Edukira zuzenean joan

Lurraren arteak

katalogoa

SERRALLONGA

Fina Miralles

Izenburua:
SERRALLONGA
Egilea:
Fina Miralles
Erakusketa:
Lurraren arteak
Gaiak:
Emakumea artean | Sinbologia | Paisaia | Bizitza | Ingurunea eta natura | Landareak | Katalunia | Magia | Bakardadea | Maitasuna | Amatasuna | Komunitatea
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Miralles, Fina

 

NATURA, PAISAIA, PERTENENTZIA

Serrallonga mendilerro luze bat da, artadi zahar-zahar- zahar bat, lehorreko lurraldea. Laborea, garagarra, erleak eta ahuntzak.

Natura da bidea, eta Serrallonga nire bizitzan ibili dudan bide honi atea irekitzen dion giltza.

Jaso dudan guztia besteei transmititzeko jaso dut.

Ez da nire eginkizuna, gurea da, guztiona, nire eskua da, norbaitek egin behar zuen, ni gu naiz. Inoren esanetara jarri nintzen, barrena hustu beharra dago inkontziente unibertsala bideratzeko. Jatorrizko garaietatik nire izatearen barreneraino eraman nau naturak, arbasoa ezagutzeko

Nire bizitza eman diot giza komunitateari. Bakardadea, sufrimendua, ezer ez zait astun, ez da nire lana, denona da.

Usaina, argia, zerua, zuhaitzak, urruntasuna, goizetik ilunabarrera, gaua, Esne Bidea, milaka milioi izar, txoriak, beroa udan, landa osoa hormatua neguan. Paisaia poesia da, arimaren hazkurria, benetako bizitza. Begiratzea eta liluratzea da, hain da polita, dena egon behar duen lekuan dagoelako eta gertatzen dena gertatzen delako; begiratu eta eramaten utzi, ez da besterik egin behar.

Serrallongak maiteminduta nauka ikusi nuen lehen unetik. Sei urte nituen, bera ni nintzen eta nik arima eman nion.

Serrallongakoa naiz, basokoa, landakoa, zerukoa, zuhaitzetakoa: belar-izpi txikitik lur barruan ernetzen den haziraino. Artea eta Bizitza bereizezinak.

EMAKUMEEN LURRA

Ametatik alabetara, udazkeneko hazitik udako uztara. Ernamuina lur barruan, ernamuindu. Ama Lurra, halaxe nire ama ere, haren umetokian ernatu zen nire izatea. Ama Lurra, Ama Gizatiarra. Ezin atzendu 1985eko uda hura, nola etorri zinen, Hontza itxura hartuta, guri laguntzeko, nire barruan bizitzeko eta biok bat izateko.

Hontz ezti samur eta maitea, betidanik eta betiko irauten duena. Ama, nigan bizi zara.

Zeruko izpiritua, formak eta hitzak inspiratzen eta diktatzen dizkidan ernamuin hori. Izaki guztiak besarkatzen dituen bizi-arnasa. Bizitzaren lehen arnasa, bizitzaren azken hatsa, guztiontzat. Zuhaitzak, garagarrak, txoriak, izarrak, errekastoak. Bizi-iturri bakar, benetako eta aldaezin hau gara denok elkarturik.

Maite zaitut, Ama, eta betiko zaitut maiteko.

ZUHAITZEKIN BIZI

Hona hemen beste ikaskuntza bat: zaren hori izateari uzteko prest egon behar duzu zuhaitzen parte izateko. Bestelako mundu bat da hori, indibidualismorik gabea, banaketarik gabea. Denok gara basoko bizitza, txoriak, untxiak, satitsuak, sugeak, haritzak, arteak, denok gara Bat.

Zuhaitzekin bizitzeko, utzi egin behar zaio eragina izateari, nahi izateari. Beste guztiak bezalakoa zara eta denak du ordena bat. Sartzeko, zarena izateari utzi behar diozu.

Zuhaitzekin bizitzea mundu magiko batean sartzea da, eta bakarrik egin behar duzu hori, korronte ikusezina sentituz. Ahizpa artea, neba haritza, ni ere zuek bezalakoa naiz, mugitzen den zuhaitza, baina gizaki guztien, arraza guztien sustrai sakonak dituena. Naizena izateari utzi eta zuek izan, arteak, olibondoak eta makalak, Ama beraren seme-alaba maiteak guztiak, basoko Bizitza, zeruaren eta lurraren arteko batasuna.

ARBASOAREKIN TOPO EGITEA

1992an, Carcagny herrixkan bizi nintzen, Normandian. Han, hêtre pourpre bat ezagutu nuen, haren sustraiak nire ohe azpira iristen ziren. Gau batean, amets egin nuen zuhaitzaren barruan bizi nintzela eta haren sustraien barreneraino joan behar nuela, nire izatearen barreneraino, giza arimaren barreneraino heldu ahal izateko, izandako haur garbi hura, arbasoa aurkitu arte.

Hori zen mandatua.

Ondoren, loreak, garbitasuna, arimaren eta jainkozkoaren batasuna, nigan ezagutzeko. Indiako antzinako elezahar batek kontatzen duenez, garai batean gizakiak izaki jainkotiarrak ziren, baina neurri gabe erabili zutenez beren jainkotasun hori, Brahmak, jainko gorenak, hartaz gabetu zituen. Orduan, Brahmak gainerako jainkoak bilarazi zituen, gizakien jainkotasun hura non ezkutatu erabakitzeko. Eta batzuek esan zuten: Lurraren sakon-sakonenean; ez, esan zuen Brahmak, lehenago edo geroago aurkituko baitute; bada, ezkuta dezagun itsasoaren sakonenean; ez, ezta ere, lehenago edo geroago aurkituko baitute. Orduan Brahmak esan zuen: ezkuta dezagun haien baitaren sakonenean; sekula ez zaie otuko han bila aritzea. Serrallongak zuhaitzaren sustraien barreneraino eraman nau, neure baitaren barreneraino, zeina ez baita Maitasuna eta Bizitza baizik.

Denok bat eginda bihotz bakarra gara, Maitasun bakar eta handi bat, Bizitza bakar eta betiereko bat. Eskerrik asko guztioi, bizirik zein hilda egon, zuen laguntza eta konpainiagatik.

 

Cadaqués, 2025eko ekainaren 25a

[Itzulpena: Elaine Fradley, Cesca Castellví Llavina eta Rosetta Testu Zerbitzuak]