber aukera izango duzu Basquiaten artegintzan oinarritutako bi jardueretan parte hartzeko: batek argazkigintza eta idazmena gai ditu eta besteak grafitia jorratzen du.