Edukira zuzenean joan

Lurraren arteak

katalogoa

LUR-ESNEA

Mar de Dios

Izenburua:
LUR-ESNEA
Egilea:
Mar de Dios
Argitalpena:
Bartzelona / Bilbo: Polígrafa eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
23 x 31,5
Orrialdeak:
246
ISBN:
978-84-343-1504-4
Lege gordailua:
B 58244-2025
Erakusketa:
Lurraren arteak
Gaiak:
Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Lan-prozesua | Materialak | Zeramika | Sinbologia | Natura | Landareak | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Artelan motak:
Eskultura

Proiektu honen oinarrian, mendi buelta bat dago, eta esku lagun bat luzatuta: María Mudarra zeramikariaren eskua da, egun batzuk lehenago ekaitzak botatako zuhaitz bat seinalatzen. Zuhaitzaren sustraiak agerian geratu dira, buztin zurizko zati lehorretan txertatuta. Irrika biziz jaso ditugu zatiok, esku artean dugunaren jakitun.

Egunak eta egunak pasatu ditut gero mailu eta arrabolez ehotzen buztin lehor trinko hori —zati batzuk harria bezain gogorrak dira ia-ia—, bizkarrean hartu eta menditik jaitsi ondoren. Jarduera errepikakor, primitibo eta erritmiko horietan, portaera arraroa izaten du denborak: mantsotu egiten dela dirudi.

Hauts hori urarekin nahasi eta iragazten utzi dut hainbat astez, zeramika-ore fin eta garbi bat lortu arte: engobea delakoa; aurrerago, buztinezko piezetan aplikatuko dut ore hori. Lan mantsoa da hau, pazientzia handia eskatzen duena. Piezak eskuz modelatzen hasiko naiz gero, arreta osoa jartzea eskatzen duen beste prozesu luze batean: oinarri batean jarri eta espiralean biraraziz hazarazten ditut piezak.

Horrela joan zaizkit urteko arratsaldeak, nire estudioko apalak buztinezko familia moduko batekin bete dituen denbora linealeko ilusio bat eraikiz. Bien bitartean, aldi berean, aurkitutako tokiko buztinaren ikerketan sakontzen lagundu dit Maríak. Gauza bat erraietatik bizi dut, gorputzetik bertatik, trantze baterako gonbita balitz bezala: denbora jarraitu bat eskaini behar zaio. Bestea, berriz, modu arrazional batean sentitu dut, adimenetik: kalkuluak eta plangintzak egin behar. Irrikaz bizi izan ditut lehenengo hilabeteak, hilabete astunak: basa-lurra arrotza zait oraindik, eta lehen emaitzak urrun daude nire gogoak proiektatzen duenetik.

Saiakera askoren ondoren, proba-lanak (nire grina zeramika-ore bihurturik mantentzen duten buztinezko esferaerdiak) hobetzen hasten dira pixkanaka, erdietsi nahi dugun emaitza horretara iritsi arte. Akabera trinkoak eta opakuak lortzen ditugu horrela —lortzen eta ospatzen—, hain atsegingarri zaigun urtze-fase horren hasieran bertan eteten ditugunak, labeko bero-kurbadura egoki bati esker. Pigmentuen eta oxido koloratzaileen portzentaje egokiekin jolasean ibiltzeak kolore- eta testura-paleta polita oparitzen digu.

Denbora horretan, termodinamikari buruzko liburu bat irakurri dut: beroa objektu beroetatik objektu hotzetara igarotzea, eta ez alderantziz, halabeharrari zor omen zaio erabat. Dirudienez, gertaera horrek eragin nabarmena du denboraren izaeran berean: berorik ezean iraganaren portaera bera omen du geroak ere. Horiek horrela, denboraren makina bat bezala irudikatzen dut nik orain labea: bertan buztina sartu eta zeramika lortzen dut, ekaia beroaren zoriaren pean jarri eta bere etorkizuna bere iragana ez bezalakoa izatea —eta nire etorkizuna nire iragana ez bezalakoa izatea— ekartzen dioten tenperatura altuen eraginpean egon ondoren.

Ekaitzak botatako zuhaitz baten sustraietan hasi eta eskuen galbahetik pasatu ondoren, denboran eta beroan zehar egindako bidaia gorabeheratsu batean, elkarren ahizpa diren piezen genealogia bat sortu da halako batean. Piezok jatorri bera dute denek, baina bakoitzak bere adierazpidea. Bata bestearen aldamenean jarrita daude orain, zerbaiten zain baleude bezala. Gorputzaren, lurraren, uraren eta suaren artean sortutako lotura baten lekuko dira.

[Itzulpena: Elaine Fradley, Cesca Castellví Llavina eta Rosetta Testu Zerbitzuak]