Edukira zuzenean joan

Kandinsky

hezkuntza-edukia

Soinuaren eta pinturaren arteko loturak

XX. mendearen hasieran, aldaketa sakona izan zen musikan. Arnold Schönberg konpositore austriarra izan zen musika arau tradizionaletatik urrunduz sortzeko modu berriak ikertzen aritu ziren guztietatik garrantzitsuenetako bat. Sistema dodekafonikoaren egilea izan zen, eta 1911n lan iraultzaile bat argitaratu zuen: Traité de l’harmonie (Harmoniako tratatua). Horretan atonaltasuna proposatu zuen musika-konposizioaren etorkizun gisa.

Schönbergek eta Kandinskyk margolaria Munichen egon zen azken denboraldian ezagutu zuten elkar. Betiko lagun bihurtu ziren, eta gutun asko bidali zizkioten elkarri; biek zuten gustuko esperimentatzea, baita adierazpide berriak bilatzea ere. Kandinskyren jardunean eragin handia izan zuen musikarekin ikasitakoak eta bizi izandakoak. Artistaren ustez, pinturak musikak bezain abstraktua izan behar zuen, eta behatzailearengan erantzun emozional bat eragin, gai bereizgarri bat irudikatu beharrik gabe.

Entzun al duzu inoiz «sinestesia» hitza? Entzumenari eta ikusmenari dagokienez, sinestesiari esker, koloreak hauteman ditzakete pertsona batzuek musika entzuten duten bitartean, edo, bestela, soinuak entzun ditzakete koloreei begiratzean. Kandinskyri asko interesatzen zitzaion fenomeno hori, eta taula sinestesiko bat ere garatu zuen koloreen eta orkestra bateko instrumentuen arteko korrespondentziak ezartzeko.