katalogoa
BATZEN DUTEN EHUNAK, SENDATZEN DUTEN EHUNAK
Andrei Fernández
- Izenburua:
- BATZEN DUTEN EHUNAK, SENDATZEN DUTEN EHUNAK
- Egilea:
- Andrei Fernández
- Argitalpena:
- Bartzelona / Bilbo: Polígrafa eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
- Neurriak:
- 23 x 31,5
- Orrialdeak:
- 246
- ISBN:
- 978-84-343-1504-4
- Lege gordailua:
- B 58244-2025
- Erakusketa:
- Lurraren arteak
- Gaiak:
- Artisautza | Emakumea artean | Artea eta gizartea | Artistak | Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Lan-prozesua | Sinbologia | Ehungintza | Espiritualtasuna | Ekologia | Nekazaritza ekologikoa | Jasangarritasuna | Landareak | Latinoamerika | Argentina | Giza eskubideak | Komunitatea
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Aipatutako artistak:
- Alarcón, Claudia
Emakumeek irudiak sortzeko hariak elkarlotzen dituztenean, oroimenak eta irudimenak eraikitzen, berreraikitzen eta orbaintzen dituzte, arnasa luzeko jarraitutasun baten parte gisa. Demostenes Toribioren arabera1, wichi hizkuntzan, etengabeko ekintza bat da ehuntzeko ekintza. Tayhin aditzak ehundu esan nahi du, baina beste adiera hauek ere baditu: eraiki, berreraiki, orbaindu.
Chaguar landarearen zuntzekin ehuna egiteko —Chaco Handiko herriek ehun hori baliatu dute, betidanik, arrantzarako sareak eta poltsak egiteko—, lehenik eta behin mendian barneratu2, eta landarearen bila joan beharra dago. Chaguar landarea bromelia bat da: zuhaitzen arteko argi-ilunetan hazten da, eta kontu handiz moztu behar da, hostoen ertzeko arantzekin minik hartu nahi ez bada. Zuhaitz-adar batez inprobisatutako lantza batekin eta bidea irekitzeko ere balio duen aihotz batekin, hostoak bildu, zuritu eta zartakatu egin behar dira gero, zuntzak biguntzeko. Behin zuntzak busti eta lehortuta, esku erraustatu batek firurika bihurritzen ditu izter gainean, eta horrela sortuz den hariari eusten dio beste eskuak, bihotz parean jarrita. Hariak sustrai, azal, hosto eta haziekin tindatzen dira gero, mendiaren koloreekin. Ondoren, haria tenkatzen da, bi euskarriren artean jarrita: lurrean finkatutako bi hagaxkaren edo aulki baten bizkarraldeko euskarrien artean. Zer zabalera eman nahi zaion oihalari, halakoxe tartea utzi behar da hagaxken artean. Oihala airean eskegita ehuntzen da, orratz baten laguntzaz. Hariarekin begiak marrazten dituen keinu arin, koreografiatu eta jarraitua da funtsezkoena. Horrela deitzen zaie ehunaren zulo horiei, begiak, oihala zabaltzeko aukera ematen dutelako. Izan ere, begiak ireki egin daitezke.
Gaur egun Argentina denaren iparraldean, Paraguai eta Boliviarekiko muga porotsuek bat egiten duten inguru horretan, kondairak dio emakumeak zerutik etorriak direla, izar izan zirela emakume izan aurretik, eta chaguarrezko hari baten laguntzaz jaitsi zirela ortzitik lurrera. Chaguar landarea emakumeak beste mundu batekin lotzen dituen zilbor-hestea da, beraz. Eman dezakeen guztia dela eta, har ditzakeen forma guztiak direla-eta, eta bere moldakortasuna dela-eta, chaguarra maisu da eta sostengu.
Claudia Alarcón wichi herriko kidea da, Pilcomayo ibaiaren ondoan jaio eta hazitakoa. Bere herriko beste emakume guztiak bezala, hilekoa izaten hasi zenean ekin zion ehuntzen ikasteari. 2015. urtean, gizarte-ekonomiari buruzko tailerrak ematen hasi ziren eskualdean, Argentinako Estatuaren ekimenez, lurraldea berrantolatzeko prozesu baten barruan, emakumeek beren eskubideen defentsan egindako borroka luze baten ondoren. Tailer horietan parte hartuz, Claudia berehala jabetu zen, beste emakume batzuk bezala, zein zen bertako ehungintza babesteko bultzatu beharreko berrikuntza: antolamendua. Hala sortu zen, 2017an, ehuleen elkarte bat, zeina bertatik hasi baitzen leku berri bat bilatzen herriak antzinatik egiten zituen poltsa mezudun eta memoriadun horientzat (bertakoen hizkuntzan hilulis deituak); izan ere, eskualde horretako komunitateen diru-sarrera bakanetako bat ziren poltsa horiek. Gaur egun, ehun bat emakumez osatutako erakunde baten buru da Claudia. Erakundeak Silät du izena; wichi hizkuntzan, mezu edo iragarki esan nahi du.
“Chaguarrari buruz dudan lehen oroitzapena nire amona landarea txikitzen ari zenekoa da. Ekarri berria zuten menditik. Hantxe zeuden nire izeba guztiak ere, hosto luze haiek zuritzen, haiei arantzak kentzen, gero haria egiteko erabiliko zuten mamia ateratzen. Familiako emakumeek haurra nintzenetik esaten zidaten chaguarra lantzen ikasi behar nuela, handitan jakintza hori alabei eta bilobei transmititzeko; nolakoak diren gero gure amona zaharrak... beti geroaz hitz egiten”, esan zigun Claudiak elkarrizketa batean, 2024ko Veneziako Bienalera gonbidatu zutelarik. Izan ere, 2022. urtetik artista gisa aurkezten du Claudiak bere burua; hilulisak egiteko teknika zahar bera erabiliz sortzen ditu bere ehun-lanak, baina bandera itxura emanda orain. “Beti entzun dut esaten emakumeok chaguar landarearen hari batetik zintzilik jaitsi ginela zerutik. Ez nuen, ordea, berehala ulertu horren esanahia, emakumeok emakume baino lehen izarrak izan ginelako kontu hori. Ni, orain, ehungintzaren bidez ari naiz kondaira hori berpizten saiatzen. Kendu ziguten distira horrekin aritzen naiz ehuntzen”3.
Claudia Alarcónek hemen aurkezten dituen ehunak pertenentzia-adierazpen bat dira. Mendiko landareekin eginak dira: hainbat garai zeharkatu dituzten jarraitutasun-ehunak dira, gaur egun oihu-ehun bihurtuak beren hazkuntzan. Gizarte ekonomiako azoketan, diseinu-dendetan eta, orain, arte-instituzioetan ibilitakoak dira. Beti dira galderak eta mezuak, zabaltzen denaren aztarna, baita sendatzen eta orbaintzen duenaren aztarna ere. Ehun batek hainbat modutara habita dezake mundua. Erabiltzeko eta aurkezteko moduaren arabera aldatzen da, baina desagertu nahi ez duen horri buruzko galdera bat irudikatzen du beti. Ehuntzeko ekintzak arreta handia eskatzen du, tresna eta oroimen gisa irauteko gai izango den zerbait hauskorra eta aldi berean egonkorra eraikitzeko. Sostengua, iraupena, oroimena eta sendabidea da ehuna.
Unión Textiles Semillas (UTS, Ehunak Haziak Batasuna) proiektuak Argentinako ipar-mendebaldeko ehuleak, artistak eta ekintzaileak biltzen ditu bere baitan, munduko beste hainbat lekutako pertsonekin batera bat eginda. Ereite-ziklo bakoitzaren hasieran haziak trukatzeko egiten diren azoken dinamikak ditu gidari. Topaketa ibiltariak antolatzen ditu hainbat taldetako erreferenteen artean. Topaketa horietan, erakusketak, azokak eta tailerrak antolatzen dira, jakintzak partekatzeko eta lan kolektiboak sortzeko.
UTS proiektua artisau-ehungintzaren inguruan zabaldu da. Ehuntzearen koreografiek hainbat ezagupen biltzen dituzte, eta ezagupenok haziak bezala truka daitezke, han-hemen erna daitezke, eta ehule bakoitzaren, komunitate bakoitzaren eta geografia bakoitzaren berezitasunen araberako ezaugarriak har ditzakete. Pertsonen ondoan bizi den guztiarekiko loturetatik datozen ezagupenak dira horiek, hatz-mamietan gordeta dauden ezagupenak, ezagutzen denaz eta gogoratzen denaz blaituta dauden pertzepzio sentsorialak.
Ibilian-ibilian hazten da UTS, elkarrengana joate horretan, elkarrekin egote horretan. Zuhaitz baten azpian elkarturik, errondan, mendian gora, ibai baten ondoan, suaren aurrean, harriz inguratuta, animalia ahaideekin batera, pausuan. Elkarrekin bizitzea, elkar ezagutzea, hori da elkar zaintzeko dugun modua.
“Ehunak orainaz mintzo zaizkit, haiei bizia ematen diegunok hemen gaudelako oraindik”.
Celeste Valero, Tejedores Andinos
[Andeetako Ehuleak] taldeko burua
UTS proiektua arte-ardurako proiektu gisa sortu zen, elkarren zaintzan oinarritutako etengabeko hazkunde-prozesu bati lotuta. Ekimen hau gauzatzeko beharrezko lur emankorra Berlingo Humboldt Forumeko 99 Questions programak eta Argentinako ipar-mendebaldeko emakume antolatuek jarri zuten.
99 Questions programa ikerketa artistikorako gune bat da, non arte-arduraren helburua ez baita ordenatzea, laguntasuna ematea baizik. Mugimenduan dagoen praktika bat da, erakundeen ohiko jardueretatik, mendebaldeko agintaritzatik eta museoa baliozkotze-toki gisa aurkezten duen ideiatik aldentzen dena. Izan ere, laguntasuna ematea ez da beha egotea, gauzek hunki gaitzaten uztea baizik. Laguntasuna ematea ez da gauzak kanpotik diseinatzea, prozesuaren arnasketan sartzea baizik.
María Lugonesek gogorarazten digu4 erromesaldia aspaldiko praktika bat dela, elkarrekin bat egiteko eta espazio bati denbora eskaintzeko multzoak osatzen dituena. Mugitzeko, eraldatzeko eta sendatzeko modu bat dela. Irteera ireki bat da, aldatzeko, atzean utzi beharrekoa uzteko edo (bir)konektatzeko, eta espazioan, denboran, oroitzapenetan eta pentsamenduetan noraezean ibiltzeko. Izan ere, zentzu bila haztamuka ibiltzen hasten garenetik ari gara mugitzen.
2023. urtearen hasieran erromes ibili ginen gu ere —Andrei Fernández eta Alejandra Mizrahi—, kolektibo, kooperatiba edo emakume-elkarte gisa ibilbide luzea egina duten ehule taldeak bizi diren komunitateetan zehar. Egun batzuetarako elkarrekin bizitzea proposatu genien, Amalur edo Pachamama Egunaren bezperan, ehuleek Amaicha del Valle komunitatean urtero egiten duten topaketa batean. Hainbat taldetako hamabi ordezkari iritsi ziren bertaraino, baita ekimen horretan laguntzeko interesa zuten zenbait lagun ere, gerora “ereile” izendatu genituenak. Gure istorioak elkarri kontatu eta ehunak eskuz esku pasatu ondoren, Batasuna sortzea erabaki genuen batzarrean.
“Lehen-lehenik, geure burua ezagutu behar dugu, ondoren sendatu eta barkatu, gure barnea, gure izatea zeharkatzen duen guztia barkatzeko, maitatzeko. Hortik abiatzen banaiz, eta kontzientzia berri batekin, orduan nire liburua idatz dezaket. Korapiloak imajinatu, korapilo gehiago, baina banantzen ez direnak, hari gidari bat dutenak.”
Margarita Ramírez, Tinku Kamayu taldearen sortzailea5
Elkar hazten laguntzeko praktiketan oinarri hartuta, ertzetan eta ertzetatik lan egiten dugu. Hondar artean eta hondarretatik, aztarna artean eta aztarnetatik, zati artean eta zatietatik, kontaktu modu berriak eragiteko, elkarrizketa-politika berriak sortzeko. Izan ere, mundu desberdinak batzeak aukera ematen digu gure indar irudimentsuak arakatzeko, eraldaketarako bideak harilkatzeko. UTS proiektuan, jardutea, ehuntzea, hurbiltzea, korapilatzea, tenkatzea da sostengua ematen duena. Ekintza bera da egitura, elkar topatzea. Elkarrekin egotea praktikatzea da kontua; horretan jartzen da jokoan arte-ardura, presentzia gisa, lagun egitearen tentsio geldoan. Lotzen ez duten baina eusten eta hari-muturrak aske uzten dituzten harien zaintzan.
Horrela birkonfiguratzen dugu guk arte-ardurari buruzko ulermena. Ez autoretza leku batetik, porositatetik baizik. Zuzentzen saiatu ordez egoten ikasten saiatzen den arte-ardura bat entseatzen dugu. Ezer eduki beharrik gabe, ezertaz jabetu beharrik gabe. Ezer ukan gabe ere sostengua ematen ikasteko.
“Emakume guztiak gara, esan ohi dugun bezala: lorea eta loreak gara... zeinek, loreek ohi dutenez, petaloak baitituzte. Menturaz petalo bat naiz ni, nire laguna beste petalo bat, eta, tira, horregatik gara lore bat, bat bakarra”.
María Mamani, Flor en Piedra taldekoa
Argentinako ipar-mendebaldeko ia 300 emakume biltzen ditu egun UTS proiektuak. Talde hauek ditu partaide: Achalay Tejidos, Cooperativa La Pachamama, Flor de Altea, Flor en Piedra, Tejedores Andinos, Tejedoras de Quilmes, Teleras de Atamisqui, Teleras de Huilla Catina, Tinku Kamayu, Randeras de El Cercado, Silät, Warmipura, eta ikerketa- eta komunikazio-lanak egiten dituen ereile talde bat, Sembradoras delakoa. Talde bakoitzak, zeinek bere tokitik, ikasketa kolektibo eta kulturartekoetan oinarritutako praktika berriak proposatzen ditu. Denok bat eginik, loturazko lurralde bat ehuntzen dugu, elkarrizketan jartzen diren eta mugen arteko bidegurutze horretan lurralde berriak sortzen dituzten mundu eta kulturen hurbilketatik abiatuta.
UTS proiektuaren zeregin nagusia han-hemengo ehule-taldeen buruen artean topaketak antolatzea da. Topaketa horietan, tailerrak, azokak, batzarrak eta instalazio artistikoen entseguak egiten ditugu —non ikusgai jartzen baititugu ehunak, bideoak, testuak—, eta gure memoriak eta ezagutzak aurkezteko eta kontatzeko moduak komunikatzeko eta esperimentatzeko gailuak prestatzen.
“Pieza bat egiten ari ginela ohartu gara ezinbestekoa zitzaigula etxeetatik irtetea, auzokoarekin elkartzea, solasean jardutea, gure gauzak elkarri kontatzea, agian guk besteaz ez genekizkienak eta besteak gutaz ez zekizkienak elkarri entzutea. Elkarren egoeraren, bizitzaren berri ematea, besteak zer nahi edo zer espero zuen jakitea. Eta horrela bururatzen joan zitzaigun pieza hau nola egin. Nik inoiz ez dut horrelakorik egiteko asmorik izan, inoiz ez zait burutik pasatu hain pieza handia egin genezakeenik elkarrekin”.
Silvina Herrera, Warmipura taldekoa
Sendatzen duen goraldia (La crecida que sana) hau elkarrekikotasunetik eta entzuketatik sorturiko obra bat da. Urrats bakoitzak —landaretik harira, tindaketatik ehunera— keinu zehatz keinu espezifiko ugari biltzen ditu bere baitan. Keinu horiek bata bestearekin elkartzean, guztien batura baino zerbait handiagoa sortzen da; hazi eta zabaldu ahala gorputzak eta pentsamenduak biltzen dituzten irudiak dira.
2023 eta 2024 bitartean, Goraldia (La crecida) izena jarri genion obra-multzo bat prestatu genuen. Gure lehen bidaia-erromesaldian, hainbat lurraldetako komunitateen arteko topaketetan, eta mezu asko trukatu ondoren, lehen muntaketa handi bat proposatu genuen. Berlinen aurkeztu genuen, Humboldt Forum museoan6, Alina Bardaviden ikus-entzunezko pieza batzuekin batera. Erakusketan, baziren parte hartzeko bi gune ireki ere, ikusleek ehungintza-teknikak ikasteko eta ehule-autoreekin batera lan egiteko aukera izan zezaten. 2025ean, Goraldiak aurrera jarraitu du bere eraldaketa-prozesuan: beste konfigurazio bat hartu du, eta, mugimenduan dagoen paisaia eta eredu gisa, elkarrekin lotu ditu ehunak ereiten dituzten taldeen materialak, keinuak eta teknikak. Ehuleek tokian tokiko sendabelarrekin duten loturatik sortua da oraingo bertsio hau.
Sendatzen duen goraldia lanaren oihalak ehuleak bizi diren ingurune naturalen zati bat dira. Gorputzak sendatzen dituzten landareen koloreaz margotuta daude hariak. Jaio diren lurraldeen aniztasuna biltzen dute. Ande garaietako haranetako brodatzaileek loreak imajinatzen dituzte Quebrada de Humahuaca ibar menditsuan llama-zuntzez bilbatutako ehunezko panpa batean. Chaco Handia mendian eskuz bildu eta irundako chaguarrezko hariak7 sare bilakatzen dira lautada hezean, azukre-kanaberen artean. Mikuna-sustraiek8, arabarba- eta eukalipto-hostoek oihal bigun bat osatzen dute, tradizionalki zaldi gainean ibiltzeko erabili izan dena. Valles Calchaquíesko (Tucumán, Catamarca) ehuleek jarilla eta pichana zuhaixken hostoak, tipula- eta intxaur-azalak, algarrobo-azalak, mate belarra eta erretxinak erabiltzen dituzte eguneroko lagun dituzten ardien ilea tindatzeko.
Zabalkuntza sendagarri honetan, taldeetako bakoitzak hartu zuen bere gain egitura horretan —artisau-egitura horretan— batzen eta tenkatzen diren ehunen zati bat sortzeko adura. Instalazio honek ez dauka objekturik ikusgai: ehunetan, gorputzetan eta lurrean gauzatutako denbora bat proposatzen du. Ez du irudikatzen, habitatzen baizik. UTS proiektuak, hariei eusteaz gain, sustraiak lantzen ditu. Berriro loratzen gara topaketa bakoitzean, keinu partekatu horietako bakoitzean.
Andrei Fernándezekin batera aritu dira Alejandra Mizrahi, María Gabriela Cisterna eta Michael Dieminger
[Itzulpena: Elaine Fradley, Cesca Castellví Llavina eta Rosetta Testu Zerbitzuak]
Oharrak
- Wichi herriaren komunikatzailea, Wichi Lhämtes Hizkuntzaren Kontseiluko kidea. Justiziarako sarbidea izaten laguntzeko itzultzaile eta interpretea (wichi-espainiera), eta Silät kolektiboaren kolaboratzailea.
- Wichi herriak dio mendian eta mendiarekin bizi dela. Wichi hizkuntzan, táhñin esaten zaio mendiari. Argentinan, mendi hitzak dimentsio politikoa dauka, lurraldearen defentsari lotua, XX. mendeko nekazaritzaren negozioaren aurrerapenaren eta iraultza-guneen eszenatokiaren aurrean.
- Claudia Alarcón: “Somos parte del monte”, hemen: Praxis Journal (2024): https://thepraxisjournal.com/claudia-alarcon-somos-parte-del-monte/
- María Lugones, Peregrinajes. Teorizar una coalición contra múltiples opresiones, Ediciones del signo, Buenos Aires. 2021.
- Margarita Ramírez, Crecemos porque nos juntamos, Metaninfasek argitaratua 99 Questions programaren barruan, 2024. Artea eta pentsamendu garaikidea uztartzen dituen erakunde bat da Metaninfas.
- Ekimen honen baitan: 99 Questions Gathering: On the Poetics of Loose Ends, 2024.
- Bromelia hieronymi, Argentinako iparraldean chaguar izenez ezaguna, Bromeliaceae familiako landare bat da, ehungintzan oso erabilia, bere zuntzagatik. Hainbat espezie daude, baina Gran Chaco (Argentina, Bolivia, Paraguai) eskualdeko zati erdi idorretan bizi dira guztiak.
- Berberis mikuna Argentinako ipar-mendebaldean hazten den espezie natibo bat da. Landarearen zura Tafí del Valle (Tucumán) inguruko artileak tindatzeko erabiltzen da, kolonizazio aurretik hasi eta gaur egunera arte.