Edukira zuzenean joan

Lurraren arteak

katalogoa

ZULOAK (LOHIA), 2025

David Bestué

Izenburua:
ZULOAK (LOHIA), 2025
Egilea:
David Bestué
Argitalpena:
Bartzelona / Bilbo: Polígrafa eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2025
Neurriak:
23 x 31,5
Orrialdeak:
246
ISBN:
978-84-343-1504-4
Lege gordailua:
B 58244-2025
Erakusketa:
Lurraren arteak
Gaiak:
Eragin artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Materialak | Guggenheim Bilbao Museoa | Ingurunea eta natura | Bilbo
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Bestué, David

Ibarreko Zubitik —San Anton azokaren ondoan dagoen oinezkoentzako pasabidetik— igarotzen naizen bakoitzean, itsasadarraren ur-mailari erreparatzen diot. Atsegin dut uraren gorabehera hori: ordu jakin batean ibilguak gainezka egin behar duela ematen du, eta geroago ia lehor agertzen da, bazter batean trinko pilatutako harri-koskorrak eta lohiaren azpian jada bereizezin diren objektuen zatiak bistan utzita.

Ertzetik begiratuta, arrainak ikusten dira han eta hemen, itsasadar zikinaren fama hori gezurtatuz. Saneamendu-planekin, etxeetako eta industrietako isuriak amaitu ziren, eta jada ez da sumatzen orain dela urte batzuk beti aipatzen zen kirats hura, ez ikusten ere olio- edo brea-orbanik. 1904. urtean draga-ontziek itsasadarraren bokaletik atera eta orain Arkeologia Museoan gordetzen diren txanpon erromatarrei erreparatuz gero, esan liteke hiri honen memoria gordin, nahasi eta lohitsua dela itsasadarraren hondoa. Lehen begi-kolpean, urlasterrak berekin daramatzan zuhaitz-adarrak baino ez dira ikusten, eta bazterretik gertu, esan dudan bezala, lirdingak erdi ezkutatutako objektuen silueta, bizikleta baten gurpilaren erradioak. Azken urteetako hemerotekari begiratu bat ematea aski da, ordea, han denetarik azaleratu dela jakiteko: kanoi-bolak, antzinako zubietako harlanduak, hondoratutako gabarrak, amiantozko xaflak, Labe Garaietako habeak, are uretara eroritako autoak ere.

Guggenheim museoaren eraikinaren pareko tartean, atsegin dut itsasadarrak Bilborentzat duen ezaugarri misteriotsu samar eta aldi berean hain presente horren inguruan gogoeta egitea. Itsasora bidean doan urezko mihi berdexka ilun horrek dardarka jarri izan du batzuetan hiria, gorpuak ur gainean flotatzen agertzen direnean. Atsegin dut ikustea, bai, museoaren gainazala —hiriaren benetako irudi eta ikono ezagunena den eraikinaren gainazala— bere ifrentzuan islatuta, erakutsi baino gehiago ezkutatu egiten duen lohizko ohantze horretan islatuta, alegia (uretara erortzean, objektuen silueta hautsi egiten da, eta haien atalak lokabetu, laxatu, askatu eta desegin).

Zuloak (lohia) hau itsasadarretik ateratako material horrekin osatu da, hain zuzen ere, eta, orain, Museoaren barruan ikusgai egongo da hilabete batzuetan. Ez dakit zerez osatuta dagoen, ezta masa gris itxuraz homogeneo horrek zer ezkutatzen duen ere. Masari forma emateko, metalezko molde bat erabili dut, honen aurretik beste bitan bakarrik erabili dudana: 2022. urtean La Paneran (Lleida), Pastoral izeneko erakusketan, eta hurrengo urtean Altzuzan, Jorge Oteiza Fundazio Museoaren Azaleratu erakusketaren aurkezpenean. Lehenengoan, Lleidako paisaiaren elementu batzuk —sagarrak, altzifrea, txalupa, sakaneko lurra— positibatzeko erabili nuen moldea; Jorge Oteiza Fundazio Museoan, bestelako materialak erabili nituen: koipea eta hezurra. Gustuko dut bere forma errepikatzen duen obra bat planteatzea, baina osagai dituen materialak erakusketa-lekuaren arabera aldatuz betiere.

[Itzulpena: Elaine Fradley, Cesca Castellví Llavina eta Rosetta Testu Zerbitzuak]